Erniarraitz bertso sariketako txapela, Unai Mendizabalentzat

Ataria 2016ko martxoaren 5a

Argazkiak: Urola Kostako Hitza

Oihana Iguaran amasarra bigarren izan zen. Bien artean puntu erdiko aldea baino ez zen izan azken sailkapenean.

Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi du VIII. Erniarraitz sariketa. Atzo gauean jokatu zuten txapelketako azken saioa, guztiz beteta zegoen Azpeitiko gaztetxean.

'Mendi'-k 279 puntu lortu zituen orokorrean, eta German Zelaia, Erniarraitz bertsozale elkarteko sortzaileetako baten eskutik, jaso zuen irabazlearen txapela. Iguaranek bigarren egin zuen 278,5 puntu batuta. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak lortu zuen hirugarren postua. Hemen sailkapena eta puntuazioa:

  • Unai Mendizabal: 279 puntu.
  • Oihana Iguaran: 278,5 puntu.
  • Jon Gurrutxaga: 269,5 puntu.
  • Amaia Iturriotz: 267,5 puntu.
  • Gemma Urteaga: 265,5 puntu.
  • Aitor Salegi: 261,5 puntu.

Txapela gutxi ez, eta bertsorik onenaren saria ere irabazi zuen Unai Mendizabalek, zortziko txikian abestutako bertso batekin.

Lau saiotatik azkena

Guztira 18 bertsolarik hartu dute parte txapelketan, eta hiru kanporaketa jokatu dituzte finalaren aurretik. Oihana Iguaranek bigarren saioa irabazi zuen.

Erniarraitz bertso sariketa bi urtean behin antolatzen dute, bertso parrandarekin txandaka. Beraz, datorren urtean bertso parrandaren txanda izango da, eta 2018an jokatuko dute Erniarraitz lehiako IX. edizioa

Atzoko argazki gehiago Urola Kostako Hitzan

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!