Otaegi eta Irazu Euskal Herriko Txapelketan

Asier Imaz 2015ko urr. 9a, 09:27

Joseba Otaegik eta Jon Irazuk Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko dute, astelehenean, Basaurin. Lehen mailako txapelaren lehian guztira sei aizkolari ariko dira: bi zizurkildarrak, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti eta Mikel Larrañaga.

Finala, 12:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek 12 enbor ebaki beharko dituzte: lau kanaerdiko; lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Aurre kanporaketan egin zuten lanaren bikoitza. Orduan Aitzol Atutxa izan zen lehena, Floren Nazabalen aurretik. Arantzako aizkolaria, ordea, ez da finalean egongo. Bere lekua finaletik kanpo geratu zen Jon Rekondo leitzarrari eskaini zitzaion, baina honek ere ezezkoa eman du. Zortzigarren sailkatua Mikel Larrañaga izan zen, eta Azpeitiako aizkolari gazteak baietz esan ondoren, astelehenean Basaurin egongo da Nazabalen hutsunea betez. Finalaren aurreko kanporaketan Jon Irazu hirugarren gelditu zen.

Finalari begira, zizurkildarrak lehenik eta behin seigarren postua saihestu nahiko  luke: «Azkena egitea inori ez zaio gustatzen, beraz, hasteko postu hori ekidin nahiko nuke». Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Basaurira presiorik gabe joango dela esan du Irazuk: «Lana luzea da. Eguna eta ordua iristean egin beharra dago, eta orduan ikusiko da hirugarren postu horren bila joan edo ez. Eguna baino lehen ez dut nire burua asko estutzen; urduritasunak saioan bertan izaten ditut, baina ez daukat batere presiorik».  

Euskal Herriko Txapelketan, maila nagusian, Mikel Mindegia nafarra da txapela gehien lortu dituen aizkolaria. Ezkurrarrak 10 txapela ditu. Lehena 1977an irabazi zuen, eta ondorengoak 1980tik 1989ra, jarraian. Anjel Arrospidek eten zion bolada, 1990ean. Hortik hiru urtera, 1993an, leaburuarrak txapelketako errekorra jarri zuen, hain zuzen ere, Basaurin, 29:57ko denborarekin. Atutxak, adibidez, 40:58an egin zuen lan bera iaz Beasainen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!