Saio berezia izango da biharkoa.
Bai. Ekitaldi xumea da, trukerako balioko duena. Izan ere, oso garbi dugu bertsoa zerbait bada, gozamena dela. Unai Mendizabal 'Mendi'-k eta Maddi Etxeberriak ezagutzen diren Plazidaren bi bertsoak abestuko dituzte. Baina ezagutzen diren bi bertso horiek erantzunekoak dira, eta beraz, Plazida aipatzen duten beste bertso batzuk ere berreskuratuko ditugu. Horregatik izango da gozatzeko eta entzuteko saio bat.
Gozatzeaz gain, bilketa lan bat ere egin nahi duzue.
Saiatuko gara denon artean ikuspegiari buruz gehiago hitz egiten, hau da, zergatik Plazida bezalakoak ez diren gaur egunera bertsolari izenarekin etorri azaltzen. Beste betaurreko batzuekin ikusiz gero, egon daiteke oraindik gure etxeetan informazio baliotsu bat, hainbat bersolariren izenak berreskuratzeko eta orain arte eman ez zaien izena eta garrantzia emateko.
Aurrera begirako aukera bat ere bada, beraz.
Bakoitzak bere etxean eduki ditzakeen altxorren berri emateko aukera da. Plazidarekin horixe gertatu da. Zortea izan da bere bi bertso horiek jaso zituela Aita Zabalak Otañoren liburuetan. Baina liburu horietara iritsi ez balitz, ez ginateke bere inguruan hizketan arituko.
Era berean, bi bertso horiek liburura ekarri diren bezala, ez dira gehiago iritsi, egon den ikuspegia izan delako tabernan edo urteko jaialdian bakarrik kantatzen zena. Etxean kantatzen zenari ez zitzaiolan biltzeko garrantzia eman. Emakumeek eguneroko jardunean kantatzen zituzten bertsoak inork ez ditu gogoan. Ez dira bildu, ez dira liburutara eraman, ez zaizkie ondorengoei pasa... Ez zaie garrantziarik eman. Agian bihar bilduko garenon artean baten batek ezagutzen du etxean kantatzen zuenen bat. Eta hori biltzeko garaia orain da.
Aitari eta Txiritari erantzunez egin zituen Plazida Otañok bi bertsoak. Nolakoak dira?
Bitxiak dira. Bide batez, esango dut entzuleei jolas bat egingo diegula. Galdegingo diegu ea zeren inguruan hitz egiten duten bertsoek, imaginazio kolektiboa martxan jartzeko. Garaiak zeintzuk ziren ikusita, baten batek pentsa lezake erlijio gaien inguruan hitz egiten zuela, edo etxeko lanez, umeei buruz... Baina ez. Eskemak puskatzen ditu eta zer pentsatua ematen du, garai bateko emakumeez dugun irudia nondik iritsi ote zaigunaren inguruan, hau da, ea beraien hitzetatik jasota edo beste nonbaitetik osatu dugun. Plazidarenak sekulako bertsoak dira, maila handikoak. Bat-batekotasunaren erakusle dira.
Erantzunak, gainera, ez edonori.
Bertsolaritzan horrelako pisua zuen Txirritari momentuan erantzundakoa da bat. Horregatik benetan sekulako altxorra dira, nahiz eta bi bertso bakarrik diren. Kantatuko ez balu, edo bertsolaria ez balitz, ez lioke Txirritari bat-batean erantzungo. Plazidak asko eta erraz kantatu behar zuen.
Aita bertsolaria izanik, Pedro Mari Otaño ere lehengusua izanik... normala ere bai, ezta?
Bai, hori ere jasotzen da Hauspoako liburu horretan, Plazidaren alaba gazteena zen Adrianak horrelaxe kontatzen duelako liburuan. Teodoro Mujika herritarrak galdetzen dio ea beraien aitak, Joxe Bernardo Otañok, kantatzen ote zuen etxean. Baietz erantzun zion, isildu gabean beti bertsotan aritzen zela, bazuelako beti jarraitzen zion alabaren bat. Hor ikusten da, seme-alabak parez pare, natural, inongo bereizketarik gabe, egunerokoan etxean emakumeek zein gizonek kantatzen zutela. Plazidari ezagutzen zaion bigarren bertsoa, hain zuzen testuinguru horretakoa da. Ikusten da bazkalostean bertsotan egiten zela, eta seguraski askok etxean ikasi zutela. Bertsolarien eskola sagardotegia edo taberna zela esaten zen, beraz, mito bat dela ikusten da.
Eta zergatik ez etxean?
Seguruena, tabernan eta sagardotegian luzituko zuten etxean landutakoa. Baina entrenatu eta ikasi eta landu, etxean. Hor, noski, emakumeek ikasten zuten, gizonezkoek bezalaxe.
[Elkarrizketa osoa audioan]