Azaroaren 20ra arte aurkeztu daitezke ipuinak, Teodoro Hernandorena lehiaketan

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 9a, 15:37

Zizurkilgo Udaleko Euskara Sailak Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo jendearen artean idazteko zaletasuna sustatu nahian, Teodoro Hernandorena XIV. ipuin lehiaketaren deialdia egin du.

Aurkezten diren lanek egile bakarra izan behar dute eta partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake. Lehiaketa bost mailetan banatu dute. 6 eta 8 urte artekoek orrialde bateko ipuina idatzi beharko dute. 9 eta 11 urte artekoek 2 orrialde; 12 eta 13 urtekoek gutxienez 2 eta gehienez 4 orrialde idatzi beharko dituzte. Gutxienez 3 eta gehienez 8 orrialde idatzi beharko dituzte 14 eta 16 urte artekoek eta helduen mailan, 17 urtetik gorakoenean, gutxienez 5 eta gehienez 12 orrialdeko luzera izan beharko dute ipuinek.

Kasu guztietan DIN A-4 neurrian aurkeztu beharko dira lanak eta makinaz edo ordenagailuz idatzita egon beharko dute. Gaia librea izango da eta erabili beharreko hizkuntza, euskara. Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zein diren. Zizurkilgo Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian eta idazkari bat ere izendatuko da.

Mailaz maila banatuko dituzte sariak. 12-13 urtekoen lehen sarituak 90 euro jasoko ditu, 14 eta 16 urte artekoek 150 euro eta 450 euro 17 urtetik gorakoek. Bigarren saritu guztiek eta txikienen mailakoek opariak jasoko dituzte. Sari banaketa ekitaldia, Atxulondo kultur etxean egingo da abenduaren 18an.

Lan bakoitzaren bi kopia entregatu beharko dira azaroaren 20a bitartean, egun hau barne, eguerdiko 14:00ak baino lehenago Zizurkilgo udaletxean edo udal bulegoetan. Izenburuaren alboan, egilearen izengoitia eta adina jarri beharko dira, egilearen nortasuna gordetzeko. Lanekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da. Gutun-azalaren barnealdean lanaren egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina jarriko dira. Gutun-azalaren kanpoaldean, berriz, lanaren izenburu berbera eta egilearen adina soil-soilik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!