Eneko Agirre: «Ez nago lehen postuetatik hain urruti»

Mikel Iraola 2016ko ots. 18a, 11:44

Lehen aldiz Frantziako Alpeetako La Valgaude Traineau lasterketan parte hartu du Eneko Agirre zizurkildarrak bere sei txakurrekin, eta podiumeko hirugarren postua zapaldu du.

 

Urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra Frantziako Alpeetako La Valgaude Traineau lasterketan parte hartu du Eneko Agirre zizurkildarrak. Gisa honetako lehen esperientzia izan du, eta gainera, baldintza «oso txarretan» lehiatzea egokitu zaio, baina esperientziak merezi izan du: hirugarren amaitu du.

Kokatzearren, zein ezaugarri ditu La Valgaude Traineau lasterketak?

Alpeetako Gap herriaren inguruko mendietan jokatzen da. Zortzi eguneko lasterketa da, eta egun bakoitzean distantzia erdiko etapak izaten dira, 25 eta 80 kilometro artekok hain zuzen. Ideia bat egitearren, txirrindularitzan Tour edo Itzuli bat egitea bezala izan da. Leran egin behar ziren, sei txakurrekin. Beste bi txakur, berriz, ordezkoak ziren, eta egunez egun aldaketak egiteko aukera zegoen. Normalean eskiekin ibiltzen naiz, bi txakurrekin, beraz, gisa honetako nire lehen esperientzia izan da.

Zer dela eta aldaketa hau?

Astebete baino gehiagoko txapelketa batean lehiatu nahi nuen. Pirinioetan lehen bazegoen bat, baina dagoeneko ez da egiten. Beraz, Alpeetara joan behar izan dut. Lasterketa bat baino gehiago begiratzen aritu nintzen, baina bat aukeratu behar nuen eta Valgaude-koa aukeratu nuen, bailara oso itxia eta estua delako. Inguruko mendiak 3.000 metro baino altuagoak dira, eta modu horretara, elurra izango genuela ziurtatuta zegoen. Izaten ari garen negu berezi honen ondoren, segurtasuna izan nahi nuen. Antolatzaileei eta bertan egondakoei galdetu nien, eta azkenean hori egitea erabaki nuen. Oporrak bezala izan dira niretzat, etxetik haraino 1.100 kilometro egin behar izan baititut, nire poltsikotik ordainduta.

Baldintzak, ordea, ez dira uste bezain onak izan, ezta?

Oso baldintza txarrak izan ditugu, elur aldetik. Lau eski estaziotan egin behar genituen etapak, eta joan aurretik antolatzaileek ohartarazi gintuzten horietako bi itxita zeudela eta aldaketak izango zirela. Ondorioz, zortzi etapa beharrean sei jokatu ziren, eta 30 kilometrokoak izan beharrean, 10 kilometrora laburtu zituzten horietako bost. Distantzia erdiko lasterketa zena, sprint distantziakoa bihurtu zen. Lasterketa bete-betean ere egoerak okerrera egin zuen.

Zer gertatu zen?

Larunbatean ekin genion lasterketari. Pentsa, topatu genuen elurra Gabonen aurretik egin zuena izan zen, oraindik mantentzen zena. Baldintza onak ziren lehiatzeko. Iganderako elur gehiago espero zen, baina euria egin zuen eta horrek guztiz hondatu zuen elurra.

Kontuak kontu, hirugarrena izan zara.

Bai, horrela izan da. Gure kategorian maila altua zegoen. Tartean, pasa den urteko Munduko Txapelketa irabazi zuen musherra zegoen; Itoitz Armendariz ere bai. Berari laguntzen izan naiz beste urte batzuetan, eta oraingoan biak lehiatu gara. Bera izan da, gainera, lasterketako irabazlea, eta bigarren geratu da Munduko Txapelduna. Podiumera igotzea niretzat izugarria izan da. Gainera, beste lasterketa garrantzitsu askotan lehen hamarren artean ibiltzen diren asko nire atzetik geratu dira.

Garaipenarekin amestu zenuen?

