«Logika da robotikaren oinarria eta norberaren irudimena muga bakarra»

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 19a, 10:08

Beñat Madariagak (Zizurkil, 1996), herriko urteroko azokan bere robotak erakutsi zituen eta umeekin saioak eskaini izan ditu Gaztezulon

2015eko urriaren 21ean egin dugu hitzordua Beñat Madariagarekin (Zizurkil, 1996). Egun horretara bidaiatu zuten Back to the future filmako protagonistek. Gaur egun, filmean agertzen diren tresna asko errealitate dira robotikari esker.

Zergatik aukeratu zenituen robotika eta automatismo ikasketak?

DBHn ari nintzela, informatika klase batean robotikaren hastapenak eman genituen eta horregatik erabaki nuen Andoainen batxilergo teknologikoa ikastea. Han ari nintzela, Euskadi mailako robotika txapelketa batean parte hartu nuen. Gero, unibertsitatean informatika ikasketak egiten hasi nintzen baina berehala konturatu nintzen hori ez zela nire bidea. Beti robotika munduan ibili izan naizenez, horren inguruko gradua egitea pentsatu nuen. Eta orain, ikasketa horiek burutzen ari naiz Ordizian.

Zenbateko iraupena dute ikasketa horiek?

Goi mailako gradua da eta Robotika eta Automatismoa du izena. Bi urteko ikasketak dira, lehenengoan teoria da gehienbat ikasten duguna eta gero praktikak egiteko aukera izango dugu, bigarren urtean.

Batxilergoa ikasten ari zinela robotikarekin harremana izan al zenuen?

First Lego League txapelketara aurkeztu ginen batxilergoa ikasten ari ginela. Taldean aurkeztu zaitezke txapelketara eta proiektu zientifiko bat, robotaren proiektua eta bukatzeko, proiektu teknikoa eskatzen dizute. Lehenengo urte hartan, helduei laguntzeko balio zuen guk pentsatutako robotak. Galtzak automatikoki janzteko balio zuen. Makurtu gabe, hankak sartu eta robotak igotzen zizkizun galtzak. Prototipo bat izan zen egin genuena eta saria eskuratu genuen.

Sari gehiago eskuratu al dituzu?

Batxilergoko bigarren urtean ere aurkeztu ginen lehiaketara. Proiektu zientifikoagoa zen teknologikoagoa baino. Espainia mailara pasa ginen proiektu horrekin eta saria eman ziguten. Hondamendi natural bat gertatzen denean lehen hiru egunetan nola biziraun daitekeen azaltzeko balio zuen. Gezurrezko GKE bat sortu genuen proiektu horretarako.

Begirale bezala ere aritu zara. Nola sortu zitzaizun aukera?

16 urterekin, La Sallen nenbilela irakaslea gerturatu zitzaigun esanez Bilbon sortu berri zen Camp Tecnológico zelakoan begiraleak behar zituztela. Ni robotikan ondo moldatzen nintzenez izena eman nuen eta orduan hasi nintzen begirale.

Zer da 'Camp Tecnológico' delako proiektua?

Bilbon hasi zen proiektu hori eta gaur egun estatu osoan zabalduta dago. Umeentzako kanpamentu modukoak dira, Eguberrietan, Aste Santutan edo udan antolatzen dira. Donostiara joaten naiz ni begirale. First Lego League lehiaketan ere parte hartzen dute gerturatzen diren umeek.

Zer nolako lana egiten duzu begirale gisa?

Camp Tecnológico-ren eskutik gisa honetako udalekuak antolatu izan dira Gipuzkoan barrena, herri txikietan. Astebeteko iraupena izaten dute eta ni gerturatzen naiz bertara azalpenak eman eta umeekin egotera. Lehenengo egunean robotak muntatu eta nola ibiltzen diren ikasten da. Bigarren egunean oinarrizko programazioa erakusten zaie eta hirugarren eta laugarren egunetan nik jarritako misioak programatu behar izaten dituzte. Azkenean, robota desmuntatu eta beraiek nahi duten bezala egin behar dute. Astebete horretan ikasten dutenaren berri ematen diegu umeen gurasoei eta askotan haiek geratzen dira zur eta lur, umeak baino harrituago.

Zein adinetako umeekin ibiltzen zara?

