Hemendik aurrera mendebaldea ez da hain urrun egongo

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 20a, 11:18

Nork ez du amets egin cowboy izatearekin? Zizurkilen zabaldu berri den rantxoak ematen du ametsa betetzeko aukera

Muga Ranch ez da ohiko zalditegi bat. Animaliarekiko beste harreman bat sustatu nahi dute bertako arduradunek. Ez da kasualitatea westernetako giroa eskualdera ekarri nahi izatea; Filmetan hainbeste ikusi ditugun AEBko mendebalde urruneko behizainek zaldiarekiko zuten harremana berreskuratu nahi dute zabaldu berri duten rantxoan.

Juan Bautista Garcia, Naiara Oroquieta eta Zuriñe Oroquieta dira Zizurkilgo lurretan zabaldu duten zalditegiaren arduradunak. «Zalditegiaren pare-parean dagoen mugarriak Villabona, Zizurkil, Anoeta eta Asteasuko lurrak banatzen ditu. Horregatik jarri diogu Muga Ranch izena zalditegiari», dio Garciak.

Caceresen (Espainia) jaio zen arren, lau urte zituela etorri zen Andoainera eta duela 11 urte erosi zuen Garciak zalditegiaren ondoan dagoen etxea. «Afizioa betidanik izan dut eta hona bizitzera etorri nintzenean etxeko hiru zaldientzako kortak prestatu nituen. Ordura arte, zalditegian eduki izan nituen eta konturatu nintzen, etxean edukita oso bestelako harremana sortzen zela animaliekin». Hari horretatik tiraka eta urteetan trebatu ondoren iritsi da Muga Ranch proiektua: «Nik Zizurkilen umeentzako jolasak egiteko enpresa bat daramat eta etxeko zaldientzako ohea egiteko goma eske etorri zitzaizkidan Oroquieta ahizpak. Elkar ezagutu genuen eta orduan hasi ginen proiektuan pentsatzen». Zizurkilen bizi dira Oroquieta ahizpak eta ibili handia dute zaldien munduan. Zuriñek urte eta erdiko formazioa jaso du Natural Hipicen, Bartzelonan eta Juan Arakistain eta Eugenio Latorre izan ditu irakasle. Naiarak, tekniko titulua aterata dauka eta bera ere irakasle bezala arituko da zalditegian.

Garciak azaldu duenez, etxe ondoko lur sailak egokitu dituzte rantxoa egiteko eta urtebete behar izan dute lanak bukatzeko. «Aurreko neguko eguraldi txarra tarteko atzeratu egin zaigu inaugurazioa. Oraindik ere egokitzapen batzuk egitea falta zaigun arren, martxan hasteko moduan gaude». Urriaren 4an egin zuten inaugurazio ekitaldia eta okasioa baliatu zuten Ranch sorting modalitateko Euskadiko finala jokatzeko.
Western delako estiloaren barruan, proba ugari topa ditzakegu eta horiek dira Muga Ranchen jorratu nahi dituztenak. Juan Bautista Garciak azaldu du: «Ohiko hipikekin alderatuta, guk harley estiloa bultzatzen dugu. Ingurunearekin lotuta ulertzen dugu zaldia, bere erritmoa errespetatuz. Animaliarekiko harreman egokia lortzen badugu, izugarrizko aukerak ematen dizkigu».

Mendeetan zehar, baserriko lanetarako erabili izan da zaldia. Garraiobide eta nekazaritzarako tresneria berriak sartu ahala, erabilera, gehienbat, aisiarekin eta kirolarekin lotu izan da; «Guk uste dugu, maneiatzen ikasiz gero, etekin handia atera diezaiokegula zaldiari. Hemen jende askok lursailak garbitzeko erabiltzen du, baina heziketa egoki batekin harrigarria da zenbateko aukerak ematen dituen». Western modalitatearen barruko probetan zaldiek oztopoak gainditu edo ganadua nahieran ibiltzeko duten gaitasuna geratzen da agerian.

Kirol horretan sakontzeko nahia dutenek aukera izango dute Muga Ranchen. Zuriñe Oroquietak eskainiko ditu ikastaroak eta tarteka zaldiketa klase horretan adituak direnak gonbidatuko dituzte ikastaro bereziak emateko. Hilabete honen bukaeran, adibidez, Chico Ramirez izango da rantxoan.

Western estiloan sakondu gabe, zaldi gainean ibiltzen ikasi nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Publiko guztia hartu nahi dute aintzakotzat. Zalditegiko arduradunen ustez, jendearen ustea alderantzizkoa den arren, ez da afizio garestia. «Beste edozein kiroletan bezala goi mailan aritu nahi duenak gastua egin beharra dauka, baina konpainiako animalia bezala zaldia eduki nahi duenak, nahiko modu onean eskura dezake. Seguru ez dela egindako aukeraz damutuko».

Gaur egun, 16 zaldi dituzte Muga Ranchen. Garciak nabarmendu duenez, «beste bost ekarriko dizkigute hemendik gutxira eta horietatik baliagarriak zaizkigunak geratuko dira gurekin».

Zaldi hazkuntzan ere jardun nahi dute eta horretarako moxal bat erosi berri dute Bartzelonan. «Zaldi amerikarra erabiltzen dugu guk, genetika ona dauka westernean aritzeko. Ganaduarekin ibiltzera ohituta dagoen arraza da eta gihartsua izan arren oso arina. Edozein mugimendu egiteko gai da, azkarra baina aldi berean lasaia baita». Zaldi hazkuntza gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jasoko dute. Lehen sektoreari lotutako jarduera ere badelako rantxoan daramatena.

Eskualdean ibilaldiak, zaldiz

Zaldiaren bueltako bizimodua da Muga Ranchen proposatzen dutena. «Ezin du asteburuetan bakarrik hartzen dugun animalia bat izan. Denbora bat eskaini behar zaio. Zaldia ongi egon dadin saiatu behar dugu eta harreman bat landu behar dugu berarekin». Horretarako iraupen ezberdinetako irteerak proposatuko dituzte rantxoan: «Ingurune paregabeak ditugu eta pista egokiak zaldiz ibiltzeko. Hernio ingurura joan gaitezke edota Leitzaranera. Naturarekin bat egiteko aukera ematen digu zaldiak», nabarmendu du Garciak. Muga Ranchen zaldiak eroso egoteko kortak prestatuta dauzkate, baina saiatzen dira aire librean ere denbora pasa dezaten. «Beren gisara ibili daitezen saiatzen gara, guri bezalaxe, animaliei ere gustatzen baitzaie libre ibiltzea».

Euskal Herrian gisa honetako lehen zalditegia da Muga Ranch. Hemendik aurrera, pixkanaka egingo dituzte egokitzapenak eta aurrera begira, bertan egonaldiak egiteko egokituko dituzte instalakuntzak. Bien bitartean jendearentzako zabalik izango da zalditegia, Zizurkilgo Beballara auzoko 192 zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!