Udalak eta Kutxabankek kutxazaina berrezartzeko hitzarmena sinatu dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 16a, 18:10

Hilabeteetako negoziazioen ostean lortu da akordioa eta Atxulondo kultur etxean jarriko da kutxazain berria.

Urtarrilaren 29an, aurrez abisurik eman gabe kendu zuen Kutxabankek herrian zuen kutxazain bakarra. Orduz geroztik hamaika bilera, sinadura bilketa eta udalbatzak aho batez onartutako mozio bat ere izan dira. “Kutxabankek kentzeko erabakia hartua zuen, eta hasieran zaila bazirudien ere, guztion artean lortu dugu atzera egitea. Merkatarien, herritarren eta udalaren elkarlanak eman ditu fruituak”, argitu du hori Joxe Mari Luengo alkateak. “Pozik egoteko modukoa da, baina era berean argi dugu Kutxabankek egin dezakeen gutxienekoa dela Zizurkilen kutxazain bat edukitzea, ez da egin diguten oparia, euren betebeharra baizik”, nabarmendu du.

Atxulondo kultur etxean

Maiatzaren 12an sinatu zuten hitzarmena Zizurkilgo alkateak eta Mikel Huarte Kutxabankeko Tolosaldea-Goierriko zuzendariak. Aurrez, apirileko udalbatzan aho batez onartu zuten hitzarmena udaleko alderdi guztiek. Adostutakoaren arabera, kutxazain berria Atxulondo kultur etxean kokatuko da. “Udalak proposamen bat egiteko, berea izan behar zuen eraikinak eta Kutxabank-ekin aztertuta egokiena hori ikusi genuen, erdigunean dagoelako”, nabarmendu du alkateak.  Hitzarmenean gutxienez 3 urteko zerbitzua bermatzeko konpromisoa hartzen du Kutxabankek.  “Herriak zerbitzu bat ez galtzea eta bertako komertzio bizitza lehenetsi dugu eta era berean, argitu behar da proposamen berbera beste finantza erakundeei ere aurkeztu diegula”. Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie sinadura eman duten herritarrei eta bereziki merkatariei eta lanak ahal den azkarren egingo diren esperantza azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!