Normalean, 9-10 urtetik 16ra bitarteentzako izaten da legoa. Txikiagoentzat ere izaten dira robotak, oinarrizkoena ikasteko, 4-5 urtetik aurrera hasi daitezke.

Garai bateko lego jolasetik zein aldaketa dakar gaur egungoak?

Jendeak gehienbat ezagutzen duen legoa, betikoa da, elkarrekin lotzen diren piezak horiek, alegia. Lego enpresak beste pauso bat eman du. Ordenagailu inteligente bat, konputagailua deitzen zaiona sortu du. Pieza horien garuna izango litzateke konputagailua, ordenagailuan programatu eta mugikortasuna ematen dio robotari. Zerorrek programatu dezakezu, sentsore eta motorrekin. Jostailu bat zena robot bihurtu dute.

Enpresa hori al da mundu honetan dagoen bakarra?

Esan daiteke monopolioa daukala ia. Bada beste enpresa sortu berri bat baina nik behin bakarrik ikusi ahal izan dut. Bestela, jostailu bezala nagusitasuna du Legok.

Zer dakar kaxa horietako batek?

Nik daukadan robotak, esate baterako, distantziarentzako ultrahots sentsorea du, botoi bat, koloreen araberako sentsorea eta hiru motor. Haurrei jartzen zaien lehen froga izaten da, adibidez, aurrera atzera ibiltzea eta bihurguneak ematea. Gero, lehen froga zaila, kaxa bat hartu eta lekuz aldatzea izaten da.

Eta nola mugiarazten da robota?

Ordenagailuan programatzen da guztia, horretarako prestatuta dauden software batekin. Oso sinplea da erabiltzen. Komando batzuk sartu eta automatikoki emango ditu pausoak robotak. Horixe baita: automata bat. Etxean lurra garbitzeko erabiltzen diren roomba horiek ere berdin-berdin funtzionatzen dute.

Zein beste erabilpen ditu robotikak?

Umeentzako ez ezik, enpresentzako ere balio du. Prototipoak egiteko erabiltzen dute legoa, eskala txikian egin eta gero handian muntatzeko. Makina konplexu bat egin aurretik erabiltzen dute froga gisa. Merkeago ateratzen zaie. Gainera, berrerabilgarria da, desmuntatu eta berriz ere muntatu baitaiteke.

Zuk ere egin dituzu horrelako prototipoak.

Bai, adibidez, nik Zizurkil Goiko azokara fendwich bat eraman nuen eskala txikian. Kaxa bat uzten nion aurrean, play eman, kaxa igo eta bere lekuan uzten zuen. Sinplea da, logika erabili behar da. Baina ez dakien jendeak magia egiten dugula uste du.

Zerk harritzen du jendea gehien?

Bakarrik mugitzen diren robotekin geratzen da jendea harrituta. Zizurkil Gora zakur bat igo nuen. Laztantzen bazenuen soinua egiten zuen, jaten ari zela ere soinua ateratzen zuen, haserretu egiten zen, pixa egiten zuen... Hor, aldagai gehiago sartzen dira eta zailagoa da. Logika konplexua da eta niri ere kostatzen zait, askotan, hori programatzea.

Robotikaren zein arlo gustatzen zaizu zuri gehien?

Ni ez naiz ordenagailu baten aurrean geldi egotekoa. Saltseatzen ibiltzea gustatzen zait, ukitu eta ikustea nola mugitzen den, muntatzea eta eskuz lan egitea atsegin dut.

Eta non dago muga?

Legok berak ez dizkizu mugak jartzen, zure irudimena da muga bakarra. Aurrera eta atzera orekan ibiltzen diren patinete hauek ere logika berdinari erantzuten diote edota, adibidez, airean ibiltzen diren dronek.

Beraz, etorkizuna badu robotikaren munduak...

Etorkizuna baduela iruditzen zait. Baina bestalde, badakit, gizakioi lana kentzen digutela robotek. Niri robotak sortzea gustatzen zait, ez besteei lana kentzea. Gainera, bizimodu berri honek erosotasun handia ematen digu eta azkenerako alpertu egiten gara.

Jarraituko duzu gaztetxoei erakusten?

Zizurkilgo Gaztezulon lau bat klase eman ditut eta gustatuko litzaidake umeei robotika mundua gerturatzeko saio gehiago eskaintzea. Zizurkil Goiko azokan izan nintzen eta aurrerantzean, saiatuko naiz bizimodua robotikatik ateratzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!