Txakur kakak jasotzeko kanpaina abiatu dute Zizurkilen

Ataria 2016ko ekainaren 16a

Lorategiak eta berdeguneak garbi mantentzeko herritarren laguntza eskatu du Zizurkilgo Udalak.

Zizurkilgo Udala txakur kakak jasotzeko kanpaina ari da garatzen egunotan herrian. "Herriko lorategiak askotan txakur kakez beterik aurkitzen ditugu eta zenbaitetan espaloi eta kaleak ere bai. Gero eta gehiago dira beren txakurren kakak jasotzen dituzten herritarrak baina zoritxarrez denek ez dute jokaera bera".

Hain zuzen ere, txakur jabe horiek sentsibilizatze aldera udalak zenbait ekimen jarri ditu abian: herriko lorategietan karteltxoak jarri dituzte txakur kakak jaso behar direla gogorarazteko, edukiontzi gehiago jarri dituzte eta txakur jabeei eskutitz bat bidali diete txakur kakak ez jasotzeak izan ditzakeen arriskuez ohartarazteko.

"Ez dugu ahaztu behar txakurrentzat beraientzat ere kutsatze iturri nagusi direla eta hauetako gaixotasun batzuk larriak izan daitezkeela", esan du Zizurkilgo Udalak. "Gizakioi ere gaixotasunak eragin diezazkigukete eta arrisku hauen aurrean haurrak dira ahulenak. Gainera, espaloietan dauden gorotzak zapaltzeak erorketak eragin ditzake. Lorategiak eta berdeguneak kutsatzen dituzte eta bertan geratzen diren parasitoen arrautzak kutsagarriak dira, hiru urtez irauten dute bizirik".

Horregatik guztiagatik, lorategiak eta berdeguneak garbi mantentzeko herritarren laguntza eskatu du Zizurkilgo Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!