Liburutegi berriaren inaugurazioaren bueltako kultur ekitaldiak apirilean

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 5a, 17:16

Apirilaren 23an inauguratuko dute Aiztondoko liburutegia, Plazida Otaño izena eramango duena. Egun osoko ekimenak antolatu dituzte egun horretarako. Apirilean zehar zine emanaldiak eta antzerki astea izango dira, besteak beste, Zizurkilgo kultur egitarauaren barruan.

Literaturaren nazioarteko eguna da apirilaren 23a eta egun hori aukeratu dute Plazida Otaño, Aiztondoko liburutegi mankomunatua inauguratzeko. 11:30ean, Bukalai dantza taldea eta Loatzo musika eskolako ikasleen parte hartzearekin, gonbidatuei ongi etorria eman, sarrera hitzak egin eta luntxa banatuko da. Ondoren, Maria Altuna zizurkildarraren erakusketa zabalduko da eta 13:00etan helduei zuzenduriko istorio kontaketa izango da. 

Arratsaldean ipuin kontaketa saioak izango dira: 16:00etan, 0 eta 5 urte artekoentzat; 17:00etan 6 eta 8 urte artekoentzat; 18:00etan 9 urtetik gorakoentzat; eta 19:00etan erretiratuei zuzendutakoa. 20:00etan itxiko da liburutegi berria.

Zine emanaldiak eta bigarren eskuko merkatua

Hilero bezala, Katu Beltz bigarren eskuko azoka egingo da Joxe Arregi plazan (euria eginez gero Otaño ikastetxeko frontoian). Goizeko 09:00etatik 14:00etara egingo da azoka, apirilaren 10ean.

Bestalde, euskarazko filmak eskainiko dira apirilaren 8an eta 15ean. Haur Hezkuntzako ikasleentzat, apirilaren 8an 11:00etan Lotte 2 filma eskainiko dute eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, apirilaren 15ean, 11:00etan Jelly T.

Antzerki Astea, hilaren bukaeran

Egitaraua prestatu dute, apirilaren 22an hasi eta apirilaren 30a bitartean. Emanaldi hauek prestatu dituzte Zizurkilgo Antzerki Asterako.

Apirilak 22, ostirala: Datorren urtean hobeto. Atxulondon, 20:00etan.

Apirilak 25, astelehena: Boli, Bili, Boli. Atxulondon, 11:00etan, Haur Hezkuntzako bigarren eta bosgarren maila arteko haurrentzat.

Apirilak 26, asteartea: Bidai Bizitzen. Atxulondon, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako lehen eta seigarren maila arteko ikasleentzat.

Apirilak 28, osteguna: Ikasleen emanaldia. Atxulondon, 11:00etan, Zizurkilgo haur guztiei zuzendua.

Apirilak 30, larunbata: Umorea. Iriarte kultur etxean, 22:30ean, Juan Cruz Gurrutxagak berari gertatutako istorioak kontatuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!