Festak hasi bezperetan, Tolosaldeko Atariarentzat argazkia ateratzen ari zirela, Ordagokoei, plazaren bestaldetik, bele oihukatu zieten. «Horrelaxe ibiltzen gara, elkarri adar joka. Gure blusa beltza da eta horregatik hots egiten digute bele». 1979an blusen kuadrilla hau sortu zutenean euren buruari jarri zioten helburuetako bat bete dute: «saltsa eta kuadrillen arteko lehia sanoa jarri nahi genituen festetan eta lortu dugula uste dugu».
50ko hamarkadatik ospatu izan dira festak Zizurkilgo Elbarrena auzoan. Elizarekin loturiko guraso elkarteak, Danena elkarteak eta udalak antolatu zituen festak aurreneko urteetan. Egoera horri buelta eman eta festak herrikoiago bihurtzeko pausoa eman zuten arte: «1976an kamiseta zuri bat atera genuen, Euskal Herriko mapa zeraman aurrealdean eta atzean lauburu bat Eusko Langile leloarekin. Gerora etorri ziren blusen aurrekaria izan zen hura».
Lehen urte hartan, Ordago blusak botatako hordagoari beste bost kuadrillek erantzun zioten. «Atzetik beste asko etorri dira. Elbarrenako festek gora beherak izan dituzte, baina gaur egun indartsu daude eta gazte asko dator atzetik. Hori guretzat poztekoa da».
Zizurkilgo festetan blusa bateko kide izateak zeregin dezente dakartza, besteak beste, festa batzordean parte hartzea. Gaur egun, batzorde horretan dabiltzan gazteek, aitzindari izandako Ordagoren lana eskertu nahi izan du eta horregatik, aurten, festen hasieran suziria botatzeko ohorea izan dute Pasuseko balkoitik. «Zaharrenak garela eta txantxan ibiltzen dira gurekin, baina gu sasoiko gaude eta kostako zaie gazteei geure erritmoa jarraitzea», esan dute umorez Ordagokoek.
Aitortu dute jaien antolakuntzan ez dutela hain modu aktiboan parte hartzen eta orain, euren kuadrilla animatzen jarduten dutela: «festek irauten duten bitartean, Urkamendi elkartean egiten ditugu bazkari eta afariak eta txandaka antolatzen gara. Etxean ez geratzeko aitzakia jarri eta kalera ateratzera behartzen diogu elkarri». Eta halaxe utzi ditugu, kalean, aurtengo mozorro eg unerako ideiak prestatzen.