Adin nagusigora iritsi da Zizurkilgo Azoka Berezia

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 7a, 17:58

Teodoro Hernandorena kalean Zizurkilgo baserritarren 5 postu eta beste 17 elikagai postu jarriko dira. Intxaur frontoian berriz 23 artisauek beren lanak erakutsiko dituzte. Igandean izango da, 11:00etatik 14:30ra eta 16:30tik 19:30ra.

Aitor Sarasua, Zizurkilgo Udaleko ingurumen zinegotziak argi adierazi zu aurkezpenean, "herriko baserritar eta artisauak dira azokaren muina eta helburu nagusia haiek egiten duten lana ezagutzera ematea da. Baserritarren produktuak erostera animatu nahi ditugu herritarrak. Asmo horrekin egin zituen lehen urratsak Zizurkilgo Azoka Bereziak eta bide horri jarraitu dio urtero urtero".

Aurten, ordea, lehen aldiz ez dira banatuko sariak herriko baserritar postuen artean. Sarasuak berak azaldu du: "azokarekin hasi ginenean, baserri gehiagok parte hartzen zuten eta lehia polita sortzen zen, baina, gaur egun, izaera hori galdu egin da herriko baserritar gutxiagok parte hartzen duelako". Zizurkil bertako Loidi, Menditarte eta Etxeberritxo baserriek jarriko dute postua igandean eta herrikoak diren Ogi Zurik eta Garazi loradendak ere parte hartuko dute. Beste 17 elikagai postu ere izango dira Teodoro Hernandorena kalean.

Intxaur frontoian lanak erakutsiko dituzten 23 artisauen artean ere badira zizurkildarrak. Besteak beste, patchwork, akuarelak eta koadroak jarriko dituzte herriko zazpi artistek.

Herritarren parte hartzea ez da horretara mugatuko: Beñat Madariagak robotika eta automozioarekin lotutako postua jarriko du igandean eta berak egindako robotak joan etorrian ibiliko dira Intxaur frontoian. Ainhoa Larrea, Zizurkilgo kultura teknikariak azaldu duenez, "iaz abiatutako bideari eutsi nahi diogu aurten eta nekazaritza, teknologia berriekin lotuko dugu". Errenteriako Don Bosco ikastetxeko irakasle eta ikasleek postua jarriko dute hiru dimentsioko inprimagailuekin. "Gerturatzen diren guztiek ikusi ahal izango dute nola funtzionatzen duten mota horretako tresnek eta zenbat motatako produktuak sortzeko gai diren", nabarmendu du Larreak.

Beste hainbat postu berezi izango dira igandeko azokan. Herriko San Millan eta Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek ere jarriko dute postua eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak txoko berezia izango du. Batel bat ekarriko dute, eta bi arotz arituko dira hura eraikitzeko lanetan. Aurtengo berrikuntzetako bat izango da hori.

Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak aurtengo edizioari egin dio erreferentzia, "adinez nagusi izatera iritsi da azoka. Ez da lan makala izan, zaila baita urtero nobedadeak aurkitzea eta ukitu berezia ematen saiatzea". Zizurkilgo Udalaren eta Zizurkil Goiko festa batzordearen elkarlana nabarmendu du Amenabarrek eta "bereziki eskertu nahi dugu, azokaren bueltan lanean aritzen den boluntario taldea".

Azokarekin batera, egun osoko festa

Azoka laguntzeko ekimen ugari prestatu dituzte iganderako Zizurkilen. Haurrei dagokionez, jolasak eta puzgarriak egongo dira goiz eta arratsaldez, udaletxe aurrealdean. Horrez gain, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, pottoken gainean ibiltzeko aukera izango da.

"Herri bazkaria azkeneko urteetan oso arrakastatsua izan da eta aurten bide beretik antolatzea erabaki dugu", esan du Sarasuak. Salda, entsalada mistoa, piper beteak, oilaskoa eta postrea, kafea, kopa eta edariak izango dira Zimiterioan. Txartelak 20 euroan erosi ahal izango dira Iriarte eta Egarri tabernetan.

Ingurumen zinegotziak arreta berezia jarri du igandean 18:30ean egingo den giza proban: "azkenaldian asko zabaldu dira horrelako probak, baina gure kasuan emakumeen artekoa antolatu dugu. Oiartzun eta Zeanurikoak arituko dira nor baino nor, abilezia eta indarra uztartuz garaile nor aterako".

Azoka zabalik izango da goizez 11:00etatik 14:30ra eta 16:30tik 19:30ra. Behin postuak bilduta, Bihozkada taldeak alaituko du giroa, Zimiterio aurrean eskainiko duen kontzertuarekin.

Autobusa erabiltzeko deia

Joan etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere doako autobus zerbitzua jarri du Zizurkilgo Udalak. Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, etengabe. 10:45etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiaurretxoko bidegurutzetik aterako dira autobusak. Eguneko azkenekoa, aldiz, 21:00etan aterako da Zizurkil Goitik. Udal ordezkariek autobusa erabiltzeko gonbita luzatu dute, "guztiontzat hobea izango baita eta bide batez, lanean arituko diren boluntarioen esanei kasu egiteko eskatzen dizuegu".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!