Alatzne Etxaburua: "Behetik moztean egon zen agian gakoa"

Asier Imaz 2015ko uzt. 15a, 11:59

Euskal Herriko Sega Txapelketa igandean jokatu zen Aian. Alatzne Etxaburua zizurkildarra nagusitu zen bertan. 20 minutuko lanean 469 kilo moztu zituen. Irati Astondoak 380 kilo bildu zituen. Etxaburuaren Euskal Herriko hirugarren txapela zen igandekoa.

Zorionak! Lastima aurkari kopurua, ezta?
Lehenengo urtean hiru aritu ginen, iaz bi, eta aurten berriro ere bi. Polita izango litzateke gehiago aterako bagina, lehiagatik ez bada ere.

 
Karteletan 30 minutuko saioa izango zela jartzen zuen.
Bai, hor egon gaizki ulerturen bat izan da. Guk 20 minutuko lanerako eman genuen izena. Ondoren, bai karteletan, federazioko gutunean edo ostiralean bertan, 30 minutuko saioa izango zela agertu zen. Hiru aldiz deitu nuen galdezka, eta hiruretan 20 minutukoa zela esan zidaten. Kontuak kontu igandean 20 minutuko lana egin genuen. Aritzeagatik hamar minutu gehiago aritzen zara, baina prestakuntza guztia 20rako egin genuen, eta burua horretan neukan. Hamar minutu gehiago niretzat behintzat askotxo izango zen.


89 kiloren aldea atera zenion Astondoari. Bada zerbait.
Diferentzia da, baina sailetan pare parean ibili ginen. Lau metroko aldea bakarrik aterako nion. Ikusteko oso polita izan zen. Nik behetik moztu nuen, eta uste dut gakoa hor egon zela.


Denbora horretarako, bera biziagoa da.
Bai, ni baino askoz biziagoa da, eta sasoiko dago gainera. Ni makalagoa naiz, eta beti erritmo berean ibiltzen naiz; bai azkartasuneko probetan edo baita denbora luzeagokoetan ere.


Zer moduzko belarra zegoen?
Gustura aritzeko modukoa. Zoru aldetik ez zegoen arazorik, lehor punttu bat, baina biontzat berdina zen. Iaz, adibidez, nahasiagoa zegoen belarra, baina beti esaten dudana, biontzat berdin egoten da.  


Hirugarren txapela duzu Euskal Herrikoan. Zer suposatzen du?
Denboraldi hasieran jartzen duzun helburua betetzea. Txapelketa eta lehia asko ez dugu izaten, beraz, ateratzen zaren horietan irabazi nahi izaten duzu.  


Nazioartekoan segalari gehiago ateratzen dira. Zergatik ez hemen?
Denboragatik izan daiteke, baina lan hau egiteko gaitasuna badagoela uste dut. Egia da nik ondoan Igor Esnaola dudala entrenamendu guzti-guztietan. Gero Xanti eskuarearekin belarra biltzera joaten da. Egunean bertan 10 laguneko taldea behar duzu biltzaile bezala eta aritzeko. Nik lanagatik baino horregatik izango dela. Egia esan nire kasuan, zortea ez, hurrengoa daukat Igor Esnaolarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!