"Diasporak zer esan handia izan dezake Euskal Herriaren burujabetza prozesuan"

Ataria 2016ko urt. 21a, 09:51

Askotariko jatorria du Cesar Arrondok (Laprida, Argentina, 1955). Amaren aldeko aitona-amonak suitzarrak eta maputxeak zituen. Aitaren aita, aldiz, Antzuolan (Gipuzkoa) jaiotakoa zen eta Kubako gerratik ihesi, 1898an erbesteratu zen Argentinan. Nafarroako erreinuak hartzen zituen lurralde guztietako jatorria duela dio, harro, Arrondok, aitaren ama Izpurakoa (Nafarroa Beherea) baitzuen. Ez du hutsik egiten urtero Bilbon euskal presoen eskubideen alde egiten den manifestaziora, eta bisita baliatu du aspaldiko lagunak agurtzeko.

Zein harreman duzu Zizurkilekin eta Hernandorena elkartearekin?

La Platan jaio nintzen eta bertako unibertsitatean historia irakasten dut. Duela zortzi urte Eusko Jaurlaritza eta La Platako unibertsitatearen arteko hitzarmen baten ondorioz euskarazko irakurle postua sortu genuen. Euskal Herritik irakasle bat bidaltzen dute urtero eta argentinar euskaldunon komunitatean euskarara gerturatu nahi dutenei aukera ematen zaie gure hizkuntza ikasteko. Hain zuzen, unibertsitatera gonbidatu genuen bigarren irakaslea Maialen Azkue zizurkildarra izan zen. Urteotan harremana mantendu dut berarekin eta baita, Hernandorena elkartekoekin ere. Beraz, Euskal Herrira urtero egiten dudan bisita baliatzen dut Zizurkilera etorri eta bertako lagunekin egoteko.

Lagundu duzu, baita ere, Otañoren inguruko ikerketetan.

Pello Mari Otaño bertsolari izateaz gain, Buenos Aireseko lehen euskara irakaslea izan zen. Saioak emateko erabiltzen zuen gramatika eta ikasleen inguruan egiten zituen oharrak topatu genituen. Dokumentazio hori guztia Euskal Herrira ekarri eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi genuen dohaintzan. Gaur egun eskuizkribuak Koldo Mitxelena kulturunean daude ikusgai. Gainera, ezustean jakin genuen La Platako hilerrian ehortzia dagoela Otaño eta bere ondorengoen ezaguera ere egin genuen. Informazio hori guztia Hernandorena kultur elkarteak argitalpen batean bildu zuen eta nik bertan parte hartu nuen artikulu bat idatziz. Argentinako euskaldunok estimu handitan dugu Otaño eta horren lekuko da unibertsitatean egin genion omenaldia.

Zein da diasporaren egoera Argentinan?

Nire espezialitatea Argentinako historia garaikidea da, baina behar batek bultzatuta euskal gaiak ere aztertu izan ditut: diaspora, erakundeak, inmigrazioa, erbestea... eta euskal prozesu politikoan ere badut interesa. Kontuan hartu behar da, 200 euskal etxe daudela mundu osoan barreiatuta eta horietatik 100 Argentinan. Ni euskal etxeen federazioko lehendakariordea izan naiz eta ezagutu ditut handiak eta indartsuak diren etxeak eta beste batzuk txikiagoak direnak. Esan beharra dago, diasporak desafio handia duela hurrengo 10-15 urtetarako. Inoiz gertatu ez dena pasako da: euskal etxeak bigarren, hirugarren eta laugarren belaunaldi euskal-argentinarren esku geratuko dira. Haiek eman beharko dute euskal nazioaren testigantza Argentinan eta gure kultura eta eskubide politikoen alde egin beharko dute. 2016ko uztailaren 9an beteko dira 200 urte Argentina burujabe dela, guretzako ohore bat da hori eta nahiko genuke borondatea agertzen duten munduko nazioek ere independentziarako aukera hori bera izatea. Euskal Herrian hiru milioi pertsona bizi dira eta diasporan sei. Beraz, Irlanda, Israel edo Armeniako estatuen sorreretan gertatu bezala diasporak zer esana izan dezake Euskal Herriko burujabetza prozesuan.

