Elbarrenako jaiak 2015

«Zizurkilgo izena ezagutzera emateko balio du konpartsak»

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 10a, 12:24

Argazkia: Alberto Urigoitia

Maurizio, Bernarda, Joakina eta Pello Mari erraldoiek eta bost buruhandik osatzen dute Zizurkilgo konpartsa. Igandean, jaien barruan, Villabona eta Añorgako erraldoiekin batera atera ziren kalejiran

Beste hainbat herritarrekin batera dabil Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien konpartsan Iker Urruzola. Aitarekin batera jardun du erraldoien egitura osatzen eta orain festarik festa dabil hauek dantzarazten.

Noiz eta nola abiatu zenuten erraldoi eta buruhandien konpartsa?
Buruan aspaldi genuen ideia baina iaz gauzatu zen. Maurizio eta Bernarda izan ziren egin genituen lehen bi erraldoiak eta Zizurkilgo bi zatiak irudikatzen dituzte, landa gunea eta industria gunea. Azoka Berezi batean aukeratu ziren haien izenak. Buruhandiak ere egin ditugu, deabrua eta sorgina hasteko, eta iaz Elbarrenako festetarako melokotoiarena atera genuen.

Eta aurten pertsonaia berriak atera dituzue.
Bai. Pello Mari Otaño eta Teodosioneko Joakina egin ditugu. Parekidetasunari keinu bat egin nahi izan diogu eta omenalditxoa eskaini, hainbat urtetan taberna eraman zuen emakumeari. Buruhandiak osatzeko, txepetxarena atera dugu, Otañoren bertso sortagatik eta kontutan hartuta gazte asanbladak izen hori daramala. Atxulondoko olagizona irudikatu nahi izan dugu azkeneko buruhandiarekin.

Noiz aurkeztu zenituzten pertsonaia berriak?
Otañoren erraldoia herri antzerkian atera genuen lehen aldiz eta izen bereko ikastetxeko festan ere aurkeztu genuen. Joakina, berriz, Zizurkil goiko festetan erakutsi genuen lehen aldiz. Erraldoi guztiak elkarrekin ibili ziren aurreko igandean, izan ere, festen barruan kalejira egin genuen Villabona eta Añorgako erraldoi eta buruhandiekin batera.

Nola egin dituzue erraldoi horiek?
Egitura guk herrian egin dugu eta aluminiozkoa da. Desmuntatzeko erraza da eta ez du mahai batek baino gehiago okupatzen. Gainerako guztia ere auzolanean egin da: arropak herriko erretirodunek egin dituzte, esate baterako. Bustoa zuntzezkoa da eta Irungo Garate anaien eskutik joan da.

Behin pertsonaia guztiak zenituztela, nola osatu zenuten konpartsa?
Erraldoiak eta buruhandiak geneuzkala trikitilariak batu zitzaizkigun. Borondatez aritzen gara konpartsako kideak eta afariaren truke festa giroa sortu eta gure herriaren izena zabaltzen jarduten dugu. Guztira 25 lagun izango gara eta oraingoz oso harrera ona izan dugu.

Zer da beharrezkoa konpartsako kide izateko?
Gogoa. Ez dago beste mugarik. Parte hartu nahi duenak ez du zertan indartsua izan behar. Egia da, 25-30 kilo direla gainean daramazkizunak, baina behin erraldoiaren barruan sartuta gorputzaren atal bat bezala sentitzen duzu. Hala ere, erraldoia eramaten duen jendeaz gainera laguntzaileak behar izaten dira inguruan.

Garrantzitsua da musika, ezta?
Bai, horrekin dantzatzen baitira erraldoiak. Oraingoz trikitilariekin gabiltza baina egon da txaranga bat sortzeko saiakera. Gironan, Lladon egon ginenean han dultzaina moduko batzuekin joaten ziren erraldoiak eta grina sortu zitzaigun horrelako zer edo zer egiteko. Gure proiektuen artean dago.

Zein irteera egin dituzue orain arte?
Beste 60 erraldoiekin batera Gure Esku Dagoko ekitaldian izan ginen eta gero hainbat festetan izan gara: Asteasun, Añorgan eta hemen bertan Zizurkilen. Llado herriarekin senidetuta dago Zizurkil eta hango festetara ere gonbidatu gintuzten. Haiek txoratuta geratu ziren, ikusita zeinen erraz mugitzen genituen erraldoiak. Katalanek tradizio handia dute, baina erraldoiak egiteko egurrezko egitura erabiltzen dute eta ez dituzte erraldoiak guk bezainbeste mugitzen.

Harreman handia duzue beste konpartsekin?
Bai, noski, hemen ingurukoekin, bereziki Villabonakoekin hasi dugu gure harremantxoa eta pozik gaude. Hala ere, Añorgakoak izan dira gure aita-ama bitxiak. Guztia martxan jartzeko laguntza handia eman ziguten. Haiekin jarri ginen harremanetan eta bidea erakutsi ziguten. Aberasgarria da oso eta elkarri laguntzeko prest gaude. Lotura magikoa da konpartsen artekoa.

Denbora gutxian salto handia egin duzue.
Bai, horrela gertatu da. Bi urtetan indar handia hartu dugu. Gainera, erreleboa badagoela uste dugu. Hala ere, ezinbestekoa izan da udalaren laguntza. Haiek sinistu izan ez balute ez litzateke proiektu hau aurrera aterako.

Erronkarik baduzue etorkizunerako?
Erraz berotzen gara. Hasi da jendea buruari bueltak ematen eta zezen-suzko eske. Ikusiko dugu...

Añorgako erraldoi eta buruhandien konpartsa eredu

«Guk ez dugu ezer berezirik egiten, laguntza eskatzen badigute guk eman egiten diegu. Gure konpartsa irekia da eta horretarako gaude». Añorgako erraldoi eta buruhandien konpartsako kide, Imanol Loidiren hitzak dira. Zizurkilgo herritarrek haiengana laguntza eske jo zutenean dagoeneko urte luzez egina zuten bidearen inguruko azalpenak eman zizkieten Añorgan.

Gipuzkoan ez dago erraldoi eta buruhandien erroldarik ezta era honetako konpartsen historiaren inguruko argitalpenik ere. «Baina gu izango gara ziurrenik Donostiako konpartsarik zaharrenetako», dio Loidik. Cementos Rezola enpresak Bartzelonako Ingenio dendan erosi zituen bi erraldoi 1943an. Oraindik ere bizirik dirauten Añorgako alkate-alkatesak: «Duela gutxi zahar berritu genituen Tarrasan eta ez ditugu maiz ateratzen. Altxor moduko bat dira». 1995ean egin zituzten garai bateko erraldoien erreplikak eta gaur egun horiekin ibiltzen dira herriz herri». Bost buruhandi ere badauzkate konpartsan eta 20-25 pertsona inguru ibiltzen dira horiek dantzarazten.

Zizurkil eta Villabonako erraldoi eta buruhandiekin batera atera ziren igandean Añorgako alkate eta alkatesak Elbarrenako jaien barruan. Urtean zehar inguruko herri askotan ibiltzen dira eta Kataluniara ere joan izan dira: «Han izugarrizko tradizioa dago eta topaketa ugari egin ohi dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!