Zein da maiatzaren 24an lortutako emaitzen inguruko balorazioa?
Orokorrean balorazio ona egiten dugu, batez ere beste herrietan zer gertatu den ikusita. Duela lau urteko egoera ere ez zen normala eta oraingo honek hobeto erakusten du errealitatea. Guk ez ditugu boto asko galdu eta horrek esan nahi du, herritarrek ikusi dutela nola egin duen lan udal honek azkeneko lau urteetan.
Zein harreman izan nahi duzu oposizioarekin datozen lau urteetan?
Kargu hartze ekitaldian esan nuen bezala, elkarrekin egin behar dugu lan. Elkarri lagunduta, herriarentzat mesede izango da. Joan deneko lau urteetan, parte hartzera baino gehiago entzutera gerturatu dira oposizioko kideak. Espero dugu jarrera hori aldatzea legealdi berrian.
Iñigo Urkullu lehendakariak udalerrien Memoria Erretratuak eman dizkie 130 alkateri. Tartean baita zuri ere.
Bai. Guri egitasmoa ez zaigu gaizki iruditzen eta egin ahal guztiak eskertzekoak dira. Hala ere, guk hemen, herrian, lanketa hori egina genuen aldez aurretik. Udalbatzan hartutako erabakiak izan dira eta alde guztietako biktimak omenduak ditugu Zizurkilen.
Lladó herriarekin senidetuta dago Zizurkil. Hemendik begiratuta nola ikusten duzue han bizitzen ari diren prozesu independentista?
Guk animatuta sumatzen ditugu. Urtetan lanketa handia egin dute eta orain emaitzen zain daude. Ilusioz beteta daude irailaren 27ko hauteskundeei begira eta guk zorte ona opa diegu.
Noizko egongo da martxan Aiztondoko liburutegi berria?
Hurrengo urte hasierarako espero dugu. Dagoeneko lizitatuta daude lanak eta martxan hasiak. Tolosaldean parte hartze prozesua egin zenean 250 mila euro bideratu ziren proiektu horretara eta urtea bukatu aurretik likidatu behar da kopuru hori. Hala ere, hurrengo urtean diru gehiago bideratu beharko da liburutegira. Adibidez ekipamendurako diru laguntza eskaerak egin ditugu. Ziur gaude, Aiztondo bailararentzako liburutegi txukuna izango dela; adin guztietako herritarrek erabili ahal izango dute eta osatua izango da.
Hutsik geratuko da Atxulondo kultur etxea?
Ez erabat hutsik. Liburutegia aldatuko da lekuz, baina gure konpromisoa da, adibidez, taberna bertan mantentzea. Plazari bizitasuna ematen dio eta jendea ibiltzen da horren bueltan. Gaztezulo ere bertan kokatuta dago. Gainerako eraikin guztiarentzat proiektu bat egin beharko dugu eta ondo pentsatu zein erabilera eman nahi diogun Atxulondo kultur etxeari. Inbertsio bat eskatuko digu horrek. Proiektuan, besteak beste, aztertu beharko da Aurrera plazako udal bulegoak kultur etxera aldatzeko aukera ote dagoen. Zerbitzu guztiak zentralizatu eta gastuak ere murriztu ahal izango genituzke era horretan. Oraingoz esan dezakeguna da, urrirako igogailu berria eginda egongo dela.
Joxe Arregi plazan estalpea egiteko proiektua noiz burutuko duzue?
Banketxeekin hitz egiten ari gara, nola finantzatu jakin ahal izateko. 200 mila euroko aurrekontua du proiektuak. Urtearen bukaerarako egin nahi genuke. Egitura jartzeak ez du lan handirik emango eta bi hilabeteko epean bukatuta egotea espero dugu. Plaza horrek estalkia behar du, batez ere negu partean. Ekitaldi txikietarako, festetarako eta umeentzako toki babes bat beharrezkoa dela uste dugu. Duela pare bat urte, parte hartze prozesua zabaldu genuen eta herritarrek erabaki zuten proiektua.
Nolakoa da Zizurkilgo Udalaren egoera ekonomikoa?
