«Mundu mailako prestatzaile onenekin egotea pozgarria da»

Asier Imaz 2016ko uzt. 20a, 11:42

Munduan zortzi prestatzaile aukeratu ditu UCIk (Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa). Horietako bat euskalduna da, Ander Altuna (Zizurkil, 1992).

Txirrindularitzan agintzen duen elkargoarentzat hilabetez lanean ariko da zizurkildarra ondorengo hilabetean.

Hilabeterako Suitzara joango zara, UCIrekin lan egitera.
Bertan 18 txirrindulari daude. Urte osoa entrenatzen aritu dira bi prestatzailerekin. Munduko Txapelketa urrian izango da, eta horri begira, zortzi prestatzaile gehiago hartu ditu UCIk. Mundu guztiko prestatzaileak joango gara.

Eta mundu mailako prestatzaile horien artean, zu zaude. Nolatan?
Urtarrilean curriculuma bidaltzeko aukera izan nuen Mallorcako lagun baten bitartez. Egia esan ez nuen inolako esperantzarik. Lagun horrek hitz egin du batekin eta bestearekin, eta hautatuen artean sartu naiz.

Nongo txirrindulariak dira bertan daudenak?
Uruguai, Paraguai, India, Japonia,… Hego Amerika, Hego Afrika eta Asia aldeko txirrindulariak dira. Beraien lurraldeetan ez daukate nahikoa baliabide goreneko mailan aritzeko, eta orduan, UCIk uzten die Suitzan duen egoitzan entrenatzen. Berez, mundu mailako prestatzaile onenekin.

Dohan (Quatar) jokatuko den Munduko Txapelketara joango al zara?
Printzipioz ez, baina badaukat esperantza. Lagun horri esker Koreatik ere deitu ninduten, bertako selekzioarekin joateko. Baina Suitzako aukera atera zenez, baztertu egin behar izan nuen. Hori bukatzean ikusiko da zer etortzen den.

Nola iritsi zara puntu honetaraino?
Prestatzaile fisiko izateko ikasketetako lehen bi urteak Madrilen egin nituen. Hirugarrengoan Italiara joan nintzen, Erasmusera. Laugarrengoan etxera bueltatzea erabaki nuen. Lanean hasteko gogoa neukan, ikasitakoa praktikan jartzekoa. Tolosako Teknifikazio Zentroan hasi nintzen Oriako Txirrindulari Eskolako txirrindulariekin, eta gero, Oriora joan nintzen, bertan ireki berri duten Teknifikazio Zentrora. Txirrindularia izana naiz, eta garai haietan egindako kontaktuek ere asko lagundu didate.

Zein da txirrindularien prestatzaile fisiko baten lana?
Txirrindulari bakoitzarekin egoten naiz denboraldia hasi aurretik. Bakoitzak dituen helburuak eta baliabideak aztertzen ditugu. Kadete eta jubenil mailako txirrindulariak direnez, lehentasuna ikasketek dutela esaten diet. Hori argi izanda, ikasketak eta txirrindularitza nola uztartu aztertzen dugu, plangintza eginez. Gero, astero beraiekin egoten naiz, eta urtean zehar test batzuk egiten ditugu beraien bilakaera fisikoa ikusteko.

Suitzan ere antzeko lana egingo al duzu?
Lana egiteaz gain, baliabide berriak erabiltzen erakutsiko digute, aurrerantzean beraiekin lanean jarraitzeko. Hango txirrindularien egoera aztertu eta entrenamendu berezi batzuk jarriko dizkiegu Munduko Txapelketari begira.

Txirrindularia izandakoa zarela esan duzu. Ez da beraz kasualitatea kirol horretan jarraitzea.
Beste kirol batzuetan aritzeko aukera izan dut, baina txirrindularia izandakoa naiz, eta izugarri gustatzen zait txirrindularitza. Honetatik bizi ahal izatea gustatuko litzaidake.

Zer moduzko txirrindularia zinen?
Gehienbat pistan ibiltzen nintzen. Euskadiko Txapelketa pare bat aldiz irabazi nuen, eta Espainiakoan ere domina batzuk lortu nituen. Afizionatuetan urtebete egin nuen; 2011n ikasketei lehentasuna eman eta bizikleta uztea erabaki nuen.

