«Atletismo taldeak berak erabakiko du zer nahi duten izan»

Asier Imaz 2016ko mai. 19a, 14:00

Atletismo atala sortu du Zizurkilgo Danena Kirol Elkarteak; behar bati erantzuna eman nahi izan die, hasierako urteetara itzuliz.

Duela bi urte Danenan zuzendaritza aldaketa egon zen. Hainbat guraso esku bat botatzeko prest agertu ziren. Horien artean Josu Sarasola (Lasarte, 1971). Duela sei urte iritsi zen Zizurkilera lasartearra; egun, elkarteko presidente izatea tokatu zaio. Danena auzolanean aurrera atera nahian dabiltzala dio, gustura, aurrez egin den lana gutxietsi gabe.

Zeri erantzuten dio atletismo taldearen sorrerak?
Behar bati. Duela bi urte aldaketa bat egon zen Danenan, orduko presidenteak ardura utzi ondoren. Haurrak futbol taldeetan genituen guraso batzuk laguntzeko prest azaldu ginen, eta zuzendaritza osatzen amaitu genuen. Iazko denboraldi amaieran, beste guraso batzuk behar batekin etorri zitzaizkigun. Danenan ez zuten seme-alabarik, baina korrika gustura ibiltzen zirela zioten, eta beste talde batzuetan federatu zituztela.

Eta kirol elkartea izanda, zergatik ez Danenaren izenean lasterka egin.
Hor hasi zen dena. Lehenik bazkideekin hitz egin genuen, eta ez zen inongo arazorik atletismo taldea sortzeko; estatutuetan aldaketa bat bakarrik egin beharra zegoen.

Sustraietara itzuli zarete gainera, ezta?
Danenaren armarria ikustea nahikoa da horretarako. Kontua da, bazkide batek egiten ari ginena ez zela berria esan zigula. Danenak hasieran futbol atala, atletismokoa eta txirrindulari taldea zituen. Estatutuetan berriro bi kirol horiek sartu genituen, aurrerago txirrindularitzak ere atea zabalik izan dezan.

Txirrindulari handiak ibili ziren gainera, Danenan.
Perico Delgado, Jokin Mujika, Cabestani...

Atletismora itzuliz, behar hori zehaztuko al zenuke?
Taldeko kideek erabakiko dute atalaren bilakaera zein izango den. Azpimarratu nahi dugu ez dela federatuentzat bakarrik izango. Hau da, Danenak atala izan dezan federazioan sartuko gara, baina taldea federatuek eta ez federatuek osatuko dute. Gehiengoa, gainera, azken hauetakoak izango dira. Horrekin esan nahi dudana da, Danenako Atletismoko Taldeko kide izateko ez dela federatu behar.

Zein da desberdintasuna?
Federazioan sartzean, federazioak antolatzen dituen lasterketetan parte hartzeko aukera daukazu. Hortik kanpo beste hainbat lasterketa herrikoi daude: Behobia, San Silbestreak, herrietakoak... Horietan Aiztondo bailarako herritar ugarik parte hartzen dute. Danenak horiei eskaintzen diena, taldearen izenarekin ateratzea da; elkarrekin entrenatzea; batera eta bestera joateko bakarrik ez ibiltzea eta abar. Baina hasieran esan bezala, eurek erabakiko dute atalaren norabidea zein izango den. 

Atletismo pista falta zaizue.
Futbol zelaiaren atzean lur eremu bat dago (argazkian hara begira dago Josu Sarasola), eta udalak oraindik ez daki bertan zer egin. Proiektu asko daude, eta horietako bat atletismo pistarena da. Inguruko pistak Tolosan eta Andoainen daude, baina Aiztondo bailarak bat beharko lukeela uste dugu. Horrek ez du esan nahi bertan korrika ibiliko direnik egun korrika dabiltzanak. 250 metroko pista bati bueltaka ibiltzea ez da oso erakargarria; baina haurrentzat, beroketak egiteko, gune bat izateko eta abar ongietorria izango litzateke. Atletismoa gainera ez da korri egitea bakarrik, eta hor aukerak eta erabilerak asko zabaltzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!