Urrezko Aizkolarien Txapelketatik kanpo Irazu

Asier Imaz 2015ko aza. 30a, 19:14
Argazkian, Jon Irazu aizkolaria

Urrezko Aizkolarien Txapelketatik kanpo geratu da Jon Irazu. Zizurkildarra Juanjo Lopezek utzi du kanpoan. Asteburuko bigarren kanporaketan, Ruben Saralegik Jon Rekondo herkidea kaleratu zuen.

Jon Irazuren txapelketa amaitu da. Zizurkildarra faborito bezala agertzen zen Lopezen aurkako lehian, baina kale egin zuen. Bi aizkolariren artekoa Bilbon jokatu zen, igandean. 12 kanaerdiko ebaki behar zituzten, eta Lopez Azpilikueta izan zen lehena botatzen azkarrena; 1:24ko denborarekin. Zizurkildarrak 12 segundo gehiago behar izan zituen. Ondoren, ordea, Irazuk buelta eman zion, eta hirugarren enborra aurretik ebaki zuen. Laugarrengoan aldea 10 segundora zabaldu zuen Irazuk. Hortik aurrera parean ibili ziren bi aizkolariak, baina zortzigarren enborrean Lopezek ihes egin zuen: bi segundo atzetik joatetik 41 segundoko aldea izatera pasa zen. Irazuri ahar begi bat tokatu zitzaion zortzigarren enbor horretan, baina ez zen hori izan lehia galtzearen benetako arrazoia.

Bederatzigarren enborretik aurrera berriro ere tartea iraultzen saiatu zen Irazu, eta 25 segunduren bueltara iritsi zen, baina azken aurreko enborra zenez, ezin izan zuen garaipenik lortu. Amaieran, Lopezek 31:38an bukatu zituen lanak, eta zizurkildarrak 32:44an.

Porrotaren benetako arrazoiak Jon Irazu berak argitzen ditu: «Ahar begia ez da aitzakia, aurrez beste bi ere paseak nituen. Ez nintzen ondo joan. Fisikoki ez ondo, txisparik gabe... Ondo izan banintz, zortzigarren enbor horretara abantaila handiagoarekin iritsiko nintzen. Lana berez gustukoa dut, baina bizitzan ez da dena aizkora. Gu ez gara aizkolari profesionalak, eta lan egin behar izaten dugu. Aurreko aste osoan lanean ibili naiz, goizetik gauera».

Beraz, esan daiteke, Lopezi errespetua galdu gabe, Irazuren afizioari ogibideak irabazi ziola igandean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!