Aiztondoko liburutegiaren aldeko babesa bilatuko du PSE-EEk, 2017ko aurrekontu orokorrean

Ataria 2016ko mar. 29a, 12:50

"Interes orokorreko ekipamendua denez", PSE-EEk argi utzi nahi izan du Aiztondoko liburutegiaren proiektua babesten duela. Ohar batekin erantzun die, azken egunotan zabaldutako hainbat informaziori.

Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuan jasotako ekarpenarekin, "alderdi sozialistak liburutegi mankomunatuaren aldeko jarrera agertu du, Denis Itxaso kultura diputatuaren bitartez".

Aurreko martxoaren 22an Eusko Legebiltzarreko kultura batzordean izan zen eztabaidaren harira EH Bildutik jasotako kritikei erantzun die PSE-EEk: "2017ko aurrekontuetan Aiztondoko liburutegia diruz babesteko EAJk aurkeztutako helegitea babestu genuen, EH Bilduren proposamenak, 2016rako jeltzaleekin adostuta dugun aurrekontu akordioa bertan behera uztea zekarrelako".

Alderdi sozialistak kaleratu duen oharrean dio, ez duela aurrez sinatutako itunik apurtuko, "are gutxiago, Zizurkilgo Udalak 2015ean zehar liburutegiaren aurrekontu tramitazioan inongo jakinarazpen ofizialik egin ez digunean. Alkateak ez dio legebiltzarreko talde sozialistari laguntzarik eskatu eta EH Bilduko taldeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrekontu orokorrak eztabaidatzerakoan, ez du inongo momentutan Aiztondoko liburutegia babesteko emendakinik aurkeztu".

Horregatik, PSE-EEk "bidegabetzat eta lekuz kanpokotzat" jo ditu EH Bildutik egin zaizkion kritikak eta "onartezintzat" hartu du, aurrekontua gauzatzeko hiru hilabete falta direla, diru partidak moldatu nahi izatea. EAJk proposatuta, aurten, 15.000 euroko ekarpenari EH Bilduk eman dion ezezkoarekin "koalizio abertzaleak bere kudeaketa arduragabea estali nahi du", sozialisten ustez. 

2017ko EAEko aurrekontu orokorrean Aiztondoko liburutegiak behar dituen laguntza ekonomikoak izan ditzan, akordioak bilatzeko borondatea berretsi du PSE-EEk.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!