Zuek prozesu horiek aztertzen dituzue unibertsitatean.

La Platako Unibertsitate Nazionaleko Zuzenbide fakultatean estaturik gabeko nazioen behatoki bat sortu genuen duela hiru urte eta bertan euskaldunak, katalanak edota kurduak aritzen gara geure arazoen berri emanez. Mintegiak antolatu ditugu eta Ameriketako jatorrizko herrien inguruan azterketak egin izan ditugu. Iaz saharauiarren eta kurduen testigantzak jaso genituen behatokian eta herri bezala zailtasun handiak pasatzen dituztela ikusi genuen, munduaren erdigunetik aparte dauden nazioak direlako. Herri horiek, hala ere, badute eskubidea burujabe izateko. Berdina Kataluniako prozesuarekin. Ilusio handiz ikusten dugu osatu den gobernu berria eta 18 hilabete hauek giltzarri izango direla uste dugu, Katalunia errepublika independente bihur dadin.

Nola ikusten duzu gaur egun Euskal Herrian egoera politikoa?

EH Bilduk azken hauteskundeetan izan duen beherakadak arreta eman dit. Ahal Duguk izan duen arrakasta deigarria egin zait baina jendeak badu eskubidea ilusioa izateko. Ezin da esan botoa nori ematen zaionaren arabera, jendeak batzuetan ondo eta bestetan gaizki bozkatzen duenik. EH Bildu osatzen duten alderdiek orain patxadaz egin beharko dute gogoeta, ez bakarrik estrategiak, baizik eta proposamenak ere herritarrei ondo komunikatzeko. Ni Eusko Alkartasunaren aldekoa naiz, Argentinan ere badugu alderdi horren babeserako talde bat. Bere garaian, Arnaldo Otegi libre uzteko manifestazioan parte hartu nuen eta kalean ikustea espero dut apirilean. Aurtengo udazkenean izango diren hauteskundeei begira EAEn EH Bilduren gobernu bat ikusi nahi nuke, Otegi lehendakari eta Urizar lehendakariorde direla. Desafio handia dugu aurtengo urtearen amaieran eta uste dut koalizioak pertsona egokiak aukeratuko dituela erronka horretarako.

Baduzu esperantza etorkizunean?

Gure aitona zenak arrazoi politikoengatik bidaiatu zuen Argentinara. Nik uste nuen Euskal Herria independente bat ikusiko nuela, baina egia da luze doala auzia. Zazpi mila urtekoa da euskararen historia eta kate luze horretan beste katebegi bat izan gara gu, herri honen eskubide demokratikoen aldeko aldarri baketsua bere baitan eraman duen katebegia. Guk ikusten ez badugu hurrengo belaunaldiek ezagutuko dute independentzia. Nire ustez, elementu batzuk beharrezkoak dira politika egiteko: umiltasuna eta besteen pentsaerarekiko errespetua. Norberak bat egin behar du esaten duenarekin eta malgua izan behar du, mundua oso aldakorra baita. Arazo berdinei badago irtenbidea modu askotara ematea.

                                

                             Maialen Azkue Argentinan aritu zen irakasle 2009an

Zizurkilgo ezagun baten bitartez ezagutu zuen Maialen Azkuek (Zizurkil, 1985) Cesar Arrondo. Eusko Jaurlaritzak eta La Platako unibertsitateak sinatu zuten hitzarmenaren harira euskara irakasle baten bila zenbiltzan. Curriculuma aurkeztu, Arrondorekin elkarrizketa egin eta irakasle hautatu zuten. 10 hilabete eman zituen La Platan.

Magisteritza ikasketak eginak zituen eta euskara klase batzuk emanak ere bai. Argentinan antzeko ikasleekin egin zuen topo: «Gehienek hizkuntzaz ez zekiten ezer, baina aukera libreko ikasgai bat zenez, ikasle denek interes handia agertzen zuten euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Baziren euskal jatorria zutenak, baina ez zen denen kasua». Eroso aritu zen Azkue euskara irakasten La Platako unibertsitatean.

«Oso esperientzia ona izan zen niretzako, gehienbat aberasgarria arlo pertsonalean». Argentinarako egonaldia Hego Amerikako beste hainbat herrialde ezagutzeko baliatu zuen zizurkildarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!