Aiztondoko liburutegia laguntzarik gabe geratu da

Ataria 2016ko mar. 22a, 17:39

Zizurkilgo EH Bildutik atsekabez hartu dute gaur Eusko Legebiltzarreko kultura batzordean hartu duten erabakia.

Eusko legebiltzarrak atzera bota du liburutegiari diru laguntza emateko EH Bilduk proposatutako mozioa. 150.000 euroko laguntza eskatzen zen liburutegiaren ekipamendurako.

EAJren eta PSEren hasierako ezezkoaren ostean, EH Bilduk erdibideko proposamena egin du Eusko Jaurlaritzak laguntzaren zenbatekoa negoziatu eta 2016an eta 2017an, dirua bi urteetan ematea eskainiz,  baina horri ere uko egin diote jeltzaleek eta sozialistek. Jeltzaleek argitu dutena da Jaurlaritzak 15.000 euro emango dituela ekipamendu berrirako, euren hitzetan, akats bat tarteko ebazpenean kontrakoa azaldu zen arren.

EAJtik nahikoa jo dute antza laguntza hori, erretiratu egin baitute Jaurlaritzari 2017an negoziatzen jarraitzeko eskatzen zion euren idatzia ere. Sozialistek ere bat egin dute jeltzaleekin. “Talde horiek dira Irungo liburutegirako 800.000 euro onartu zituzten berberak.  Jarrera honek argi uzten du euren borondatea. Zizurkilgo Udalak, aurretik esan bezala, bere gain hartuko du karga ekonomikoa baina onartezina iruditzen zaigu horrelako ekimen kultural bat ez babestea. Ateak ixten zaizkigun arren, guk eskatzen jarraituko dugu” nabarmendu du Maite Amenabar alkate ordeak. Era berean, Zizurkilgo EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkio Estitxu Breñas parlamentariari gai honetan egin duen lanarengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!