"Egunetik egunera gehiago gustatzen zait beste estilo batzuetan kantatzea"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2015ko urr. 4a, 10:30

Kantuko goi maila amaitu eta irakasle lanetan ari da Nerea Barriola soprano zizurkildarra. Gustuko du alor pedagogikoa eta hori jorratzen jarraitzeko asmoa du etorkizunean.

Villabonako Loatzo Musika Eskolaren gela batean hartu gaitu Nerea Barriolak (Zizurkil, 1986). Koruko klasearen aretoa da eta bertan hasi zen bera ere lehenengo klaseak hartzen. Duela urte batzuk bezala, orduak igarotzen ditu klase horretan. Orain, ordea, bera da kantuko irakaslea.

Noiz hasi zinen musika ikasten?

Lau urterekin hasi nintzen musika ikasten Villabonako musika eskolako musika tailerrean. Gero, sei-zazpi urterekin, instrumentua aukeratu behar zenean, pianoarekin eta solfeoarekin hasi nintzen. Ondoren ikusi nuen pianoa ez nuela gustuko. Garai hartan, Villabonako Eresargi abesbatzan ere kantatzen nuen eta kantua nuela gustuko ohartu nintzen.

Gero, hamahiru urterekin, klase partikularrak hartzen hasi nintzen Marife Nogalesekin, Andoainen. Denbora bat igaro eta berak gehiago ezin zidala erakutsi esan eta Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan hastea gomendatu zidan. Proba egin nuen eta han esan zidaten ez zela komeni hamabost edo hamasei urte arte hastea, ahots aldaketagatik. Azkenean, hamabost urterekin hasi nintzen erdi mailan. Bertan amaitu nuen erdi maila eta goi maila Nafarroako kontserbatorioan egin nuen.

Txikitatik izan duzu gustuko musika?

Bai, betidanik izan dut gustuko kantatzea. Txikitan Disney-ko abesti guztiak ikasten nituen, beti kantatzen ari nintzen...

Etxetik datorkizu musikazaletasuna?

Ez. Musika denoi gustatzen zaigula uste dut, baina nire etxean ez zegoen inor bereziki musikazalea zenik. Haurra nintzenean eta nagusitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, abeslaria izan nahi nuela erantzuten nuen.

Batxilergoa amaitu, lagun gehienak ohiko ikasketak aukeratzen hasi, eta zuk kantua aukeratu.

Bai, eta kosta zitzaidan erabakia hartzea. Ikasketekin oso ondo moldatzen nintzen eta zalantza izan nuen fisika ikasi ala ez. Argi nuen bi goi mailako ikasketa ezin nituela aldi berean egin. Gurasoek baldintza bat jarri zidaten musika ikasi aurretik: zientzietako batxilergoa egitea.

Jendeak sarri galdetzen zidan kantatu bakarrik egiten ote nuen. Nik azaltzen nien, materia gehiago ere banituela kontserbatorioan. Gainera orduan, erdi-maila amaitzen nengoen eta ez nekien goi maila ikasi ahal izango nuen. Proba batzuk gainditu behar dira eta gainera, urtero, bizpahiru plaza soilik ateratzen dira horretarako.


Lau urtetan amaitu duzu goi maila?

Ez. Azkenean bost urtetan egin nuen. Azken urtean, azterketa baino hamar egun lehenago, pneumoniarekin gaixotu nintzen.

Ikasketak amaitu eta gero zer egin duzu?

Ikasketak amaitu eta zerbait aurkitzen nuen bitartean, kontzertuak prestatzen egon nintzen. Kasualitatez, lehengo urtean Loatzo Musika Eskolak lan-poltsa ireki zuen eta curriculuma bidali nuen. Zortez, hemen ari naiz lanean orain. Ezin naiz kexatu. Nik musika eskolaren edo kontserbatorioren batean aritu nahi nuen irakasle.

Kantutik bakarrik bizi denik bada inguruan?

Agian bat edo bi izango dira. Hemen oso zaila da, eta irakaskuntzan hastea besterik ez dugu.

Hemen askoz ere maizago entzuten da norbait musikaria dela kantaria baino.

