Bigarren eskuko azoka, igandean

Ataria 2015eko abuztuaren 3a

Bigarren eskuko azoka antolatzen jarraitzea erabaki du Zizurkilgo Udalak, baina tokia eta eguna aldatuz. Aurrerantzean Joxe Arregi plazan izango da eta hileko bigarren igandean egingo dute. Hurrena hortaz, igandean izango da, abuztuak 9.

Iazko udazkenetik negu bukaerara bitarte egin dute Zizurkilen, bigarren eskuko azoka. Hileko hirugarren larunbatean egin dute orain arte, baina aurrerantzean hileko bigarren igandean egitea erabaki dute.

Postuak 09:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango dira Joxe Arregi plazan eta edonork hartu dezake parte. Baldintza bakarra izena aurrez ematea da 943 69 24 95 telefono zenbakira deituta edo Aurrera plazako udal bulegoetara joanda. Parte hartzaile bakoitzak azokan postua jartzeko beharrezkoak dituen gauzak eraman beharko ditu; mahaiak, aulkiak...

Hurrengo azoka igandean, abuztuaren 9an, izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!