«Zuzenekoetan ikuslearekin sortzen den erlazioa gustatzen zait»

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 24a, 12:25

Iraitz Lizarraga zizurkildarrari txiki-txikitatik datorkio antzeztearekiko zaletasuna, eta gorputzaren bidez adierazpena lortzen duten antzerkiak ditu gustuko; orain, abuztuan estreinatu duten 'Hurrengo urtean hobeto' antzerkiarekin dabil buru-belarri

Iraitz Lizarraga (Zizurkil, 1979), txikitatik izan du antzezpenarekiko gertutasuna eta bere afizioa ofizio bihurtzea gustatuko litzaioke. Proiektu askotan dabil murgilduta eta nabari zaio poza.

Nola eta noiz sartu zinen antzezpenaren munduan?
Niri antzerkia txikitatik gustatu izan zait. Pedro Mari Otaño ikastetxean ikasi nuen, eta bertan antzerki asko egiten zen. Gero hortik antzerki talde bat sortu zen Zizurkilen eta bertan ere parte hartu nuen. Hortik aurrera, gero eta gogo gehiago nuen mundu horretan jarraitzeko eta historiako ikasketa amaitzean Donostiara joan nintzen ATAE-ra ikasketak egitera. Bertan ikasten egon ondoren lana atera zitzaidan antzerki munduan eta Pikor konpainiarekin hasi nintzen. Jada lotua nengoen antzerki mundura eta urte batzuk lan gutxirekin egon ostean, Bartzelonara joatea pentsatu nuen. Bertan lau urte egin nituen doktoregoa egiten arte eszenikoen munduan. Zirku teknikak eta soka teknikak ikasteko ere aprobetxatu nuen bertan.

Antzerkiaz gain zirkuan ere aritu izan zara?
Gorputz antzerkian espezializatzen joan naiz egia esan. Asko gustatzen zait dantza garaikidea, zirku teknikak...Testuko antzerkiak baino gehiago gustatzen zaizkit gorputzaren bidez adierazpena lortzen duten antzerkiak, nahiz eta testu antzerkia ere egin.

Euskal Herritik kanpora joan behar al da antzerkia ikastera?
Hemen aurten ireki dute Bilbon Dantzerti arte eszenikoen eskola eta bertan antzerki ikasketa ofiziala emango da. Arte eszenikoen eskola pribatuak badaude bai Donostian, Bilbon eta bestela ikastaro ezberdinak izan ditugu orain arte. Gure ikasle garaietan ez zegoen aukerarik ikasketa ofizialak egiteko.

Zizurkilgo herri antzerkiko zuzendari lanetan ere aritu zinen?
Herriko jende bat mugitzen hasi zen Zizurkil Tolosatik banatu zela 400 urte ospatzen zirelako, eta antzerki bat egitea proposatu zen. Teodoro Hernandorena kultur elkartea hasi zen sustatzen eta antzerkia zuzentzeko eskatu zidaten. Egia esan esperimentu bat bezala izan zen eta herriak izan zuen erantzuna ikaragarria izan zen. Herriko eragile ezberdinetako jendea animatu zen, dantzariak, musikarik, aktoreak,... Emaitza oso ikusgarria izan zen. Urte osoan zehar lan asko egin duen jendea egon da obraren atzean eta ikerketa lan handia egin behar izan dute obra aurrera ateratzeko. Herri guztiak horrelako obra batean parte hartzea esperientzia ederra izan da.

'Datorren urtean hobeto' antzezlana duzu orain esku artean?
Bai, halaxe da. Hori estrenatu genuen abuztuaren 15ean Donostiako Antzoki zaharrean. Hiru egunetan egon ginen bertan eta erantzun ona izan zuenez, datorren astean birarekin hasiko gara. Euskal Herrian eta penintsulan zehar ere ibiltzeko asmoa daukagu. Gaztelaniazko bertsioa egiteko intentzioarekin gaude eta prestatzen ari gara. Hemen inguruko herrietara etortzeko gogoa ere badaukagu, eta ea deitzen diguten.

