Kutxabankek herriko kutxazain bakarra kendu du Zizurkilen

Ataria 2016ko urtarrilaren 29a

Zizurkilgo udal gobernuak salaketa publikoa egin du eta "aurrez inolako jakinarazpenik gabe kendu izana udalarekiko errespetu falta dela" esan du. Hurrengo udalbatzan gaiaren inguruko mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

3.000 biztanle inguru ditu Zizurkilek eta Pasusenean kokatuta zegoen herriko kutxazain bakarra. Udal gobernuaren ustez, "erabakiak zizurkildarrekiko errespetu falta handia erakusten du". Herrian dauden zerbitzuei "eustea eta horiek hobetzea" izan du helburutzat Zizurkilgo udal gobernuak eta "erabaki hau guztiz aurkako norabidean doa, Zizurkilgo komertzioa ere kaltetuz".

Azken erabakiaren aurrean EH Bilduk mozioa aurkeztuko du hurrengo udalbatzan eta era berean, elkarrizketak abiatuko ditu zuzenean Kutxabankeko arduradunekin. Kaleratutako oharrean udal gobernuak adierazi duenez, "alternatibak mahai gainean jartzeko prest gaude, eta emandako lehen urratsek erantzun baikorrik ez badute, ez dugu baztertzen bestelako erabakiak hartzea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!