Izan ziren baldintzak ikusita, ez nuen hain urruti izan. Lehen etapan arazo asko izan nituen irteerara iristeko. Bizkarrean L-a nuela joan nintzen, txakurrentzat ere zerbait berria zen, eta lehen etapan nabaritu zen hori. Eskiekin bi txakur kontrolatzea erraza da. Lerarekin, ordea, sei txakur gidatzea, zaila. Urduritasuna nuen eta txakurrek ere hori sumatu zuten.

Zer geratu zitzaizun, bada, lehen etapan?

Lehen etapa oso teknikoa zen: azkarra, bihurgune askokoa, eta tartean zubi batzuk ere pasa behar ziren. Egin behar ez zena egin nuen: txakurrei beren kabuz joaten utzi. Esan dizudan moduan nire lehen esperientzia izaki, urduri nengoen. Irteera baino lehen horrenbeste leraren joan-etorriarekin estres egoeran geunden, ni eta txakurrak. Lasterketa hasi ahala, berriz, urduritasunak atzean utzi nituen. Gozatu egin nuen lehen kilometroetan, baina aurrera egin ahala, txakurrak arazoak izaten hasi ziren.

Zer dela eta?

Gaixotasunak izan dira lasterketan zehar txakurren artean, tartean, beherako nahiko larriak. Nire txakur batzuk sekulako beherakoa izan zuten. Horrek desidratatuta egotea esan nahi du. Pentsa, 30 kilometroko lehen etapan, hasieran guztiok gozatu genuen. Baina 20. kilometroan liderra huts egiten hasi zen. Azken kilometroetan txakur hori leran sartu behar izan nuen. Horrek esan nahi du 28 kilo gehitu nizkiola lerari eta txakur bat gutxiagorekin aurrera egin behar izan genuela. Txakur asko zeharo makalduta iritsi ziren. Ondorioz, 11 minutu galdu nituen.

Orduan, lehen etapa horrek baldintzatu zuen emaitza?

Bai, guztiz. Itoitz Armendariz txapeldunak 10:48ko tartea atera dit azken sailkapenean. Horrek esan nahi du lehen etapan galdutako denbora alde batera utzi, eta gainontzekoetan mantendu egin dudala tarte hori. Beste asko denbora galtzen joan diren heinean, nik atzekoz aurrerako lasterketa egin dut, maila ona mantenduz. Etapa bat ere irabazteko aukera izan nuen, eta beste bitan bigarren izan nintzen.

Zer nolako balantzea egiten duzu?

Emaitza oso ona izan da, baina hori baino gehiago ikasteko balio izan du. Esan bezala, nire atzetik maila altua duten musherrak geratu dira eta iruditu zait ez nagoela lehenengo hiruretatik horren urruti. Lasterketa aurretik Itoitz berak esan zidan bosgarren postu bat ona litzatekeela, pentsa, beraz, zer izan den podiuma zapaltzea. Orotariko jendeak parte hartu zuen: ongi pasatzera joan zirenek, baina baita babesle eta guzti lehiatzera joan denik ere.

Diruak ere garrantzia du kirol honetan, ezta?

Noski. Munduko Txapelketaz gain, Norvegian ere puntako txapelketak daude, garrantzitsuenak. Hara joatea, adibidez, oso garestia da.

Izan al zara noizbait?

Aukera izan dut, baina dirurik ez. Dirua izanez gero edozertarako aukera izaten da. Hara joateko, adibidez, hilabete bat edo bi lehenagoa joan behar izaten da, entrenatzeko eta txakurrak ohitzeko. Hemen etxean, ez dago elur baldintzarik. Etxean diodanean, Baqueiran diot, izan ere, Tolosaldean ezin dugu ezer egin (barreak). Aurten, Alpeetan ere ez dago baldintzarik. Askok izen-ematea atzera bota dute ezin izan dutelako entrenatu. Beste batzuk, berriz, Norvegiara eta Suedia iparraldera joan dira. Nik ezin izan dut, baina urteren batean joango naiz. Hori ziur.

Aurrerantzean zeri begira jarriko zara?

Euskadiko Txapelketa urtarrilaren azken asteburuan egitekoa zen, baina ez zegoen elurrik. Elurra baldin bada, hori lehiatuko dut. Espainiako Txapelketa ere martxoaren 12 eta 13an jokatuko da. Tolosako txakur krosa ere martxoaren 20an izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!