Txapelak janzteko eguna Zizurkilen

Maier Ugartemendia 2016ko martxoaren 12a

Irudian, Aundiko Bernardo txapelarekin, eta txapela jantzi zion iazko omendua izan zen Anjel Usabiaga 'Malli' zenaren arreba Arantxarekin

Txapel eguna ospatu zuten larunbatean Zizurkilen; aurten herritarrek eskainitako txapela Aundiko Bernadori jantzi zioten

Duela 23 urte hasi zuten Txapel eguna ospatzeko ohitura Zizurkilen. Berriro ospatzeko asmoa ez bazuten ere, egunak izan zuen arrakasta ikusita, ordutik urtero ospatu duten festa izan da. Txapel egunean txapeldun bat izaten da urtero, "pertsona herrikoia izatea, ezaguna eta jendearekikoa" izatea da antolatzaileek kontutan hartzen dutena, eta ondoren txapeldunaren ardura izaten da udan Zizurkil goiko festetan suziria botatzea festei hasiera emateko. Larunbatean Benardo Arregik jaso zuen txapela, 2016ko Txapel Eguneko txapela. Horrela erabaki zuen festa batzordeak eta azpimarratu Aundiko Benardo herrian hamaika lanetan dabilen pertsona dela.

Larunbatean, Txapeldunen musa izan zuten Zentroan. 10 bat  bikote aritu ziren eta batzuetan kasualitateak horrela izaten dira, Benardo Arregi bera izan zen txapeldun, Pello Garinekin bikotea osatuta. Horrez gain, Bukalai dantza taldeak emanaldia eskaini zuen  Intxaur pilotalekuan. Ondoren, triki-poteoa eta afaria izan zituzten. Afalondoren jarri zion txapela Arantxa Usabiagak, iaz omendu zuten Anjel Usabiaga Malli zenaren arrebak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!