Kirol eta kultur ekitaldiz beteko da Zizurkil egunotan

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 10a, 14:06

Maite Amenebar eta Ainhoa Larrea, Zizurkilgo Kirol Astearen eta Liburuaren Astearen aurkezpenean, Intxaur frontoian.

Kirol Asteak gaurtik igandera arte iraungo du. Liburuaren Astea datorren astelehenetik ostiralera izango da.


Kirola eta kultura eskutik dabiltza egunotan Zizurkilen, Kirol Astean murgilduta baitago herria eta datorren astean Liburuaren Asteko hainbat ekitaldi izango baitira. Maite Amenabar Euskara eta Kultura zinegotziak eta Ainhoa Larrea Kultura teknikariak egin dute bi egitasmoen aurkezpena, eta kirolari dagokionez gaur egingo den mahai ingurua nabarmendu dute. Bertan goi mailan ari diren edo aritu diren emakume zizurkildar kirolariek parte hartuko dute: Aitziber Ibarbia mendi korrikalaria, Lurdes Gorostegi pultsulari ohia, Nagore Iraola atleta ohia eta Maitane Aburuza pilotaria. «Aurten saiakera berezia egin nahi dugu herritarrak kirola egitera animatzeko», azaldu du Amenabarrek. «Kirola egitea ona da bai gorputzaren osasunerako eta baita buruaren osasunerako ere, eta ohitura on guztiak bezala, gaztetatik hastea komenigarria denez, deialdi berezia egin nahi diegu neska gazte guztiei kirolean dabiltzan edo ibili diren emakume zizurkildarren esperientziak entzutera etor daitezen, kirola egiteko arra sortzeko helburuarekin». Hain justu, mahai inguruari Neska, kirola egin nahi duzu izenburua jarri diote.

Kirol Asteari gaur emango zaio hasiera, 100 Eguneko Erronka ekimenaren aurkezpenarekin. Bihar izango da emakume kirolarien mahai ingurua, eta etzi Hamabi orduz kirolean Zizurkilen egitasmoa. Haurren txanda izango da goizean, beraientzako kirol eta jokoak eginez Intxaur frontoian. Ondoren, eguerdian eta leku berean, Halterofiliako Eguberrietako Torneoa izango da jokoan. Frontoian jarraituko dute ekitaldiek, arratsaldean,  Urrezko Aizkolarien Kopa eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketako final erdiak jokatuko baitira. Aizkolarien lehian parte hartuko du Joseba Otaegi herritarrek eta animoak ematera joateko deialdia egin dute udaletik.

Eguna amaitzeko, XIX. Gau Krosa izango da Zizurkilen. Haurrek lehenago parte hartuko dute, eta Donostiako Aquariumera sarrera bana jasoko dute. Helduek eta gazteek parte hartuko dute ondoren; helduetan lehen hiruek oroigarriak eta diru saria jasoko dute eta gazteen mailan lehen hiruek oroigarriak. Opariak izango dira parte hartzaile guztientzat.

Kirol Asteari amaiera emateko, igandean Zizurkilgo V. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira Intxaur frontoian.

Liburuaren Astea
Astelehenean hasiko da Liburuaren Astea, Maite Franco ipuin kontaketarekin. Asteazkenean, hitzaldia izango da, Xabier Kerexetaren eskutik, Olentzerori buruz. Larreak azaldu duenez, «hitzaldiaren helburua da Zizurkilgo gurasoei Olentzeroren izaerari eta jatorriari buruzko argibideak ematea, ikusirik gaur egun Olentzero Bizarzuriren pareko pertsonaiatzat hartzen dela».

Ostegunean ere ipuin kontaketa izango da, kasu honetan Intujai taldearen eskutik. Ipuingurua saioa eskainiko da, 6-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta. «Ipuin-kontaketa horren helburua da txikienak kontzientziatzea gaur egun zenbateraino gastatzen den alferrik energia, eta aurrezteko moduak irakastea», zehaztu du Larreak.

Liburuaren Astearekin amaitzeko, hurrengo ostiralean, Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketaren sari banaketa egingo da. Aurten guztira 443 lan aurkeztu dira, bost mailatan banatuta. A eta B mailetan (6 urtetik 11 urtera artekoena), Joseba Aurkenerena eta Ixabel Millet idazleak izan dira epaimahaikideak, eta C, D eta E mailetan (12 urtetik aurrerakoetan), Joxemari Karrere eta Maite Toledo. Zizurkilgo Udalak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei eta ikastetxeei, lehiaketan erakutsi duten inplikazioagatik.

Kirol Astearen egitaraua

Abenduak 10, osteguna
19:00.
100 Eguneko Erronka ekimenaren aurkezpena Atxulondon.

Abenduak 11, ostirala
19:00. Neska, kirola egiten ikasi nahi duzu? mahai ingurua, Atxulondon. Aitziber Ibarbia, Lurdes Gorostegi, Nagore Iraola eta Maitane Aburuzak hartuko dute parte bertan.

Abenduak 12, larunbata
Hamabi orduz kirolean Zizurkilen
10:00. Haurrentzat kirol eta jokoak Intxaur frontoian, eta, ondoren, hamaiketakoa eta opari banaketa egingo da.
12:00. Halterofiliako Eguberrietako Torneoa, Intxaur frontoian.
20:00. Urrezko Aizkolarien Kopa eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketako final erdiak.
22:00. Haurren Gau Krosa. Izen ematea 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan.
22:30. XIX. Gau Krosa. Izena www.herrikrossa.com helbidean egin daiteke, 3 euro ordainduz, edo egunean bertan, 21:00etatik aurrera, 5 euro ordainduz.

Abenduak 13, igandea
10:00. Zizurkilgo V. Pilota Txapelketako finalak, Ziotza pilota eskolak antolatuta, Intxaur frontoian.

Liburuaren Astearen egitaraua

Abenduak 14, astelehena
17:15. Maite Franco ipuin kontalaria Iriarte kultur etxean.

Abenduak 16, asteazkena
18:30. Xabier Kerexetak Olentzero mito zaharra eta mito berria hitzaldia emango du Atxulondo kultur etxean.

Abenduak 17, osteguna
17:30. Intujai antzerki taldearen Ipuingurua, etxeko energia aurrezteko hamaika modu ipuin kontaketa, Atxulondo kultur etxean.

Abenduak 18, ostirala
17:30. Teodoro Hernandorena XIV. Ipuin Lehiaketako sari banaketa, Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!