Kutxabankek ez die erantzunik eman zizurkildarren eskaerei

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 9a, 17:16

Zizurkilgo udalbatzak aho batez onartutako mozioa eta herritarrek jaso dituzten 700 sinadurak aurkeztu dituzte, Villabonako Kutxabanken bulegoan. Berriz ere kutxazaina nahi dute herrian.

Elkar hartuta. Horrela agertu ziren, atzo, Zizurkilgo udal ordezkariak, herritarrak eta merkatariak Villabonako Kutxabankeko bulegoan. Kutxazaina kentzeko erabakian atzera egin eta zerbitzua berrezartzeko eskatu zieten bertako arduradunei. Horretarako, udalbatzak otsailaren 24an aho batez onartu zuen mozioa eta urtarrila bukaeratik herritarrek eta merkatariek bildu dituzten 700 sinadurak aurkeztu zituzten.

Kutxabankek urtarrilaren 29an Zizurkilen zuen kutxazain bakarra kentzea erabaki zuen. Erabakiak haserrea, kezka eta egonezina eragin zuen herritarren eta udal arduradunen artean. Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak eman zituen atzo azalpenak: «Gerturatu gara Villabonara egoera hau salatzeko. Egun batetik bestera eta aurrez udaletxeari jakinarazpenik egin gabe kendu zuen Kutxabankek herrian zegoen kutxazain bakarra. Iruditzen zaigu ez dituela formak mantendu».

Udalari eta bezero dituzten herritarrei aurretiaz ezer jakinarazi gabe erabakia hartu izana, «zizurkildarrekiko errespetu falta» dela uste dute udalbatza osatzen duten alderdiek. Horrela jaso zuten, otsailaren 24an aho batez onartu zuten mozioan. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk testuan aipatzen dutenez, «zizurkildarrekiko diskriminazioa are larriagoa da jakinik Kutxabankek kutxazainak dituela inguruko herri txiki guztietan. Arrazoia ezin da erabilera eskasa izan».

Azken asteetan Zizurkilgo Udalak ahaleginak egin ditu Kutxabankekin harremanetan jarri eta alternatibak proposatzeko. Luengok azaldu duenez, «kutxazaina berriz jartzeko tokia proposatu eta proiektua aurkeztu diegu, baina erantzunik ez dugu jaso. Badirudi erabakia atzeratuz herritarren haserrea baretu eta gaia horrela pasatzen utzi nahi dutela».

Merkatariak haserre

Herritarrek eta merkatariek bultzatuta, azken hilabetean sinadura bilketa egin dute Zizurkilen. Kutxabankek hartutako bidea salatu du Garazi Dorronsoro merkatariak, «beste guztiaren gainetik etekinak lehenetsiz, Kutxabankek bezeroari zor zaion begirunea baztertu duelako». Kezka agertu du baita ere, Joxean Aranburu harakinak: «administraziotik beti ari zaizkigu komertzio txikia lagundu eta herriko bizia mantendu behar dela esanez. Errealitatea, guztiz alderantzizkoa da, ordea. Gizarte ongizatea bilatzen duen erakunde bat dela dio Kutxabankek, baina horrelako neurriekin kontrakoa adierazten du. Saltzen duten mezuan sinesten badute, bitartekoak jarri ditzatela hori sostengatzeko». Zizurkildar ugarik kutxazaina erabiltzen zuen bertan dirua atera eta inguruko komertzioetan erosi eta kontsumitzeko. Merkatarien esanetan, «erabiltzaileek hemendik aurrera Villabonara jo beharko dute dirua ateratzera, eta honenbestez, bertan egingo dituzten lehen herrian egiten zituzten erosketak».

Dokumentua sinatu duten 700 herritarrek aipatu dutenez, «zerbitzua berriz martxan jar dezatela eskatzen dugu. Hala egin ezean, pentsatuko dugu harremanean jarraitu edo ez erakunde horrekin». Zizurkilgo udalbatzak ere, horrela jaso zuen mozioan: «Udalak eskura dituen neurriak hartuko ditu Kutxabanken dituen ondasunen inguruan».

Eskakizunak Villabonako Kutxabanken zuzendariaren esku utzi zituzten atzo goizean. «Gure eskaera jasota geratzen dela esan digute, orain, ikusiko dugu zein erantzun ematen diguten», esan zuen Joxe Mari Luengo alkateak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!