Ander Geresta eta Mikel Egibarren senideek deklaratu zuten atzo Madrilen

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 8a, 11:37
Etxerateko kideek pasa den astean egindako elkarretaratzea

Hamalau senide dira abokatuen kontrako auzian Madrilgo Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan behar dutenak. Atzo deklaratu zuten Ander Gerestaren amak, Lourdes Azurmendik, eta Mikel Egibarren emazteak, Mila Izetak.

Aurreko apirilean Guardia Zibilak Gipuzkoako 127 euskal presoren senide deitu zituen. Intxaurrondoko egoitzara deklaratzera joateko agintzen zien senideei, horretarako hitzordu zehatzak jarrita. Presoen senideek uko egin zioten deklaratzera joateari.

Orain, senide horietako 14ek Espainiako Audientzia Nazionaletik jaso dute zitazioa eta egunotan ari dira Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzen. Ander Gerestaren ama, Lourdes Azurmendi eta Mikel Egibarren emaztea, Mila Izeta atzo izan ziren Madrilen.

Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka operazio zabala egin zuen Guardia Zibilak urtarrilean eta hamasei pertsona atxilotu zituen, horietako bat, Jon Mintegiaga Minde ibartarra. Atzo presoen senideak auzi horrekin lotuta lekuko gisa deklaratzera deitu zituzten. Azurmendik adierazi duenez, "senideok abokatuekin sinatuta geneukan kontratuaren inguruko galderak egin zizkigun epaileak eta akusazio partikularrak, AVTk, bidaien kostuen inguruan galdegin zigun". Abokatuei «presoen gaineko kontrola» egitea, eta dirua zuritzea zein ogasunari iruzur egitea egozten die Velasco epaileak. Kontu horren inguruko informazioa eskuratzeko deitu dituzte senideak.

Adierazpenak presoen abokatuen aurka erabili nahi izatea «zentzugabea» dela salatu du Lourdes Azurmendik. Horrez gain, «kriminalizazio saialdi» hauekin bukatzeko eskatu du. Hain zuzen, atzo Donostian, Madrilen deklaratzen ari ziren senideei babesa erakusteko, Etxerat-ek elkarretaratze nazionala egin zuen, Senide izatea ez da delitua lelopean. 200 pertsona inguru batu dira probintzia auzitegiaren aurrean, haien artean, Sortu, EA, Alternatiba, EH Bildu, LAB, ELA, Steilas eta EHNEko kideak.

Hiru bat ordu eman zuten Geresta eta Egibarren senideek, atzo, Auzitegi Nazionalean baina 20 minutuko deklarazioa egin zuten epailearen aurrean. Gaur beste 7 senide daude deklaratzera deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!