"Hemen gehiago gozatzen duzue bizitzaz Txinan baino"

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 4a, 09:56

Xiaofei Li (1983), duela 5 urte etorri zen Villabonara eta orain Zizurkilen bizi da. Berarekin elkartu gara Txinako eta hemengo esperientziak kontatzeko.

Nola iritsi zinen Txinatik Zizurkilera?
Nik 15 urte nituenean, gaztelera ikasten hasi nintzen. 18 urte bete nituenean, Mondragon taldeko lantegi batean hasi nintzen lanean Txinan. Nire oraingo senarra bertara joan zen lanera eta bertan sortu zen gure artekoa. Ondoren, ezkondu eta Villabonara etorri ginen bizitzera.

Nolatan hasi zinen gaztelera ikasten?
Lehen aipatu bezala, 15 urterekin hasi nintzen gaztelera ikasten. Gurasoek hizkuntza bat ikasi behar nuela esan eta gaztelera aukeratu nuen. Ez nuen zerbait bereziagatik aukeratu edo gustatzen zitzaidalako aukeratu, bat aukeratzeagatik. Orduan, hemengo enpresa bat bilatzen saiatu nintzen gaztelera praktikatzeko eta Mondragon taldeko enpresa batean hasi nintzen. 9 urte pasa nituen bertan lanean nire gizona ezagutu arte.

Zer moduz bizi gara hemen?
Guztiz ezberdina da. Ni iparraldeko herri txiki batean jaio nintzen, baina gero hiri batera joan nintzen bizitzera. Hiriburu ertaina zen, 3 milioi pertsona bizi ziren. Bertan jende asko, kotxe asko eta estres asko zegoen. Hemen berriz oso lasai bizi gara eta egia esan bizitzeko, nahiago dut hau.

Zer moduzko jendea da hemengoa?
Egia esan horretan ni jaio nintzen herriarekin antzekotasunak badaude. Ni ere iparraldekoa naizenez, antzeko izaerako jendea dela esango nuke. Hemen hasiera batean, jendea itxia da baina denbora pasa ahala jende ona eta zintzoa da. Beste alde batetik, pertsonalitate handiko jendea dela esango nuke. Txinan jende asko irudiari begira ikusten da eta ingurukoek zer esango duten. Hemen berriz, jendeak nahi duena egiten duela bai janzteko, ilea mozteko edo nahi duena egiteko. Txinan ile mozketa bat modan jartzen bada, jende asko ile mozketa berdinarekin ikusten da. Autoestimu eta pertsonalitate handiagoa duzue hemen.


Euskarari dagokionez, ba ahal dakizu zerbait ?
Duela bi urte hasi nintzen euskaltegian euskara ikastean. Lanarekin eta ondoren umearekin egia esan ez dut denbora askorik izan eta berriz ikasten jartzeko gogoa dut. Egia esan hizkuntzakin lehen kontaktua izan nuen eta gustatzen zait baino hizkuntza zaila da. Niri ez zait arrotza egiten Txinan nengoenean ere entzuten bainuen enpresako jendea euskaraz hitz egiten eta bertan entzuten nuenean ere gustuko nuen.

Kulturen artean ezberdintasun handiak daude, zer nabarmenduko zenuke?
Dena da ezberdina, jendea, janaria, hizkuntza, tradizioak... Bizitzeko kultura ezberdinak dira biak. Hemen lan egin eta disfrutatzeko denbora hartzen du jendeak adibidez, Txinan berriz lan egin eta gauzak erosteko egiten du lan. Gizarte oso azkar eta aurreratua da bertakoa eta jendeak kotxe onak, teknologia, arropa onak nahi ditu. Hemen jendea lasaiagoa eta pertsonalitate handiagokoa dela esango nuke. Jendeari ez zaio horrenbeste axola ondokoek zer esango duten, Txinan berriz asko begiratzen zaio irudiari. Kultura tradizionalak ere oso ezberdinak dira eta hemen tradizioekin jarraitzeko duzuen grina ere oso handia da. Txinan ez dira tradizioak horrenbeste jarraitzen eta hemen ikusten ditudanean, festak, umeak jantzita edo dantzak, asko gustatzen zait hori gorde eta errespetatu nahi izatea. Txinan geroz eta aurrerago joan nahi dugu eta tradizioez ahazten gara.

Zer ekarriko zenuke Txinatik eta zer eramango zenuke hemendik?
Txinatik ekarriko nuena edo faltan botatzen dudana familia eta nire ingurukoak dira. Beste ezer konkreturik ez dut faltan botatzen. Hemendik berriz, lasaitasuna eta bizitzeko modua eramango nituzke. Hemen disfrutatu egiten du jendeak eta jende zoriontsua ikusten da. Txinan berriz, ekonomia aurrera doa eta dena erosi nahi dituzte. Txinan beti gehiago nahi da, lan hobeago bat, diru gehiago, arropa gehiago eta bizitzeari uzten diote. Hemen jendea zoriontsuagoa dela esango nuke.

Semearekin zein hizkuntzatan hitz egiten duzue?
Nik txinatarrez hitz egiten diot semeari. Familia guztia bertan daukat, etorkizunerako ondo etorriko zaio eta berari begira ere egokia da. Aitarekin berriz dena euskaraz egiten du. Ni eta aitaren artean berriz gaztelera entzungo du etxean.

Askotan joaten zara Txinara?
Ahal dudan guztietan joaten naiz egia esan. Aurten hiru aldiz joan naiz bertara eta udaran ere egon naiz semearekin. Bera ere oso gustura egon da bertan, familiako asko etorri ziren guregana bisitan eta zerbait berria bezala zenez inguruko asko etorri dira. Txinera ere asko ikasi du bertan egon garen tartean, orain ia dena txinera hitz egiten du eta euskaraz hitz egiten hasi behar du aitarekin.

Ikasketak ezberdinak dira bi herrialdetan?
Bai, egia esan bai. Gure semea bertan egon denean, ikastolan apuntatu dugu eta ezberdintasun asko dago. Hemen hiru urterekin marrazkiak egiten, jolasten eta elkarren arteko tratuari eta sormenari ematen zaio garrantzi gehiago. Txinan berriz, txikitatik ikasten hasten dira eta diziplina askoko klaseak izaten dira. Horrek ere badauka helduek duten gizartearekin zerikusia. Txikitatik horrelako diziplinarekin prestatu eta lanerako bizitzen dira. Lehiakortasuna oso handiak daude bai unibertsitaterako eta baita lanerako ere.

Asko hitz egiten duzu bertakoekin?
Bai, egunero. Gaur egun oso erraza da kontaktua mantentzea nahiz eta urruti bizi. Internetek laguntza asko ematen ditu eta nahi ez duzunaz ere konturatzen gara. Hemen Facebook bezala, Txinan berdina da eta egunero konturatzen naiz nire ingurukoek zer egiten duten bertan edo nola dauden. Hitz egiteaz gain ikusi ere egiten ditut. Bertan egotea bezalakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!