Bai eta grazia egiten dit, atzo ere ikasle batek galdetu baitzidan ea kantatzeaz gain zein instrumentu jotzen dudan. Nire instrumentua kantua dela erantzutean, beraiei ere kosta egiten zaie hori ulertzea.

Egia esan, hemen gertatzen da hori. Alemanian, adibidez, sekulako kultura dago kantuaren inguruan. Garrantzia handia dute kantariek han eta hezkuntzan bertan ere, sartuta dago kantua.


Afizio moduan hasi zinen herriko abesbatzan eta orain, ofizio bilakatzea lortu duzu.

Bai, eta betidanik hori izan da nire helburua. Garai batean buruan izan nuen kanpora joan eta abesten hastea. Horretarako asko mugitu behar zara eta etengabe, beste kantariekin lehiaketa batean zaude. Hori ikusita atzera egin nuen. Nahiago dut irakastea.

Klaseez aparte, kontzertuak ematen dituzu.

Bai. Orain ez daukat ezer esku artean baina kontzertu bat ateraz gero, orduak sartu behar dira hura prestatzen. Ea pixkanaka entseatzen hasten naizen Ana Iparragirre pianistarekin eta ikusiko dugu aukeraren bat agertzen den.

Abesbatzetan kantatzen jarraitzen duzu?

Ez, ez. Ez naiz abesbatzetan ikusten, profesionalak ez badira behintzat. Azkenean, guk erabiltzen dugun teknika bakarka abestekoa da. Abesbatzetan enpastatzea da egin beharrekoa. Profesionala baldin bada, denok teknika bera erabiltzen dugu eta maila berean egon gaitezke.

Eztarria asko zaindu beharko duzue.

Bai. Nik normalean bizitza normala egiten dut baina kontzertu bat baldin badut, denbora guztian lepoa tapatuta eramaten dut.

Hasieran, hamasei urterekin, min asko egiten zidan parrandan egon eta etxera joan behar izateak, eztarrian mina sumatzen nuelako.

Bestalde, asko gustatzen zait ere txakur krosetan parte hartzea. Kontzertu bat baldin badut, ordea, ez naiz ateratzen lesioak edo eztarria hoztea ekiditeko.

Zenbat ordu praktikatzen duzu egunean?

Orain bertan, gutxi. Orain nola irakatsi ikasten ari naizen etapa batean nago, nirea landu baino gehiago. Egia esan, ez naiz inoiz irakasle izan eta orain ikasle pilo bat dauzkat abesbatzetan.

Ia hamar urte dira lehenengo aldiz bakarkako kontzertua eman zenuela.

Bai, Villabonan eman nuen lehen kontzertu hori. Orain beste era batetara hartuko nuke kontzertua. Orain ikusi, eta ez naiz gai ikusten orduan nuen maila harekin kontzertu bat emateko. Bai agertoki gainean egoten, bai teknikoki, pila bat ikasi dut ordutik hona.

Hala ere, polita da 2006ko kontzertu hura gogoratzea, zenbat hobetu dudan ohartzea. Hasierako errepertorioa eta oraingoa oso desberdinak dira, batez ere maila aldetik.

Ana Iparragirre pianistarekin jarraitzen duzu kontzertuak ematen. Lehen aldi horretan ere zure ondoan izan zenuen.

Bai, betidanik egon naiz berarekin. Musika eskolan pianoko irakasle izan nuen hasiera batean. Gero, solfeoko klase partikularrak eman zizkidan. Betidanik izan dugu erlazioa eta berarekin jarraitzen dut. Ezkontzetan eta hiletetan kantatzen dudanean berarekin joaten naiz beti.

Nahiko ohikoa da ezkontzetan kantuan norbait aritzea.

Lehen ezkontzetan pila bat kantatzen zen. Gainera ni hamahiru urterekin hasi nintzen zeremonietan kantatzen eta berezia zen gaztetxo bat Schubert-en Ave Maria kantatzen entzutea. Orain jaisten joan da hori. Jendea ere ez da horrenbeste elizaz ezkontzen.

Nola nahiago duzu kantatu, bakarka ala taldean?

