Antzerkiak taularatzeko ordua

Maier Ugartemendia 2016ko api. 21a, 17:08
Irudian, Maite Amenabar eta Ainhoa Larrea antzerki astearen aurkezpenean

Zizurkilgo Antzerki Asteari gaur emango diote hasiera, herriko Iraitz Lizarraga aktoreak parte hartzen duen antzezlan batekin

Hamalaugarren urtez ospatuko da Zizurkilen antzerkiari eskainitako astea. Bihartik hasi eta apirilaren 30a bitarte «adin tarte guztietarako» ikuslegoari zuzendutako emanaldiez gozatzeko aukera izango da, Maite Amenabar , Zizurkilgo alkateordearen esanetan.

Herritar bat protagonista izango duen antzezlan batekin emango diote hasiera emanaldiei. Iraitz Lizarraga zizurkildarraren Datorren urtean hobeto antzezlana izango baita, bihar, ostirala, 20:00etan, Atxulondo kultur etxean. Amenabarren esanetan, «ohore handia da herriko artisten lanak eskaintzea, are gehiago ikusirik maila handiko emanaldiak direla».

Duela hamalau urte antzerki talde amateur batek «erein» zuen Antzerki Astearen hazia, eta taldea deseginda egon arren, ordutik «adar sendoak» sortu direla dio Amenabarrek. Aurrera begira, «harrobia» lantzen jarraitzeko asmoz, ikastetxeetako ikasleen emanaldiekin.

Aste osoko egitaraua

Antzezlanen artean «bi talde nagusi» bereiz daitezkeela dio Ainhoa Larrea, Zizurkilgo kultura teknikariak: «Umeei zuzendutakoak eta helduei zuzendutakoak».

Datorren urtean hobeto antzezlanak hiru emakumeren historiak kontatzen dituela azaldu zuen Larreak, eta «pentsaerak eta esamoldeak puskatzeko» obra bat dela dio. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendutako antzezlana da, eta Iraitz Lizarraga zizurkildarraz gain, Itziar Urretabizkaia eta Ainhoa Garai aktoreek parte hartzen dute.

Hurrengo astean zehar haurrak izango dira «protagonista». Astelehenean, Boli Bili Boli ikuskizuna eskainiko dute, Juan Kruz Igerabide adunarraren olerkietan oinarritutako, eta txotxongiloak «nagusi» direna. Bilboko Pantzart konpainiak Santi Sos eta Topic zentroarekin batera elkarlanean ekoitzitako euskarazko haur ikuskizuna da, Igerabideren umeentzako poema laburrak, zuzeneko musika, mimika eta fantasia uztartuz eratutakoa.

Bidaia bizitzen obra, txotxongilo eta zirku-modalitate desberdinak jorratzen dituen ikuskizuna.

Haurrek antzerki emanaldi desberdinez gozatzeko aukera izan ondoren, egun batez «protagonista» izango dira, eta euren emanaldia «taularatuko» dute. Aurtengoan Pedro Mari Otaño ikastetxeko 28 ikaslek egingo dute aktore lana. Batetik, LH 1eko ikasleek Zazpi Antxumeak antzeztuko dute eta LH 6koek Orreaga.

Azkenik, hurrengo larunbatean, hilak 30, Umorea bakarrizketa izango da Iriarte kultur etxean, Jose Kruz Gurrutxagarekin. Eta izenak dioen moduan, umorea oinarri hartuta istorio ezberdinak kontatuko ditu Gurrutxagak.

Honenbestez, jende guztia «animatu» nahi dute Antzerki Astean aipatutako emanaldi guztiez gozatzera Zizurkilera.

EGITARAUA

BIHAR, APIRILAK 22

20:00. Datorren urtean hobeto, Txalo konpainiaren eskutik, Atxulondo kultur etxean.

APIRILAK 25, ASTELEHENA

11:00. Boli Bili Boli (Pantzart konpainia), HH2-HH5eko haurrentzat, Atxulondon.

APIRILAK 26, ASTEARTEA

11:00. Bidaia bizitzen (Zirkun Zirkoa), LH 1-6ko haurrentzat, Atxulondon.

APIRILAK 28, OSTEGUNA

11:00. Otañoko ikasleen emanaldia, Zizurkilgo haur guztiei zuzendua, 11:00etan, Atxulondon.

APIRILAK 30, LARUNBATA

22:30. Umorea antzezlana, Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik, Iriarte kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!