Kanpotik itxura aldatu ondoren, mamiari begiratzeko ordua

Ataria 2016ko ots. 3a, 18:00

Liburutegi berria irekitzerakoan Atxulondo eraikinean espazioa libre geratuko da. Kultur etxeaz gogoeta egiteko parte hartze prozesua abiatu dute

Zenbateko eta nolako erabilera ematen diozu Atxulondori? Orokorrean, Atxulondok kultur etxe bezala zer eduki beharko luke? Etorkizuneko kultur etxearen proiektua marrazteko egin behareko hausnarketa laguntzeko bi galdera hauek jarri dituzte mahai gainean Zizurkilgo komunikazio eta parte hartze batzordeko kideek. Gaiaren inguruko lehen batzarra egingo dute martxoaren 1ean.

Herritarrei galdetzea, hori da gakoa Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkatearen ustez: «aurreko legealdian ikusi genuen herritarrekin elkarlanean burututako proiektuek eman zituztela emaitzarik hoberenak». Ikasturte hasieran estreinatu zuten igogailua eta kanpotik itxuraldatu ondoren, «herriko kultur, kirol eta herriari bizia ematen dioten eragile zein norbanakoekin» marraztu nahi dute Atxulondo kultur etxearen etorkizuna.

Komunikazio eta parte hartze batzordean biltzen diren udal ordezkari eta herritarrek prestatu dute parte hartze prozesua. Guztien izenean hitz egin du Ion Ander Esnaolak sail horretako zinegotziak: «liburutegi berriarekin, egun zerbitzu honek Atxulondon okupatzen duen espazioa libratuko genuke. Espazio hau nola edo zertarako erabili pentsatzen hasi ginenean, konturatu ginen galdera haratago luzatu behar zela. Nolabait, Atxulondo kultur etxearen eraikina bere osotasunean aztertu eta herrian dauden kultur beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko moduan antolatu behar zela».

Prozesuaren helburua «herriko kultur beharren argazki zehatza atera eta udal ordezkari eta teknikoen eskuetan uztea izango da, Atxulondo eraikinaren berrantolaketa proiektua gauzatzerakoan kontuan hartu ditzaten». Apirilerako egin asmo dute hori.

Parte hartzeko bide orria

Kultur etxea maiztasun finko batekin erabili eta euren ekimenak bertan programatzen dituzte, adibidez, herriko Bukalai dantza taldeak eta Loatzo musika eskolak. Zuzeneko eragile horiekin, aurrez aurre eta banaka bildu da komunikazio eta parte hartze batzordea eta euren ekarpenak jaso ditu.

Badira herrian kultur etxea maiztasun gutxiagorekin erabiltzen duten eragileak eta euren ohiko jarduerak aurrera eramateko Atxulondo erabiltzen ez duten kultur eragile, kirol talde eta maila sozialean mugitzen diren elkarteak. Esnaolak nabarmendu duenez, «lehenengo harremana egin dugu eragile horiekin eta prozesua bera eta helburua azaldu dizkiegu. Euren taldeetan hausnartzeko denbora emango diegu eta martxoaren 1eko batzarrean jasoko ditugu haiek egindako ekarpenak».

Zuzeneko eragileak eta norbanakoak ere gonbidatuta daude batzar horretara. Izan ere, herritar asko dira kultur etxearen erabiltzaileak, liburutegia erabili izan dutelako edota udalak bertan eskaintzen dituen ikastaroetara joaten direlako. Ekintza ugari ere antolatzen dira eta haietara jende ugari gerturatzen da. «Norbanakoen iritziak jasotzeko batetik ikastaroetan parte hartzen duten ikasleei, irakasleen bidez galdetegi bat banatuko diegu. Eta bestetik, kultur etxeari bestelako erabilera ematen dieten herritarren iritzia jasotzeko, herriko puntu estrategikoetan postontziak jarriko ditugu, galdetegiko erantzunak bertan uzteko». Atxulondo, Egarri, Iriarte, Ogi Zuri eta Saski taberna zein kafetegietan egongo dira otsaila osoan zehar.

Postontzietan jasotako galdetegiak, eragileekin martxoan egindako batzarrean bildutako ekarpenak eta erabiltzaile zuzenek egin dituzten hausnarketan esandakoak aztertu eta txosten batean bilduko dira. Apirilean egingo den batzarrean txostenari oniritzia eman eta udal ordezkari eta teknikarien esku utziko dira ondorioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!