Utzi, pedalei emateari utziko zenien.
Ordiziako taldeko zuzendari lanetan hasi nintzen txirrindularitza utzi nuen urtean. Madrilen bizi nintzen, baina asteburuetan hona itzultzen nintzen eurekin egotera.

Bistan da UCIrekin lanean aritzeko aukera izatea izugarrizko albiste ona dela zuretzat.
Bai, egia esan horrela da. Inguruko txirrindulari dezenteren prestatzailea naiz jada. Egiten ari zaren lana kanpoan jarraitzen dutela ikustea oso pozgarria da.

Ezkutuko metodoren bat al daukazu?
Ez, baina urte hauetako esperientzia ondo dator. Nik lortu ez nuena lortu ahal izateko zer egin behar den ikasi, eta esperientzia hori egungo txirrindulariei erakusten saiatzen naiz.

Zu bezalako prestatzailea ondo etorriko zitzaizun garai haietan.
Gustura hartuko nuen. Bizikleta gainean gauzak hobeto joango ziren, orain dakidana garai hartan jakin izan banu...

UCIrekin hilabete egongo zara. Ondoren zer?
Ez dakit. Orain arte bezala inguruko txirrindulariekin lanean jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez dut aterik ixten. Kanpotik aukeraren bat etortzen baldin bada, ez nuke joateko arazorik izango. Bertako goi mailako talderen batean lanean aritzeko aukera ere gustura hartuko nuke.

Europako Pista Txapelketa jarraituko zenuen. Tolosaldekoek egindako lana, batez ere.
Jubeniletan lau txirrindulari izan ditugu. Urte oso ona egin dute laurek. Neguko txapelketetan oso ondo ibili ziren Donostian. Unai Iribar eta Luis Mari Garikano Espainia mailan dauden onenak dira, baita Maddi Amondarain eta Eukene Larrarte ere. Espainiako Kopako probetan lehen bi postuak eurenak izan dira. Ane Iriarte 23 urte azpikoekin egon da, eta honek ere urte asko daramatza selekzioarekin Europako txapelketetan. Tolosaldean lana oso ondo egiten ari dela erakusten du honek. Espainiako selekzioa 12 txirrindularik osatu dute amaitu berri den Europako Txapelketan. Horietatik bost Tolosaldekoak izan dira, eta zazpi gipuzkoarrak.

Suitzan gaur hasiko den Munduko Txapelketara bi bakarrik joango dira: Eukene Larrarte eta Luis Mari Garikano.
Hasiera batean bi mutil ziren joatekoak. Bi neska jubenilei dagokienez, hautatzaileak esan zien Europakoan egiten zutenaren arabera joango zirela.

Ez al da xelebrea gaztetxo batzuekin horrela jokatzea?
Egia esan bai. 17 urteko txirrindulariez ari gara. Nire ustez ez dira modu egokienak. Unai Iribarri, adibidez, bietara joango zela esan zioten duela bi hilabete. Entrenamenduak erabat aldatu genituen bi hitzordu horiei begira. Orain, Europakoa jokatu ondoren, hautatzaileak esan ere ez dio egin Munduko Txapelketara ez dela joango. Etxera bidali du zuzenean. Duela urtebete ere hainbat txirrindularirekin ika-mikak izan zituen hautatzaileak. Ez dira modu egokienak.

Euskal txirrindularitza nola ikusten duzu. Umezurtz ez al dabil oraindik, goi mailako talderik gabe?
Euskadi Euskaltel desagertu zenean galdu egin zen erreferente hori. Baina kanpora joan diren euskal txirrindulariak goi mailakoak dira: Izagirre anaiak, Landa, Castroviejo… Euskal txirrindularitzaren osasunaz ezin da kexatu. Baina goi mailako taldearen hutsune hori hor dago. Murias hor dago, baina nahiko momentu ekomiko txarrak pasatzen ari dira. Ez da erraza horrelako proiektu bat aurrera ateratzea, baina ea lortzen den berriro ere gorengo euskal talde bat izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!