Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

Feminismotik eraldaketa sozialera, Zizurkilen

Ataria 2016ko mar. 2a, 16:26

Ostiralean abiatuko dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldiak Plazidatik plazara emanaldiarekin. Kantuz eta kontuz emango dituzte Plazida Otaño eta aurreko mendeetako emakume bertsolarien berri, 19:00etan Iriarte kultur etxean.

Emakume Langileen Nazioarteko eguna dela eta Zizurkilen antolatu dituzten ekimenak aurkeztu dituzte. Era guztietako ekintzak izango dira egunotan, emakumeei aitortza egitekoak, ahalduntzekoak, festa girokoak eta baita aldarrikapenekoak ere. Eva Usandizaga, udaleko Parekidetasun zinegotziak esan duenez, "garaiak aldatzen joan dira eta aurreko mendeetan emakume izateagatik ahotsik izan ez zuten emakumeen lana argitara aterako dugu, dagokien aitortza egiteko eta jendeak beraien sormenarekin gozatzeko".

Otsailaren 24ko osoko bilkuran Feminismotik eraldaketa sozialera adierazpen instituzionala onartu zuten alderdi politikoek eta hainbat konpromiso hartu zituzten udal ordezkariek: "Herriko emakume eta talde feministekin Ahalduntze Eskola bat abian jarri, biolentzia matxistaren kontrako protokolo bat landu eta herriko puntu beltzen mapa osatzeko konpromisoa hartu du Zizurkilgo Udalak. Gainera, herriko kale izendegia errebisatu eta emakume izenak ezarri nahi ditugu. Idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabiliko dugu eta herriko jai eta ospakizunetan parte hartze parekidea landu eta sustatuko dugu, herriko taldeekin elkarlanean".

Ainhoa Larrea, kultura teknikariak eman du udalak antolatu dituen ekimenen berri. Ostiralean, martxoak 4, Plazidatik plazara emanaldia eskainiko dute Maddi Etxeberria larrauldarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarrak Iriarte kultur etxean. Bi gazteak Estitxu Eizagirre kazetariak gidatuko ditu eta Plazida Otañoren bizitzatik abiatuta, joan den mendeetako emakume bertsolarien kontuak eta kantuak emango dituzte ordubetean. Plazida, Pedro Mari Otañoren lehengusua zen, Joxe Bernardo Otañoren alaba zen eta Euskal Herrian ezagutzen den lehen bat-bateko bertsolaria izan zen. Larreak aipatu duenez, "kolpeko erantzunak botatzen zituen eta okasio batean nor eta Txirrita tokatu zitzaion parean. Sexu kontuez kantatu omen zion". Gehiago jakiteko aukera izango da, ostiralean, 19:00etatik aurrera Zizurkil Goiko Iriarte kultur etxea. 

Horrekin batera, igandean, martxoak 5, Zizurkilgo emakumeek irteera egingo dute Pasai San Pedroko Albaola museora. Ondoren, Pasai Donibanen bazkalduko dute eta bazkalostean DJ batekin "jatetxean bertan nahi dutenek gerria lasai astintzeko aukera izango dute". Zizurkilgo Udalak, bestalde, bat egin du Aizan talde feministak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituen ekitaldiekin.

Kontzentrazioa, ahalduntze tailerra eta dokumentala

Martxoaren 11n Zizurkilgo Joxe Arregi plazan batuko dira emakumeak kontzentrazioa egiteko. Arratsaldeko 19:00etarako jarri dute hitzordua. Aizan taldekoek azpimarratu dutenez, "martxoaren 8a aldarrikatzeko egun bat da, baina ez aurpegia garbitzekoa. Puntu morea balkoitik zintzilikatu eta kontzentrazio bat deitzearekin ez da nahikoa, gero urte guztian gaia ez bada lantzen".

Kontzentrazioaren biharamunean, martxoaren 12an, ahalduntze tailer bat egingo dute Atxulondo kultur etxean. "Ahalduntzen saiatuko gara eta ez dugu bakarrik autoestimaren gaia landuko, desjabetu zaizkigun gauzez berriz jabetu nahi genuke emakumeok". Zizurkil eta inguruko adin guztietako emakumeak daude deituta tailerrean parte hartzera, larunbata goizean, 11:00etatik 14:00etara. Ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Bukatzeko, martxoaren 18an, Aizan talde feministak hilero antolatzen duen dokumental proiekzio sortaren barruan Amatasuna eta feminismoa lana esakiniko dute. 18:30ean izango da Atxulondo kultur etxean.

Programazio oparoa da aurtengorako prestatutakoa Zizurkilen. "Gazteak, helduak zein adinekoak" gonbidatu ditu parte hartzera, Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordeak. "Denon ekimenez ea lortzen dugun, aurreko garaian zegokien lekua izan ez zutenei ahotsa ematea eta gaurko emakumeei baliabideak eskaintzea parekidetasunerako bideak urratzeko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!