«Denbora gutxian ahalik eta gehien jotzera ohituta geunden»

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 21a, 11:50

Kristina Solanorekin batera hasi ziren soinu eta panderoarekin eta inguruko trikiti txapelketa guztietan parte hartu zuten; Orain Kepa Junkerarekin aritzen dira eta bere azken lanean, 'Maletak' izenekoan, ahotsa jarri dute.

Zazpi dira Kepa Junkerarekin ibiltzen diren sorginak. Horietako bi, Maria Lasa (Zizurkil, 1997) eta Garazi Otaegi (Asteasu, 1998) eskualdekoak ditugu. Washingtongo Folklife jaialditik itzuli berritan eta hurrengo kontzertua emateko zain direla erantzun diete, biek, TOLOSALDEKO ATARIAk egindako galderei.

Nola hasi zineten trikiti munduan?

Maria Lasa: Nire ahizpak trikitia jotzen zuen txikitan, zortzi urterekin hasi zen. Niri betidanik gustatu izan zait eta ikasi nahi nuela erabaki nuen, berari ikusita. Bospasei urterekin pandero bat oparitu zidaten eta horrekin ikasten hasi nintzen. Gero, zazpi urte nituela-edo soinuarekin serio hasi nintzen.

Garazi Otaegi: Biak berdintsu hasi ginen. Nire ahizpak ere jotzen zuen eta nik ere panderoa jo nahi nuela esaten nuen txikitan. Taldean apuntatu ginen Kristina Solanoren eskolan, Villabonan. Zazpi lagun hasi ginen eta maila hartu nuenean, trikitia jotzen zuen neska bat bazuela esan zidan Kristinak eta txapelketetan elkarrekin ateratzeko proposamena egin zigun.

Txapelketetan elkarrekin ateratzen hasi zineten. Zer nolako esperientzia izan da?

M.L. Niri egia esan, pertsonalki asko lagundu dit. Teknika aldetik hobetzeko aukera ematen dit eta bikotearekin konplizitatea edukitzeko balio izan digu. Sentsazio onak izan ditut beti.

G.O. Txapelketa batek entsegu asko eskatzen ditu eta horri eskerrak harremana hobetu egin da gu bion artean. Jende aurrean jotzen ikasteko laguntzen du txapelketak. Kalejira batean, beste askoren artean zoaz, baina txapelketa batean bakarrik egoten zara oholtza gainean eta epaimahai baten aurrean.

Gaur egun, bikoteak edo taldeak. Zer dago modan?

G.O. Bikote bati bateria bat jarri eta taldea osatzen da, maiz. Baina hainbeste talde daude gaur egun, ez dela bakar bat nabarmentzen.

M.L. Talde horiek kanta propioak ere ez dituzte sortzen eta bertsioak egiten dituzte gehienbat. Ni aritu izan naiz talde batean, eta esperientzia ona da, baina jende asko dabilenean zaila da proiektu bat aurrera eramatea.

G.O. Pandero jole eta trikitilari bikoteak aukera asko ematen ditu. Oso moldagarria da. Kalean jo dezakezu kalejira bat, edo ezkontza batean jo dezakezu, edo gau batean erromeri batean. Moldatzen jakin behar da.

Nola sortu zitzaizuen aukera Kepa Junkerarekin batera aritzeko?

M.L. Mezu bidez iritsi zitzaigun berria. Kepa panderoa jotzen eta dantzan zekiten nesken bila zebilela esan ziguten eta idaztera animatu ginen.

G.O. Moldatzea eskatzen zitzaigun. Erritmo pixka bat edukitzea. Ni aurretik ibiltzen nintzen dantzan. Duela gutxi utzi dut Oinkari.

M.L. Ni ez naiz orain arte dantza taldeetan ibili. Hala ere, batzuk dantza gehiago egiten dute eta besteok, adibidez, perkusioan jarduten dugu gehiago. Zazpi gara eta denen artean moldatzen gara. Gurekin batera, Arrasateko hiru neska daude, Zarauzko bat eta Debako beste bat.

Zergatik eta zertarako osatu zuen Kepa Junkerak Sorginak taldea?