Etorkizunerako zein ideia dituzu?
Niri antzerki mundutik bizitzen jarraitzea gustatuko litzaidake, baina zerbait egonkorra bilatzea ere gustatuko litzaidake. Antzerki munduko irakaskuntzan edo zerbait aurkitzea gustatuko litzaidake, beti ere, antzerkia utzi gabe azkenean hori baita gustatzen zaidana.Etorkizuna nola datorren ikusten joango naiz, baina orain proiektu asko dauzkat martxan, Datorren urtean hobeto, Txalo konpainiako umeentzako bi emanaldietan nago, ipuin kontaketan ere ibiltzen naiz...Batetik eta bestetik aurrera egitea lortzen dut.

Aktoreen eta antzezpenaren mundua nola dago?
Ez dago oso ondo egia esan. Krisiak ukitu du baina nik beti esaten dut, aktoreen kolektiboa beti egon dela krisian. Ohituak gaude beste lan batzuk egiten eta krisi honek ez digu horren gogor harrapatu. Beti egin izan ditugu beste lan batzuk, oso jende gutxi bizi da antzezpenetik. Hobeto egon zitekeen egia esan. Hala ere, zortea dugu Euskal Herria mailan dauden konpainia kontsolidatu gutxi horiek nahiko baldintza onak jartzen dituztelako. Hemen seguritate sozialean kotizatzen duzu, kontratu bat ematen dizute, kilometrajea ordaintzen dute. Alde horretatik, ondo, penintsulako beste zenbait lekurekin alderatuta.

Antzerkian, ezberdintasun handia dago Euskal Herriaren eta Espainiaren artean?
Nik ezagutu dudana bai. Gehien bat Bartzelona eta Madril ezagutu izan ditut nik. Antzerki asko egiten da, eta oso onak, baina talde independente asko daude. Areto txikietan egiten dituzte antzerkiak, jende amateurrak edo profesionalak izaten dira, baina beraien produkzio propioa edukitzen dute. Askotan ez dute kobratzen edo leihatilan ateratzen duten diruari begira egon behar dute. Beti zenbat jende datorren begiratzen ibili behar duzu eta ez da lan egonkor bat. Konpainia batean zaudenean zerbait finkoa izateak beste lasaitasun bat ematen dizu.

Telebista mundua gustuko duzu?
Bai gustatzen zait. Egin izan ditut lan batzuk adibidez, Martin telesailean. Pailazoekin ere haritu izan naiz Txirri Mirri eta Txiribitonekin aurkezle bezala. Gustatzen zait telebistaren mundua baina beste mundu bat da, nik nahiago dut hala ere antzerkia. Telebistaren mundua hotzagoa da eta ez dago publikoarekiko erlazio hori zuzenekoetan, baina telebistak ere badauka bere puntua.

Askotan entzuten da aktore izateko Euskal Herritik atera behar dela, egia al da?
Nik uste dut eta geroz eta garbiago dut eginez eta esperientziarekin ikasten den ofizio bat dela hau. Ikasketa batzuk egitea ere beharrezkoa da, eta hemen ikasketak egoteren alde egon behar dugu. Baina beste formatzeko modu batzuk ere badaude eta ez dira bereiz utzi behar. Segun eta zein irakasle daukazun, ikastaro askotan aste batean gehiago ikasten duzu, ikasketa luze batzuetan baino.

Zinema mundua gustuko duzu?
Pelikula batean ez dut inoiz parte hartu baina bai film labur ezberdinetan, eta telebistarekin bezala gertatzen zait. Hotz sentsazioa edukitzen dut baina badauka puntu bat ere. Niri publikoarekin zuzenean sortzen den erlazio hori gustatzen zait eta horregatik nahiago dut antzerkia.

Non antzeztea gustatuko litzaizuke?
Leku bat aukeratu beharko banu, Bartzelonako Lliure teatroan antzeztea gustatuko litzaidake. Bertan ikasi nuen eta beti izan dut gogoa bertan antzezteko.

Aktore gustukoenak?
Aktoreak baino konpainiak esango nituzke, antzerki konpainiak. Asko gustatzen zait La Zaranda talde andaluziarra. Beste alde batetik Bartzelonako Los Corderos taldea, dantza eta antzerki nahasketa egiten dute. Euskal Herrian mailan daudenekin ez naiz bustiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!