«Ez dugu 'lokalismo' batean geratu nahi; liburutegi berria bailarakoa da»

Mikel Iraola 2016ko api. 26a, 11:33
Irudia: 28 Kanala

Larunbatekoa «egun berezia» izan zela onartu zuen Arantxa Zabala Zizurkilgo liburuzainak. Pozik da liburutegi berriarekin.

Zer iruditu zaizu liburutegia?
Dotorezia nabarmenduko nuke. Estetikoki zoragarria da. Espazioa ere liburuen munduan eman diren aldaketetara egokitu da. Erkidegoko sarean dauden liburutegiek 30-40 urte bitarte dituzte, eta urtetan egon dira egokitzen, baina espazioak ez zeuden batere egokituta, eta hortan ari gara gu. Aurreikuspenak bete ditu.

Zein erabiltzaile perfil izan du orain arte liburutegiak?
Beti jaso izan dugu inguruko herrietako jendea. Baina izan dugun arazo edo muga nagusiena espazioa izan da. Horrek kondizionatu izan du erabiltzailea. Liburutegia gehiago erabili izan dute gurasoek umeren batekin maileguak egitera joateko. Bertan espazio gutxi genuen, eta orain espero dut bertako erabilera handitzea.

Erabiltzaileen perfil hori aldatuko dela uste duzu?
Bai. Nire itxaropena da bailara ikuspegia izatea. Ez dugu lokalismo-an geratu nahi. Liburutegia ez da Zizurkilgoa bakarrik, bailarakoa baizik. Bertakoentzat eta kanpokoentzat. Bereziki bailarako gazteengana iritsi nahi dugu, gazteen arteko harremanak estutu nahiko genituzke. Esperientzia ona izango da bailarako jende ezberdina elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egitea.

Nola bultzatuko duzue hori?
Liburutegia ez da leku estatiko bat izango. Hau da, ez da ikasteko edo irakurtzeko leku bat bakarrik, aisialdirako ere izatea nahi dugu. Hortik dator larunbat goizetan irekitzearen apustua. Ordu horietan umeak mugitu nahi ditugu, guretzat harrobia direlako, etorkizuneko idazle eta irakurleak dira
. Horretarako tailer bat martxan jarri nahi dugu Iraitz Lizarraga aktorearekin: ipuinetik antzerkira, interpretazioa eta irakurmena uztartzen dituena. Geroago, maiztasun gehiagorekin, ipuin kontaketak antolatuko ditugu, eta guraso elkarteen kolaborazioa izango dugu. Beraz, denon artean osatuko dugu agenda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!