Boluntariotza, eman eta jasotzeko

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 20a, 10:12

Irudian, iazko Aiztondoko Senidetze Eguneko ekitaldia Amasa-Villabonako udalean

Asoziazionismoa eta kooperazionismoa bultzatzeko helburuarekin hainbat hitzordu izango dira Zizurkilen

Asoziazionismoa eta kooperazionismoa izango dituzte hizpide datorren astean Zizurkilen. Maiatza Saltsanen barruan astebetez bolutariotzari eta kooperantismoari buruzko hitzaldi, mahai inguru, dokumental, etabarrak izango dituzte.

Plazida Otaño liburutegi berriaren espazioarekin lotu nahi izan dute astea Ainhoa Larrea Kultura teknikariaren esanetan, gune hori bailarako herritarren «topagune» izatea nahi dute. Asoziazionismoak Euskal Herrian «beti garrantzia handia» izan duela ikusita, baina egun unerik «aproposenean ez dagoela» ikusita, «indarra» ematea du helburu aste honek. Honela, Euskal Herrian eta bailaran boluntario edo kooperante bezala zer gauza egin daitezkeen ikustea nahi dute.

Aiztondoko liburutegian bilduta dauden herri gehienak Segundo Montes eta Meanguerarekin senidetuta daudela aprobetxatuz, astea aurten larunbatean, Asteasun ospatuko den Senidetze egunarekin ere lotu dute. Kooperantismoak El Salvadorren ematen dituen aukerak aztertuz.

Zizurkilek, Asteasu eta Adunarekin batera, 1994. urtean sinatu zuen senidetzea Segundo Montes Komunitatearekin batera. Orain arte ibilbidean aurrera eramatea lortu den proiektuetako bat edangarria den ura etxeetara eramatea izan da.

Egitarau zabala

Iñaki Bergararen argazki erakusketaren inaugurazioarekin ekingo diote asteari. Salestarrek Beninen abian duten Foyer Don Bosco proiektuaren nondik norakoak ageri dira erakusketa horretan. Bertako umeak gizarteratzeko proiektua da, eta argazki horietan ikus daiteke nola iritsi diren gaur egungo egoerara. Egun berean, boluntariotzari buruzko mahai ingurua izango da. Gizaldeko, Atzegiko eta bailarako Elikagai Bankua, Denbora Bankua eta Tolosaldea Sahararekin elkarteetako ordezkariak izango dira euren lanari buruzko informazioa emateko eta boluntariotza bultzatzeko asmoarekin. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen Izeba proiektuaren berri ere emango da bertan.

Aipatu bezala, kooperazionismoa ere aztergai izango da, bultzatzeko helburuarekin. Horretarako, kooperante izatea zer den eta kooperante izateko zer aukera dauden azalduko da ostegunean, liburutegian. Bertan izango da kooperazionismoa gertutik bizi izan duen pertsona bat, bere bizipenen berri emateko.

Bestalde, ostiralean, txikienak gaira eramanez, 2009/2010 ikasturtean hasi zen eta ordutik urtero egin izan den ipuin kontaketa solidarioa ere izango da. Haurrak taldetan banatuta, irakasle arduradun bat izango dute eta Otañoko ikasleek eta gurasoren batek ere ipuin bat kontatuko die. Ondoren, ipuinari lotutako ekintza egingo dute.

Aipatutako ekimenez gain, Kepa Fernandez de Larrinoaren, idazle, irakasle eta ikertzailearen hitzaldi bat, Josu Iztuetaren Biziminez dokumentala edo bertsolaritza, dantza eta kantua biltzen dituen emanaldia ere izango dira aste guztian zehar. Eta astea, Asteasun Senidetze Eguna ospatuz borobilduko dute.

 

EGITARAUA

MAIATZAK 23, ASTELEHENA

19:00. Iñaki Bergararen Benin kale gorriko haurrak argazki erakusketaren inaugurazioa, Plazida Otaño liburutegian.

19:30. Boluntario izan nahi duzu? mahai ingurua, Plazida Otaño liburutegian.

MAIATZAK 24, ASTEARTEA

19:30. Gizartea eraldatu herritarrak antolatuz, Kepa Fernandez de Larrinoaren hitzaldia, Plazida Otaño liburutegian.

MAIATZAK 25, ASTEAZKENA

19:00. Kooperante izan nahi al duzu? informazio saioa, liburutegian.

MAIATZAK 26, OSTEGUNA

19:00. Josu Iztuetaren Biziminez dokumentala, liburutegian.

MAIATZAK 27, OSTIRALA

11:30. Ipuin solidarioak liburutegian.

17:00. Ikastetxeetako bertsolaritza ikasle, Bukalai dantza taldeko dantzari eta Loatzo musika eskolako koroko haurren emanaldia, Atxulondo kultur etxean. Iluntzean Zizurkilekin senidetuta dagoen Lladó (Girona) herriko ordezkariei ongi etorria.

MAIATZAK 28, LARUNBATA

Egunean zehar. Segundo Montes / Meanguera-Aiztondo Bailarako Senidetze Eguna, Asteasun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!