«Lehen bi itzulietan Larrinaga eta horiekin joan nintzen»

Asier Imaz 2016ko urt. 6a, 10:57

Argazkian, Jokin Alberdi txirrindularia Asteasuko lasterketan

Urtea bikain hasi du Jokin Alberdik (Zizurkil, 1998). Ormaiztegin erakustaldia eskaini zuen, zaharragoen aurka garaipena lortuz, hilaren 3an.

Orain, azken bi urteetan irabazi duen txapelketa korrituko du, Espainiakoa. Ondoren mundu mailakoak etorriko dira. Denboraldi honetan, ordea, kritikak entzutea ere tokatu zaio zizurkildarrari, nahiz eta jubenil bat besterik ez izan.

23 urte azpikoekin aritu zinen Ormaiztegin. Nolatan?
Oraindik jubenila naiz, baina bai entrenatzaileak eta baita selekzioko hautatzaileak ere, Ormaiztegin zaharragoekin korritzeko esan zidaten, munduko kopa prestatzeko.

Aurrez egin al zenuen horrelakorik?
Iaz lasterketa batean egin nuen. Baina gaixo nengoen, eta lasterketa bukatu nuen arren, erretiratzekotan egon nintzen. Aurten formaz ondo nengoen, eta proposamenari baietz esan nion.

Zer sentsazio izan zenituen?
Onak. Irteera nahiko txukuna egin nuen, eta lehen bi itzulietan Larrinaga eta horiekin joan nintzen, aurrean. Gero erasoa jo zuten, eta ni erori egin nintzen. Altxatzerako pixka bat alde eginak ziren. Julen Zubero harrapatzea lortu nuen, eta gero berarekin joan nintzen, berriro erortzera arte.

Non nabaritu zenuen aldea?
Denbora kontua dela uste dut. Formaz ondo zaudenean berdin dizu jubenilen 40 minutuko lasterketa bat egin, edo 50-60 minutukoa egin, 23 urte azpikoek eta eliteek egiten duten bezala. Aldea iraupenean dagoela uste dut.

Jubeniletan bakarrik ikusi izan zaitugu lasterketa buruan. Hemen Hernandez, Larrinaga... eta horien gurpilean ibili zara. Erritmoa ere desberdina izango da.
Beti bat aurrean izaten duzu, eta sufritzen zoaz, edo beste erritmo batean. Lasterketa exijenteagoa jartzen dizute.


Eta hala eta guztiz ere, 23 urtez azpikoa irabaztea lortu zenuen.
Nire lasterketa egitera atera nintzen, ez irabaztera. Ahal nuen ondoena egin nuen, eta gero irabazteko aukera zegoela ikusi nuenean, aurrera segi nuen helmugara bitarte.


Forma aipatu duzu lehen. Belgikan egon zara abenduan, Munduko Kopan, horrek lagunduko zizun.
Hor beste erritmo batean ibiltzen zara, beste gorpuzkera batekin. Beti topera eramaten zaituzte, eta hona etortzean hori nabaritzen da.


Nazioarteko lasterketa batean lortu duzun emaitzik onena lortu zenuen gainera, hamaikagarren.
Ez nuen horrelako posturik, ez. Namurreko lasterketan izan zen. Lehen itzulian itxi egin zidaten, eta 40. pasa nintzen. Azken bueltan zazpigarren jartzea lortu nuen, baina bizikletak akats bat izan zuen, eta hamaikagarren amaitu nuen; ondo.  


Aurtengo denboraldia iazkoa bezain ona ez dela esan dutenei...
Azkenean jendeak esaten dituen kontuak dira: iaz baino lasterketa gutxiago irabazi ditudala, okerrago nabilela... Iaz prestakuntza desberdina egin nuen; hasieratik bukaera bitarte ia topera egoteko. Baina ezin da lau edo bost hilabete topera egon. Aurten beste prestakuntza bat egin dugu, lasaiago hasi eta abenduan eta urtarrilan tope egoteko; Munduko Kopa eta txapelketari begira. Iaz nazioarteko lasterketetan 30. edo 40. ibiltzen nintzen. Aurten egin dudan posturik txarrena, Munduko Kopan, 22. izan da.


Oraindik gaztetxo bat izanda, zer pentsatzen duzu horrelakoak entzundakoan.
Ezer ez. Jendea libre da nahi duena esateko eta pentsatzeko. Azkenean egia dakigunak etxekoak, ingurukoak, mekanikoak eta taldekoak dira. Kanpotik hitz egitea libre da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!