Aundiko Benardo, txapeldun

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 11a, 08:46

Txapel Eguna ospatuko dute bihar zizurkildarrek egun osoan zehar eta Zentroan, afalostean jantziko diote txapela omenduari, Aundiko Benardori

Ia oharkabean abiatu zuten festa Zizurkilen duela 23 urte. «Nonbaiten irakurri genuen txapelarekin festa bat egiten zutela eta horrelako zerbait egin behar genuela otu zitzaigun guri ere. Deialdia luzatu eta jende asko apuntatu zen. Festa polita atera zen». Ez zuten berriz errepikatzeko asmoz antolatu hasiera hartan, baina arrakasta ikusita, etenik gabe errepikatu da 1994. urtetik, martxoko bigarren larunbatean.

Nekolako Prasku omendu zuten urte hartan: «90 urte zituela kalera jaitsi eta kontu-kontari aritzen zen gazteekin. Txapela nori jantzi erabakitzerako orduan, horixe da kontuan hartzen duguna pertsona herrikoia izatea, ezaguna eta jendearekikoa». Urte guzti hauetan omendu dituzte baserritarrak, tabernariak, parrandazaleak eta dagoeneko gure artean ez diren lagunak omentzeko ere baliatu dute eguna. Iaz, esate baterako, Anjel Usabiaga Malli zena omendu zuten eta bihar bere arreba Arantxik jantziko dio txapela aurtengo omenduari.

Beste eginkizun bat ere izaten du Txapel Egunean herriaren omena jasotzen duen lagunak: Zizurkil Goiko festetan txupina botatzekoa. «Ohitura hori ere, espontaneoki sortu zen eta denboran mantendu da». Gaur egun, Zizurkilgo festa batzordearen esku geratzen da antolakuntza eta «horri eskerrak belaunaldi berriak batu dira ospakizunera».

Omenduaren neurriko egitaraua

Benardo Arregik jasoko du bihar, 2016ko Txapel Eguneko txapela. Horrela erabaki du festa batzordeak eta azpimarratu Aundiko Benardo herrian hamaika lanetan dabilen pertsona dela: «Besteak beste, txosna jartzen urteak daramatza festetan, bertso saioaren antolakuntzan ere urteetan aritu da eta oraindik ere hor izaten da; eta ezin ahaztu, Zizurkilen presorik ez den honetan, presoen eskubideen alde urteetan egin duen lana», nabarmendu dute.

Aurtengo egitaraua txapeldunari egokitzen saiatu dira. «Bera hain bertsozalea izanik, afarira pare bat bertsolari ekarriko ditugu. Unai Mendizabal herritarrak ezin zuen etorri baina inguruko bi izango ditugu gurekin: Benardo ederki ezagutzen duen Amaia Agirre billabonatarra eta berekin batera, Haritz Mujika asteasuarra».

EGITARAUA

MARTXOAK 12, LARUNBATA
16:00. Txapeldunen musa Zentroan
18:00. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian.
20:00. Txapeldunen triki-poteoa.
21:00. Afaria Zentroan. Afalostean jarriko zaio txapela Benardo Arregiri. Menua: arrain zopa, oilaskoa, mamia, kafea eta kopa.
Txartelak salgai Iriarten eta Zentroan 20 euroan (18 urtetik beherakoak 15 euro).

ORAIN ARTEKO TXAPELDUNAK

1994. Nekolako Prasku Alkorta.
1995. Elizaldeko Inixio Aranburu.
1996. Garetzako Anttonio Kortajarena.
1997. Pantxikaneko Pilar Mendizabal.
1998. Pello Mari Otaño.
1999. Iruñako Jokin Geresta.
2000. Iruñako Joxelu Geresta, Ttotto2001. Mugirozarreko Anttonio Otamendi.
2002. Donemiliagako Dionisio Bengoetxea.
2003. Nekolako Inaxi Aranburu.
2004. Saizarko Pedro Mari Eizagirre.
2005. Patxi Lartin.
2006. Pantxikaneko Joxe Mari Mendizabal.
2007. Zentroa.
2008. Andrezketako Maria Dolores Eizmendi.
2009. Larrondobunoko Joxe Mari Tolosa. 
2010. Bernarda Usabiaga.
2011. Iruñako Lesmes Mujika.
2012. Kamioaundiko Migel Mari Zurutuza Potxolo.
2013. Txapel Egunari hasiera eman zion taldea.
2014. Aitziber Ibarbia.
2015. Anjel Usabiaga Malli .
2016. Aundiko Benardo Arregi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!