Zuhaitza nahi duten edo ez erabakiko dute zizurkildarrek

Ataria 2016ko mai. 9a, 13:00

Zizurkilgo Udalak 2016ko aurrekontuetan diru partida bat jaso du Pedro Mari Otaño plaza berritzeko. Proiektua egin ahal izateko ordea, lehenengo, galdera bati erantzun behar dio: Zuhaitza izango al du plaza berriak?

Joxe Mari Luengo alkateak nabarmendu du proiektua lantzen hasteko argitu beharrekoa dela. “Materialak, diseinua, objektuak… Guztia aldatzen da plazak zuhaitza erdian izan edo ez eta proiektua egin aurretik argitu behar dugu. Zizurkilen zuhaitzak badu bere tradizioa baina herritarrek erabaki beharko dute aurrerantzean ere zuhaitza izan nahi duten edo ez”.

Maiatzaren 9tik aurrera

Maiatzaren 9tik 17ra bitartean, astebetez erantzuna emateko buzoiak jarrita egongo dira udaletxean, Iriarten, Plaza Etxeberrin eta Pantxikanen. Parte hartzeko, Zizurkilen erroldatuta egotea eta 12 urte beteak izatea da baldintza. “Aparte, San Millan eskolakoekin lanketa berezia egingo da, eskolako helduenek ere parte har dezaten”, azaldu du alkateak.

Baiezkoa ateratzen bada, herriko jaietan beste prozesu bat egingo da zer zuhaitz mota jarri erabakitzeko.  Ezezkoa ateratzen bada berriz, zuhaitzik gabeko proiektu bat landuko da. Bietako edozein erabaki hartuta ere, udazkenean herritarren aurrean aurkeztuko da plazaren proiektua ekarpenak jasotzeko. “Joxe Arregi plazarako egin genuen esperientzia errepikatu nahi dugu, espazio publikoak herritarrentzat duen garrantzia kontuan hartuta”.

95 urte dituen zuhaitza

Joxin Azkue, Hernandorena kultur elkarteko kideak gogoratu duenez, 1920an egin zuten plazatik Olentzora doan errepidea, ez eztabaida gutxirekin: "Ordura arte, gurdi bideak ziren Zizurkilgo herrigunetik ateratzen zirenak eta kotxeak ibiltzeko errepidea nondik egin erabaki behar zen. Diputazioak dirua jarri eta udaletxean izugarrizko eztabaida egon zen zinegotzien artean errepidea nondik egin erabakitzeko. Bostek Zubiaurretxora doan bidearen alde egin zuten eta beste bostek Olentzora doanaren alde. Azkenean alkateak, bere kalitatezko botoarekin, Olentzokoaren alde egin zuen. Ez zen, alperrik, Buztinbailarakoa".

Hurrengo urtean, Zizurkilgo Udalak errepide bazterrean jartzeko 200 panpano erosi zituen eta "sobratu zen arbola horietako bat, txukunena edo dotoreena-edo, plazan jarri zuten". Irungo mintegi batean erosi zituen landareak eta 27 pezeta ordaindu zituen haien truke.

Duela bi urte aztertu zuten Fraisoroko teknikariek plazako zuhaitza eta enborraren erdia baino gehiago ihartuta zegoela ondorioztatu zuten. Pisu guztia alde batera zuen eta horrek zuhaitza erortzeko arriskua zekarren. Beraz, 2014ko urte amaieran adar guztiak moztu zizkioten. 

Aurki kenduko dute arbola zaharra eta haren tokian beste zuhaitz bat jarri edo ez erabaki beharko dute zizurkildarrek, udalak martxan jarritako parte hartze prozesuaren bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!