Liburutegiak baldintzatu du aurtengo aurrekontua

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 13a, 10:30

Bi urtetan, 125.000 euro bideratuko dira Pedro Mari Otaño plaza berritzera. Urtearen amaierarako lanak hasteko konpromisoa hartu du Zizurkilgo Udalak.

Astelehen iluntzean, aho batez, onartu zen Zizurkilgo 2016ko aurrekontua. Hiru milioi euro izango ditu eta inbertsioetara bideratutako 400.000 euroetatik zatirik handiena Aiztondoko liburutegiak eramango du. «Iaz udalak jarritako zati txiki batekin eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenarekin hasi ziren obrak eta aurten, lanak bukatzeko 125.000 euroko inbertsioa bideratu dugu aurrekontutik; kopuru horri, beste 150.000 euro gehitu behar izan dizkiogu, beste erakundeetatik agindutako diru laguntzak ez direlako iritsi», azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak.

Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu ondoren, legebiltzarrean 150.000 euroko diru laguntza eskaera aurkeztu zuten Zizurkilgo Udalak, baina proposamenari ezezkoa eman zioten EAJk eta PSE-EEk. «Kopurua negoziatu eta bi epetan ematea ere proposatu zuen EH Bilduk, baina hori ere atzera bota zuten». Gauzak horrela, aurten 281.000 euro bideratuko ditu udalak proiektua martxan jartzeko eta «hurrengo urteetan diru laguntza duina borrokatzen jarraituko dugu», esan du Luengok. Apirilaren 23an egin asmo dute liburutegiaren inaugurazio ekitaldia.

Beste inbertsio batzuk atzeratu beharko ditu Zizurkilo Udalak 2016an, herri baratzeen proiektua eta Joxe Arregi plazako estalpea, adibidez. «Estalpea renting bidez egin ote daitekeen aztertzen ari gara, gremio guztiekin hitz egin eta aurrekontu zehatzaren zain gaude».

Atzeratu nahi ez duten inbertsioa Pedro Mari Otaño plazakoa da. Bi urtetan gauzatu nahi dituzte eremu hori txukuntzeko lanak eta 125.000 euro inguruko proiektua izango da. Luengoren esanetan, «aurrena oinezkoentzat itxi genuen plazaren zati bat, aparkalekua ere egin genuen gero eta plazaren berritzea ingurune horretan egin nahi dituzten etxebizitzen proiektuarekin lotu genuen. Ikusita egitasmoa atzeratzen ari dela pentsatu dugu ezin dugula gehiago itxaron. Urte amaieran hasi nahi ditugu lanak». Plazaren erdian dagoen zuhaitza ihartuta dago eta parte hartze prozesu baten bitartez erabakiko dute zein arbola mota jarri bertan. Herritarrek izango dute hitza.

ERREPIDE KONPONKETA

Udalak urtero landa eremuko bideak konpontzera bideratzen du aurrekontuaren zati bat. 2016an, Zizurkil Behetik hilerrira doan bidea eta Iturralde aldera doana konponduko dira, egoera txarrean baitaude biak. Arizmendiko bidean egiteke geratu zen bihurgunea zuzentzeko lanak ere burutuko dira aurten. 60.000 euro bideratuko dira bide horiek denak konpontzera.

Zizurkilgo Udalaren eskumena izan ez arren, GI-3610 errepidea konpontzeko lanak abiatu zituen, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zizurkilgo biribilgunetik Adunako bidegurutzerainoko zatian markatuta dauzkate okerren dauden zatiak eta hor egingo dituzte konponketa lanak. 800.000 euroko aurrekontua du proiektuak. Egoera «penagarria» zuen errepideak, Luengoren esanetan. «Trafiko karga handia jasotzen du bide horrek: AHTko obran dabiltzan kamioiak, Zizurkil eta Asteasuko industriagunetako trafikoa eta bizilagunen joan-etorriak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusi du egoera oso txarrean dagoela errepidea eta zerbait egin beharra zegoela. Saihesbidea egitea izango litzateke soluzioa, baina 22 miloi euroko kostua du errepide horrek eta Diputazioak ez du, oraingoz, horrelako lanik egitea aurreikusten». Zorua konpontzeko lanekin batera, abiadura murrizteko neurriak hartu edo ez aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia.

KONTU OREKATUAK

2015. urtea 1,7 milioi euroko zorrarekin amaitu zuen Zizurkilgo Udalak. «2011n udalera sartu ginenean 3 milioitik gorakoa zen zorra eta urtez urte jaisten joan gara». 2011. urtetik udalak ez du mailegurik eskatu, «ikasi dugu jasotzen dugunaren arabera gastetzen, ez lehen egiten zen moduan», esan du Luengok.

Azken urteetan izoztuta egon ondoren, langileei %1 igoko zaie soldata eta gainerakoan, aldaketa handirik ez du izango aurrekontuak. Batzordeen partidak bere horretan mantenduko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!