Norbere burua zaintzen ikasten beharra duenaz arduratzeko

Jon Miranda Labaien 2015ko abe. 2a, 08:33

Menpekotasuna duten senitartekoak zaintzen dituzten pertsonentzako ikastaroa ematen dute

Alzehimerra, autismoa, down sindromea edota depresioa duten pertsonak zaintzen ibiltzen direnentzako ikastaroa eskaintzen ari dira Zizurkilen iraila hasieratik. Dependentzia duten pertsonen zaintza izenburua darama ikastaroak eta Silvia Camio psikologoak eskaintzen du Aiztondo Zerbitzuen Makomunitatearen eskutik.

Hamabostean behin Atxulondo kultur etxera gerturatzen den pertsonetako bat da Ana Irastorza: «Ondo egiten dit hona etortzeak. Nik amaginarreba zaintzen dut eta hasieran oso zaila egiten zitzaidan harekiko tratua. Beste era batera eramaten ikasi dut ikastaroari esker».

2013an Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak ikerketa bat burutu zuen zaintzaileek dituzten beharrak identifikatzeko. Zahira Castillo, mankomunitatetik bideratzen den Zaintzaileak zainduz programaren koordinatzaileak azaldu bezala, «menpekotasun bat duten pertsonen zaintzaileentzat laguntzak bideratzen dira foru aldunditik. Baldintza batzuk bete behar dira horretarako eta betetzen ez badira, zaintzaile profesionalak kontratatzeko laguntzak ere ematen dira». Eskaera horiek guztiak, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik bideratzen dira, eta beraz, identifikatuta dituzte Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen dauden zaintzaile familiar nahiz profesionalak.

«2013an egin genuen ikerketak agerian utzi zuen zaintzaileek formazio behar handia dutela. Zaintzaileak zainduz programaren bitartez formakuntza hori bermatzen saiatzen gara. Antolatzen ditugu ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak», dio Castillok.

Irailean Zizurkilen abiatu zen ikastaroan 16 lagunek eman zuten izena eta erdiak hartzen du parte aktiboki hilean bitan izaten diren bileretan. Silvia Camiok dinamizatzen du taldea eta bere esanetan «emakumeak eta helduak izaten dira gehienetan zaintzaileak. Bi gizonezko ere gerturatzen zaizkigu, hauek ere 70 urtetik gorakoak, euren emazteen zaintzaz arduratzen direnak». Jarraibide orokor batzuk ematen zaizkie zaintzaileei, dependentzia klase bakoitzak bere ñabardurak izaten dituelako. «Nagusiki emozioen kudeaketa lantzen dugu. Manipulazio emozionaletan ez erortzeko tresnak ematen ditugu eta tristezia edo haserrea bezalako sentimenduak ohikoak direla esaten diegu. Hemen hori guztia adierazteko espazioa eskaintzen diegu», dio Camiok.

Materiala prestatuta eraman arren, parte hartzaileen esperientzietatik abiatzen dira saioa dinamizatzeko: «Aholkuak elkarri ematen dizkiete askotan». Bilera hauetan jasotzen duten babesa azpimarratu du Feli Mendizabalek, ikastaroan parte hartzen duen emakumeak: «2013tik daramat nik saio hauetan parte hartzen eta besteen esperientzietatik asko ikasten dugu. Nik, jasotako ezagupen horiei guztiei esker, hobeto dominatzen dut nire senitartekoa. Tontakeriak diruditen gauzak dira, baina guri asko laguntzen digute».

Dependentzia duten pertsonen zaintza ikastaroa foru aldundiaren Sendian programaren bitartez bideratzen da. Programa horrek, laguntza taldeak, terapia indibidualak eta ikastaroak eskaintzen ditu. Matia fundazioaren bitartez kudeatzen du aldundiak eta bertan aritzen da psikologo bezala Silvia Camio. Senitartekoak zaintzen dituzten pertsonek bakarrik parte har dezakete ikastaroan.

Zahira Castillok aipatu duenez, «Zaintzaileak zainduz programan saiatzen gara familiarrak ez diren zaintzaileentzako ere zabalik izango diren saioak antolatzen. Horretarako, beste elkarteekin aritzen gara elkarlanean». Lahar elkartearekin, azaroan, Mobilizazioak eta transferentziak tailerra antolatu zuten eta Villabonako anbulatorioarekin batera, zaintzaileentzako beste ekimen bat gauzatu zuten. «Badira zaintzaren jardunarekin zerikusia duten saioak eta beste batzuk berriz, emozioen kudeaketarekin zerikusi handiagoa dute».

Camiok argi adierazi du: «Zaintzaileak bere burua zaintzen ikasi behar du; bere buruarekin ondo badago, ondo egongo da ingurunearekin eta hobeto zainduko du dependentzia duen pertsona».

Asmo horrekin Zizurkilen eskaintzen den ikastaroa amaitzearekin batera, martxoan, laguntza talde bat jarriko da martxan Aiztondon. «Aurreko taldearen jarraipen moduko bat izango da, baina zaintzaile berriei ere ateak ireki nahi dizkiegu», aipatu dute mankomunitatetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!