Egiturazko aldaketaren bila dabil Aizan talde feminista

Jon Miranda Labaien 2015ko eka. 19a, 11:07

Astelehenetik ostiralera egingo dituzte lehen aldiz jardunaldi feministak Zizurkilen. Goizez bilduko dira Atxulondo kultur etxean.

Aizan talde feminista aritu da antolaketa lanetan eta ezer baino lehen kontzeptuak argitzeko baliatu nahi dituzte jardunaldiak: «Oinarri bat eskaini nahi dugu eta feminismoa, matxismoa, henbrismoa edo patriarkatua zer diren azaldu». Lau egunetan konfiantza gune bat sortuko dute iritziak eta esperientziak konpartitzeko. «Gu ikastera goaz, ondo pasatzera eta geure burua aberastera».

Duela urte eta erdi pasatxo sortu zen Aizan talde feminista. Aiztondoko 15 bat neskek hartzen dute parte taldean eta guztiak 20 urtetik beherakoak dira. «Gertatzen zitzaizkigun gauzekin kezkatuta hasi ginen esperientziak elkarbanatzen eta gehiago jakin nahian. Donostiako Medeak taldearekin jarri ginen harremanetan eta haien eskutik formazioa jaso genuen». Hari horri tiraka, herrian bertan taldea sortzea pentsatu zuten.

Eta Aizan izena jarri zioten. «Jakin genuen duela 30 urte inguru Zizurkilen bazela izen horrekin beste talde feminista bat. Haien segida izan nahi dugu, eta haiek egindako lana ahaztuta gera ez dadin aukeratu genuen izen hori». Egindako lana jaso eta eraldatu. «Gaur egun feminismoez hitz egiten da, pluralean, eta guk lantzen duguna transfeminismotik gertu dago. Ez gara berdinzaletasunarekin bakarrik konformatzen, sistema heteropatriarkala irauli nahi dugu eta horretarako politikotzat definitzen dugu gure borroka».

Ikuspegi kritiko hori ez da, maiz, ongi ikusia: «Gure adineko jendearekin ere izaten ditugu eztabaidak. Gaur egun feminismoaren alde ez egotea ez da politikoki zuzena. Baina gero erreparo eta aurreritzi asko sumatzen ditugu inguruan eta benetako eraldaketarako garaian ez zaizkigu hainbeste pertsona biltzen». Aizan taldekoen ustez, gaur egun ezkerreko erakunde askok barneratua dute feminismoaren diskurtsoa baina ez dute lehentasunezko gai bezala hartzen. «Guk borroka feminista eztabaidaren erdigunean jarri nahi dugu».

Hain zuzen, astelehenean egingo dute feminismo tailerra oinarrizko azalpen horiek emateko eta ostegunean, hilaren 25ean, feminismoaren historiari eta ekonomia feministari errepasoa emango diote. «Merkatua bizitzaren erdigunean jartzen digute. Sistema kapitalista eta patriarkala eskutik datoz, elkar elikatzen dute eta irauteko bata bestearen beharra dute».

Ekainaren 23an maitasun erromantikoaz ariko dira jardunaldi feministetan. «Lehenengo aldiz harremanetan hasten diren neska gazteentzat izan daiteke interesgarria. Txikitatik maitasun eredu jakin bat barneratu dugu eta horrekin batera, emakumeok bikote harremanean zein rol bete behar dugun esaten zaigu. Idealizazio hori, ipuin, kantu, pelikula eta bestelakoekin ematen da». Beste eredu bat badagoela erakutsiko dute astearteko saioan: «Harreman eredu horiek iraunarazteko erabiltzen dute heteroaraua eta horrekin hautsi beharra dago. Desikasi eta deseraiki behar dugu, gero, irudimenez beste mundu bat eraiki dezagun».

Harreman sare irekiagoa eta berdinzalego baten alde egiten dute Aizan taldekoek. Emakumeen arteko konfiantza, elkartasuna eta zaintza bultzatu nahi dute eta defentsa pertsonalaz harago, balio horiek jorratuko dituzte ekainaren 26ko autodefentsa feminista tailerrean. «Saio hori emakumeentzako bakarrik izango da. Gainerako guztietara gizonezkoak gonbidatuta daude. Hori bai, jarrera paternalista bat sumatzen badugu, alde egiteko esango diogu mutilari. Jardunaldietan guk ez ditugu onartuko guk kritikatzen ditugun jarrerak».

Emakumeek maiz jasan behar izaten dituzte jarrera sexistak: «Mikro matxismoa deitzen diogu horri; kalean goazela jasan behar ditugun piropoak, festa giroan gerturatzen zaizkigun babosoak, gidatzen goazela esaten zaizkigunak adibide batzuk baino ez dira». Gizonkeri horiei guztiei aurre egiten saiatzen dira Aizan taldeko emakumeak. Asanbladatan hitza hartzen, kalea okupatzen, emakumea ikustarazten...

Norabide horretan beste urrats bat da jardunaldi hauek antolatzea. «Aitzakia horrekin asteak daramatzagu biltzen eta ardurak hartzen. Horregatik besterik ez bada, merezi du». Erabat autogestionatua izango dira jardunaldiak eta Aizan taldekoak ariko dira antolaketan. Hori bai, asteartean Oñatiko bertsolari feminista batek bertso hamaiketako musikatua eskainiko du eta ostegunean Villabonako gordoaktibista batek edertasunaren kanonaz hitz egingo du.

Irati, Irene, Ane, Libe, June, Nadia, Oihana eta Irenek gonbita luzatu dute jardunaldi feministetan parte hartzeko. «Martxoaren 8az edo azaroaren 25az harago eraldaketa eguneroko kontua da eta hori praktikara eramateko aukera izango dugu lau egunetan».

Jardunaldiak

Atxulondo kultur etxean izango dira saioak, 11:00etatik 13:00etara. Egunero hamaiketakoa egingo dute

HILAK 22, ASTELEHENA
Feminismo tailerra. Oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte.

HILAK 23, ASTEARTEA
Maitasun erromantikoa. Eredu hori barneratzeko ipuin, film eta kantuen adibideak jarriko dituzte.

HILAK 25, OSTEGUNA
Feminismoaren historia eta ekonomia. Gordo-aktibista baten parte hartzea izango da.

HILAK 26, OSTIRALA
Autodefentsa feminista. Defentsa pertsonalaz gain, emakumeen arteko elkartasunaz ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!