Zorra hor dago. Erdira murriztu genuen aurreko legealdian eta orain ez dugu hainbesteko larritasunik. Proiektuak aurrera ateratzen saiatuko gara diru laguntzen bitartez eta daukagun dirua zuhurtziaz gastatuz. Gurea bezalako udal batentzat milioi batetik beherako zorra edukitzea jasangarria da. Horrek aukera eta gaitasuna ematen digu proiektu berriak egiteko.
Jarduera ekonomikoa sustatzeko zein neurri hartu asmo dituzue?
Beti sustatu dugu komertzioa herrian. Ile apaindegi bat zabaldu zuten duela gutxi eta orain hizkuntza akademia bat zabaltzekotan dira. Herriarentzat oinarrizko erosketak egiteko modua izatea da helburua. Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin ekimenak aurrera aterako ditugu. Joxe Arregi plazan egingo den aterpearekin batera, azoka bat bultzatu nahi genuke herrian. Zizurkilgo baserritarrekin hitz egin dugu eta ideia oso ona iruditu zaie. Saiatuko gara behin lan horiek bukatuta daudenean azoka martxan jartzen.
Perot enpresa zegoen tokian jarduera ekonomiko berri bat hastekotan da.
Plastikozko botilak birziklatzeko planta bat jartzeko asmotan dira. Dovelpet enpresa da eta 30 bat langile hartuko dituzte. Aukera polita da, beraz, Zizurkil bezalako herri batentzat. Buletinean argitara eman dugu dagoeneko eta hamabost egun pasa ondoren jarduera martxan jarri ahal izango da. Gu saiatuko gara enpresa horrek hemen luzaro iraun dezan. Lan egin nahi dutenek, curriculuma utzi besterik ez dute lantoki horretan bertan.
Zein asmo dituzue Zizurkil Goikorako?
Plaza Etxeberrin etxebizitzak egitera doaz hemendik gutxira. Enpresa eraikitzaileak udalari egin beharreko ordainketa diruz egin beharrean, beste modu batera egitea pentsatu genuen. Obrekin batera, plazaren urbanizazioa enpresa eraikitzailearen esku geratuko da. Guk aurretik aurreikusten genuena baina proiektu hobea izango da. Polita geratuko da.
Zein beste proiektu handi dituzue datozen lau urteetarako?
Aiztondoko liburutegia izango da proiektu nagusia eta datozen urteetan ere inbertsioa eskatuko du. Bestalde, Zizurkil Goian etxebizitza gehiago egin nahi ditugu eta herriari bizia emango diogu. Futbol zelaia ere berritu genuen, aldagela berriak jarri dira eta herriak mejora sumatu du. 250 ume dabiltza eta Donosti Cup ere bertan izan dugu, aurten lehen aldiz. Mugimendua badago eta pixkanaka ezagutzera ematen ari gara herria. Baita Erraldoi eta Buruhandien konpartsari esker ere.
AHTaren lanek nola baldintzatzen dituzte udaletik sustatu nahi dituzuen proiektuak?
Gauza asko baldintzatzen dute lan horiek. Saihesbidearen proiektua egina dago, baina pentsatuta dagoen bezala gaur egun ezingo litzateke egin. Juxtu, saihesbideak irteera duen tokian, AHTko hormigonera jarri dute. Horren kontura, nahikoa iskanbila izan ditugu. AHTaren proiektuan ez zetorren horrelako egitasmorik. Jarduera horri baimena ematea udalari dagokiola uste dugu guk, baina Jaurlaritzak dio, obren barruan era horretako ekipamenduak aurreikusita zeudela. Salaketa jarri dugu epaitegietan eta ikusiko dugu nola bukatuko den auzia. Berdina gertatzen da, Asteasutik datorren erreka bideratzeko lanekin. AHTarenak bukatu bitartean baldintzatuta daude. Uholde arriskua ekiditeko Teodosio etxea zen horretatik papelera bitarteko tartera presazkoak dira lanak. Saiatuko gara presionatzen eta ea lanak legealdi honetan egin ahal diren.