Handitzen doa pixkanaka Zizurkilgo Erraldoi eta Buruhandien konpartsa. Aurreko urteko festatan aurkeztu zituzten Maurizio eta Bernarda erraldoiak eta urtebeteko epean beste bi pertsonaia berri batu zaizkio konpartsari: Pello Mari Otaño eta Teodosioko Joakina.
Arratsaldez, giro alaia izan da Zizurkilgo Ama Birjin jaien barruan, Trikiti Txapelketaz gainera, herritarren arteko herri kirol lehia, sagardo dastaketa eta erraldoi eta buruhandien kalejira izan baitira.
Gaueko 23:00etan izango da hurrengo hitzordua. Intxaur frontoian, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre, Andoni Egaña eta Amets Arzallus arituko dira bertsotan, Igotz Alkorta herritarraren esanetara. Laiotz taldearekin jarraituko du festak plazan goizaldera arte.
Bihar izango da Ama Birjin jaien azken eguna Zizurkilen. Egitarau oparoa prestatu dute:
ABUZTUAK 16, IGANDEA
12:30. Herri kirol erakustaldia:
• Harri-jasotzen: Telleria anaiak.
• Aizkoran:Jon Irazu - Iñaki Azurmendi eta Joseba Otaegi - Joxe Mari Olasagasti.
14:00. Erretirodunen eta herri kirolarien bazkaria, trikitilariek alaituta.
18:00. Idi-probak plazaberrin.
MOZORRO GAUA: Gai librea.
21:00. Oilasko afaria (tiketak erosteko epea: abuztuak 14).
Ondoren. Trakets taldearekin gau pasa.
Goizaldera. Mozorro onenei saria.
• Taldeko saria: 10 lagunentzako afaria.
• Bakarkako saria: 2 lagunentzako afaria.