Nik nahiago dut bakarrik kantatu. Orain pianoarekin bakarrik kantatzeaz nazkatuta edo nago, beti hori egin dudalako. Gustatuko litzaidake beste instrumentazio talde batekin ere aritzea. Adibidez, aurten Zizurkilen, maiatzean, Tolosatik independentzia eskuratu zueneko 400. urteurrenean egin zen herri antzerkian abestu nuen. Xalbadorren heriotzean kantatu nuen talde instrumental batekin eta ikaragarri disfrutatu nuen. Gauza horiek egitea asko gustatuko litzaidake, ez beti piano batekin klasikoa kantatzen aritzea. Egunetik egunera gehiago gustatzen zait beste estilo batzuetan kantatzea.

Zein errepertorio lantzen duzu?

Normalean, klasikoa. Gehienetan oratoria, ariak, operetako zatiak eta mezetako obrak kantatzen ditut. Bellini, Mozart, Verdi, Puccini... autore askoren lanak daude nire errepertorioan.

Askotan esaten dizute zerbait kantatzeko lagunek edo?

Bai, horrelako egoerak tokatu izan zaizkit. Lagunek ez horrenbeste, baino ezagutu berri dudan jendeak bai. Zer egiten dudan galdetu eta ni kantaria naizela erantzundakoan, nahiko ohikoa izaten da. Noizbait kantatu izan dut, baina gehienetan ez da momentu egokia izaten.

Ikasten jarraitzeko asmoa duzu?

Musika eskoletan jarraitu nahi dut, ahal baldin bada behintzat. Orain, gehienbat, alde pedagogikoan zentratuta nago. Kontserbatorioan ez digute hori erakusten eta ni gustura nago lortu dudan maila pertsonalarekin. Beste estilo eta teknika batzuk probatzen joan nahi dut baina nire kabuz egin nahi dut hori, pixkanaka.


Zer moduzko harrera dute zuen kontzertuek?

Egia esan, hemengoak garenez piano jotzailea eta ni, aretoa bete egiten da. Jendea etortzen da, ez baititugu kontzertu asko ematen. Askoz maizago emango bagenitu kontzertuak, badakit harrera ez litzatekeela berdina izango.

Badakit joaten diren batzuk gustuko dutelako joaten direla gure kontzertuetara. Beste batzuk, aldiz, gertukoak direlako eta babesa eskaintzeagatik gerturatzen dira. Pentsa, nire karrera amaierako errezitaldian kantatzen ari nintzela, kuadrillako lagunak sartu ziren aretora! Sekulako sorpresa izan zen, ez nuen inondik inora espero.

Villabonako Eresargi abesbatzan hasi zinen.

Bai, talde batean abesbatzako zaharrena nintzen eta bestean gazteena. Bietan aritzen nintzen. Horrek ere asko eman zidan garai hartan. Oso ondo pasatzen genuen eta herriko gazteak elkartzeko ere, aproposa zen. Oroitzapen oso onak ditut garai hartaz.

Nolakoa da kantarien mundua?

Beste musika espezialitateekin alderatuz, kantuan jende gutxiago gaude, ziur aski. Gipuzkoa mailan, gutxi gaude eta hemen geratzen garenak, are eta gutxiago gara. Horretaz aparte, euskaraz dakigunak ere gutxi gara.

Alde horretatik, zortea dudala esango nuke. Hemen inguruan ezagutzen ditudanen gehiengoa ez da euskalduna eta Nafarroan ikasten egon naizenean ere, gutxik egiten zuten euskaraz. Plazak lortzeko garaian euskaraz jakitea eskatzen dutenez, hemen lanean aritzeko aukera ematen du. Kontserbatorioetan ere, irakasle askok ez dute kontratu iraunkorrik euskaraz ez dakitelako.


Euskarazko kantuak badaude zure errepertorioan?

Bai, nahiz eta ez diren asko. Ia beti saiatzen naiz euskarazko kantuak sartzen. Guridiren eta Solozabalen euskarazko kantuak badira eta ahalegintzen naiz kantatzen. Euskal Herriko egileak beti sartzen ditut eta euskarazko kantuak ia beti. Ez dago oso errepertorio zabala eta beti berdina ere ezin duzu abestu toki guztietan. Baina bai, kontutan izaten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!