Elbarrenako jaiak 2015

«Matxirulorik gabe askoz hobe»

Jon Miranda Labaien 2015eko irailaren 4a

Bihar, gaueko 21:30ean, manifestazioa antolatu du Aizan talde feministak

Aurtengo udan beste hainbat herritan egin den bezala, eraso sexisten aurkako manifestazioa egingo da Zizurkilgo festen barruan. Estetika jakina eramango dute Aizaneko kideek adierazi dutenez: «Aurpegia tapatuta eramango dugu eta musika eta leloak tartekatuko ditugu. Erasotzaileen aurrean jarrera bat agertu nahi dugu: ez gaituzte gehiago kikilduko, orain guk beldurtuko ditugu».

Uda partean eta festa gunean erasoak ugariagoak direla salatu dute zizurkilgo feministek: «Alkoholaren aitzakia jartzen dute nahi dutena egiteko; badirudi ez dagoela araurik, dena dela zilegi eta gu, emakumeok, harrapatu beharreko ehiza trofeoa garela».

Erasoak salatzeko baliatuko dute biharko mobilizazioa baina baita elkartasun feminista lantzeko: «Elkarrekin bat eginda, aurre egin diezaiekegu erasotzaileei». Indar erakustaldi bat izango da manifestazioa, «borrokatzeko prest gaudela erakutsi nahi dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!