Otaegik laugarren eta Irazuk ezin, Urrezko Kopan

Ataria 2016ko abuztuaren 16a

Urrezko Kopa atzo jokatu zen Donostiako Trinitate plazan, eta Aitzol Atutxak lortu zuen garaipena. Joseba Otaegik laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta Jon Irazu zizurkildar herrikideak bizkarreko mina dela eta, utzi egin zuen proba.

Euskal Herriko Lehen Mailako iazko txapelketako bost aizkolari onenek neurtu zituzten indarrak: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Joseba Otaegi eta Jon Irazu.

Aizkolari bakoitzak 14 kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta Aitzol Atutxa egungo Euskal Herriko txapelduna izan zen lehena bere lanak amaitzen. 34 minutu eta 8 segundo behar izan zituen horretarako, eta erraz gailendu zen. Ez zuen hutsik egin eta bi minututik gorako aldea atera zion arriarandarrari. Iñaki Azurmendik 36 minutu eta 21 segundotan gelditu zuen bere denbora. Mikel Larrañagak, berriz, 39,52ko denbora egin zuen hirugarren sailkatuz.

Atzetik ziren bi zizurkildarrak. Amaieran Otaegik aurrea hartu zion Irazuri, eta 14 kanaerdikoak 46 minutu eta 15 segundotan ebaki zituen. Irazuk, gerriko minak jota eta bi enborren faltan, proba uztea erabaki zuen.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!