Elkarri kontatutako ipuin solidarioak

Jon Miranda Labaien 2016ko ekainaren 1a

Otañoko ikasleek euren ikaskideei, San Millanekoei eta Zubimusukoei kontatu zizkieten ipuinak

Seigarren urtez egin dute ipuin solidarioen ekimena Zizurkilen, Maiatza Saltsanen barruan. Herriko hiru ikastetxeak biltzen dira egitasmora: San Millan eskola, Zubimusu ikastola eta Pedro Mari Otaño ikastetxea. El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko Henry Ortiz ikastetxera bideratzen dute ekimena burutzeagatik jasotako dirua. Otaño ikastetxeko bosgarren mailakoak izaten dira irakurleak eta taldeka gainerako eskoletako umeei kontatzen dizkiete ipuinak. Ondoren, ipuinarekin zer ikusia duen ekintza bat egiten dute umeek. 200 ikasle inguruk hartu zuten parte ostiraleko ekimenean.

Bezperan, Otaño ikastetxeko ikasgelaz ikasgela pasa ziren aiton-amonak bilobek eskainitako emanaldiak ikusteko, haientzat prestatutako egun berezian.

Bide batez, azken hilabeteetan, ikastetxean prestatu duten ikas-komunitatearen ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten mediatekan. Otaño ikastetxearen eskaintza erakusteko baliatu dute bideoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!