G.O. Berak esan zigun, trikitiaren historiaren bilduma bat egin nahi zuela. Kepak bere jotzeko modua du eta oso berezia da. Baina jotzeko modu hori nondik datorkion ikertu nahi zuen. Aurreko zaharrei eskaini nahi zien lana; haiek jotako piezak jotzen ditugu, Kepak berak moldatuta.

M.L. Laja, Epelde, Iturbide, Landakanda, Maurizia, Primi Erostarbe.... guzti horiek gogoratu zituen Kepak lehen disko-liburu horretan: Trikitixaren historia txiki bat. Joxean Agirreren testuak, artxiboko irudiak eta testigantzak tartekatzen dira. Gainera, diskorako Landakandak, Lajak eta Iturbidek parte hartu zuten, adibidez. Eta giro horretako jendearekin aritzea guretzako ohore bat izan da.

Nolakoa da Kepa Junkera artista bezala?

M.L. Niri dezente eman dit. Trikitia eta panderoa jotzeko ideia bat neukan eta burua irekitzea eragin dit. Gainera instrumentu ezberdinak probatzeko aukera izan dugu.

G.O. Txapelketetan guk ahalik eta bariatuena eta ahalik eta gauza zailenak egiten saiatzen gara. Jo eta jo. Denbora gutxian, gauza ahalik eta gehien sartzen saiatzen gara. Horixe izan da gure mentalitatea. Kepak alderantzizkoa eskatu zigun, alegia, ahalik eta sinpleena egitea. Niri hasieran kosta egin zitzaidan oinarrizkoena egitea. Zazpiak elkarrekin joatea, erritmo berdinean, ez da erraza izaten. Pozgarriena egiten zaidana gure arteko giroa da. Aurretik txapelketetatik elkar ezagutzen genuen eta lehiakideak ginen baina orain, ahizpak bagina bezala da. Konfiantza asko dugu eta hori oholtza gainean sumatu egiten da. Komunikazioa dago, begirada bat nahikoa izaten da zerbait adierazteko.

M.L. Kepak inprobisatzeko joera handia du. Inoiz ez du kantu bat berdin jotzen. Bere zain egoten saiatzen gara eta hori ona da guretzako beti tentsioan gaudelako. Berak noiz geratu behar duen ez badakigu, elkarri begiratu eta guk erabakitzen dugu noiz isildu perkusioa. Gure kabuz aritzen uzten digu, gure gisara.

Orain 'Maletak' lanean parte hartu duzue.

M.L. Berak sortu ditu kantu guztiak eta guk Garate estudioetan lagundu dugu grabazioetan. Ahotsak eta irrintziak grabatu ditugu berak aurrez prestatutako musikaren gainetik.

Munduan zehar bidaiatzeko aukera izan duzue Sorginak proiektuari esker.

M.L. Bai hala da. Baina ez dugu denbora asko izaten turismoa egiteko. Gauzak ikusteko aukera gutxi izaten dugu. Iritsi, kontzertua eskaini eta hurrengo egunean alde egiten dugu, normalean.

G.O. Orain bederatzi gara. Gehitzen joan dira sorginak, izan ere, denen prestutasuna ez da berdina eta margen hori badugu. Kontzertuaren arabera, sorgin gutxiagorekin moldatzen da Kepa. Zazpiak elkarrekin okasio gutxitan egoten gara. Alde ona du horrek, kontzertu berdinak moldatu daitezkeelako sorgin gehiago edo gutxiagorekin. Guretzako ere erronka bat da, ez dakigulako zeinekin jo behar dugun eta zer egin behar dugun zehazki. Kanta berdina, modu ezberdinetara eskaintzen ikasten dugu.

Esperientzia aberasgarria da zuentzat?

G.O. Asko ikasten ari gara eta pertsonalki asko ematen digu aukera honek. Herri txikietan jotzetik Washingtonen, Capitolio aurrean jotzera alde handia dago. Sinestea kosta egiten da.

M.L. Nik uste esperientzia hau ez dugula berriz edukiko eta orain aprobetxatu behar dugula. Momentua hau da. Nik aurrena karrera bukatuko dut eta gero auskalo. Badakit trikitia eta panderoa jotzen jarraituko dudala. Ea honek zenbateraino irauten duen eta gero ikusiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!