Ikasleen eskakizunak egin dizkiete udal ordezkariei

Ataria 2015eko azaroaren 2a

Eskola Agenda 21 egitasmoaren baitan, lau proposamen zehatz egin zituzten Zizurkilgo ikastetxeek: bidegorri sarea osatzea, Udaltzaingoak kotxe hibidroa izatea, bizikleta aparkaleku egokiak jartzea eta semaforoan itsuak kontuan izatea

Joan den ikasturtean mugikortasuna landu zuen herriko ikastetxeek Agenda 21 programaren baitan. Ikasturtearen amaieran udalari zenbait proposamen egin zizkioten eta horiek aztertuta, erantzunak besapean zituztela joan dira ikastetxeetara Joxe Mari Luengo alkatea eta Maite Amenabar hezkuntza zinegotzia. "Garrantzitsua da haurrek ere ikus dezaten aztertzen ditugula euren proposamenak", nabarmendu dute Zizurkilgo udaletik.

4 proposamen

Bidegorri sareari lotuta, Zizurkilek sare osatua duela azaldu zieten udal ordezkariek baina eskaera aintzat hartuta konpromisoa hartu zuten, gaur egun, Adunarekin lotzen duen oinezko bidea legealdi honetan bertan erabat asfaltatzeko. Kotxe hibidroaren kasuan, oraindik kotxe elektriko hauek oso garestiak direla azaldu zen baina udalak jakinarazi zien ikasleei diru laguntza eskatua diola Eusko Jaurlaritzari kotxe hibidro bat erosteko. Bizikleta aparkalekuen kasuan, Zizurkilgo Udalak konpromisoa hartu du Zubimusu ikastola parean puskatutakoak kendu eta berriak jartzeko eta Danena Futbol zelaiaren sarreran ere aparkalekua jarriko du. Azkenik, itsuentzako semaforoari dagokionez, Zizurkilek duen semaforo bakarra Aldundiaren eskumenekoa dela azaldu zieten udal ordezkariek ikasleei eta eskaera Aldundiari bideratuko zaiola esan zieten.

Ikasturte honetan kontsumoa izango dute aztergai haurrek Agenda 21 programan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!