Jokin Alberdi 34. Munduko Txapelketan

Asier Imaz 2016ko urt. 31a, 18:08

Belgikan Ziklokros Munduko Txapelketa jokatzen ari da, Heusden-Zolder-en. Zizurkildarra bertan izan da, eta atzo izan zen juniorren lasterketan parte hartu zuen. Gauzak ez zitzaizkion nahi bezala joan Alberdiri.

Denboraldi honetan prestakuntza aldatu zuen Jokin Alberdik, garai honetara sasoiko iristeko. Munduko Txapelketa eta Munduko Kopako lasterketetan ongi ibili nahi zuen zizurkildarrak. Horregatik, lasaiago ekin zion denboraldiari. Nabari zen prestaketa hori bere fruituak ematen ari zela, Alberdi indartsu baitzebilen azken lasterketetan. Belgikara postu on baten bila joan zen, baina ezinezkoa izan da, eta 34. amaitu zuen larunbatean.

Gorputzaldi onean zela esan zuen zizurkildarrak lasterketa amaieran, baina zoritxarreko gertaera batek galerazi zion postu on batean amaitzea. Alberdik erorikoa izan zuen, eta horren ondorioz, txirrindulari ugarik hartu zioten aurrea. Erorikoa malda behera izan zuen, "behar baino azkarrago jaisteagatik". Horren ondorioz, bere burua 60. postutik atzera ikusi behar izan zuen lehen itzulian. Txirrindulari mordua aurreratu arren, tropel burua urrunegi gelditu zitzaion Alberdiri.

Ia denboraldi osoan atzetik izan duen Ivan Feijook zortzigarren amaitu zuen. Erorikoa gertatu baino lehen Alberdi berarekin zen. Alberdi Feijoo baino gehiago izan da denboraldiaren zati honetan, argi eta garbi. Baina larunbatean, atzetik helmugaratu zena Jokin Alberdi izan zen, sentsazio garratzarekin.

Hala eta guztiz ere denboraldi borobila osatu du zizurkildarrak, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak irabazita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!