"Niretzat lan egiten nuen, eta orain gehien irakurria bihurtu naiz"

Ataria 2015ko eka. 5a, 10:16

Osasun langilea da Macarena Sanchez (Zizurkil, 1977) baina betidanik izan du idazteko afizioa. 2013an bere literatur lanetako bat argitaratu zuen Amazon-en, AEBetako zerrendan liburu salduenetakoen artean sartu zen.

Noiz eta nola hasi zinen idazten?
Beti izan dut idazteko afizioa. Txikitan, ikasi beharrean eskolako koadernoen atzealdean ipuinak idazten nituen. Gerora idazten jarraitu izan dut, baina niretzat. Argitaratzeko saltoa eman arte inork ez zituen nire liburuak irakurri, eta oso pozik bizi nintzen nire gisara lan eginez.

Noiz hasi zinen zure lanak argitaratzen?
2013an, lagun batzuen bitartez ezagutu nuen Amazon plataforma. Bestela liburuak argitaratzea oso zaila denez, sareak aukera ematen dizu zure editore propioa izateko. Liburua idatzi, azala pentsatu eta sarean jarri, hori da prozesua. Prezioa jartzen diozu liburuari, eta gero salgai jartzen duzu sarean. Nik zortea eduki nuen, idatzita neukan lan bat jarri nuelako plataforman, eta, ni konturatzerako, AEBetako zerrendan nire liburua gehien salduen artean zegoela jakinarazi zidaten.

Espero al zenuen horrelako arrakasta?
Egia esan, ez. Niretzat lan egiten nuen lehen, eta bat-batean gehien irakurria bihurtu naiz. Amazonen publikatzen duzunean badakizu uneoro zenbat lagunek erosi duten zure nobela. Nire lehen liburua 10.000 lagunek erosi zuten. Nik ez dut nire lanen promoziorik egin inoiz, eta ez naiz salmenten joko horretan sartu. Ziurrenik, hori da beste idazleekiko nire diferentzia.

Argitaletxeek ere zure lanak kaleratzeko aukera eman dizute.
Bai, behin sarean nire liburuek zuten arrakasta ikusita, niregana jo zuten. Sarritan, literatur munduan berria zarelako mesede egiten ariko balitzaizkizu bezala tratatzen zaituzte. Eta alderantziz da: gugana jo badute Amazonen arrakasta handia izan dugulako jo dute. Hala ere, nik kontratu editorial bat edukitzea hobetsi dut; horrek, aurrera begira, profesional gisara onartua izateko aukera ematen dizulako. Beste prestigio bat ematen dizu paperean argitaratzeak.

Zergatik uste duzu zure lanek hainbesteko arrakasta izan dutela?
Nik uste dut bere garaian zortea izan nuela eta momentuarekin asmatu nuela. Hasierako nire lanak izan zuen harreraren segida izan da gerora etorri den guztia. Hala ere, jabetuta nago geroz eta gutxiago irakurtzen duela jendeak. Nik zortea dut, hasieratik nire jarraitzaileak izan ditudalako eta horiek fidel jarraitzen nautelako. Aurreko lanak gustatu zaizkielako erosten dituzte berriak. Beraien artean hitz egiten eta elkarri gomendatzen dizkiote nire nobelak.

Izan duzu harremana zure irakurleekin?
Bai, ezagutu ditut batzuk, eta sare sozialen bitartez harremana izan dut haiekin. Ni ere espeziala naiz, baina aitortzen dut oso jende berezia dela. Nik uste nuen baino jende gehiago mugitzen da nobela erromantikoaren inguruan. Kongresuetan egon izan naiz, eta ez da sinestekoa nolako ikusmina sortzen dugun idazleok. Niri ez zait mundu hori askorik gustatzen, eta ahal dela ez dut horrelako ekitaldietan parte hartzen. Literaturaren mundua ez da erakusten duten bezain polita; inbidia eta lehia handia dago idazleen artean, behintzat genero honetan ibiltzen garenon artean.

Eta zergatik nobela erromantikoa?
Bada, ez dakit esaten. Egia da nire nobeletan gai nagusia erromantikoa dela, baina atzean beste gairen bat egoten da. Osasun arloan aritzen naiz, eta azken liburuan, adibidez, gai hori ere agertzen da. Krisi ekonomikoak osasun zerbitzuan zein eragin duen kontatzen dut. Gustatzen zait kritika sozialari lekua egitea.

Irakurle kopuruari begiratuta, arrakasta duen generoa da nobela erromantikoa?
Bai, azkenaldian bogan dagoela esango nuke. Gehien saltzen diren liburuek gai hori izaten dute. Azkenaldian, bereziki, narrazio erotikoek arrakasta handia dute, baina niri ez zait arlo hori askorik gustatzen. Sexuak garrantzi handiegia hartzen duela uste dut.

Zein da Arwen Grey?
Izen horrekin sinatzen ditut nire lanak. Argitaratzen hasteko erabakia hartu nuenean, izen bat aukeratu behar izan nuen. Aspaldiko lan batean idazleak akabatzen zituen hiltzaile baten pertsonaia asmatu nuen. Hiltzaile horrek Arwen Grey izeneko nobela erromantikoen idazle bat hiltzen zuen, eta horregatik aukeratu nuen ezizen hori.

Nolakoa da zure idazteko prozesua?
Aurretik lan handia egiten dut, eta idazten hasterako dena buruan edukitzen dut. Eskemak eta notak eskuz idazten ditut, eta gero idazketa azkarra izaten da ordenagailu aurrekoa. Egunean pare bat ordu pasatzen ditut idazten. Kontzentrazioa, gehienbat, bi ordu horietan mantentzen dut. Ez dut inoiz idazle izateko formaziorik jaso. Irakurri izan ditut idazteko teknikei buruzko liburuak, baina intuizioari jarraitu izan diot gehienbat. Besteei irakurrita eta irakurleek esan didatenari kasu eginda garatzen joan da nire literatur ibilbidea.

Literaturatik bizitzerik ba al dago?
Ezinezkoa da. Nire liburuak Amazonen gehien saldutako ehunen artean egon izan dira, eta ondoen joan zaidan hilabetean, 300 euro irabazi ditut. Zaila da bizibidea hortik ateratzea. Konpetentzia ere handia da, eta salmentak asko jaitsi dira. Amazonekin batera Itunes ere hasi da liburuak argitaratzen, eta hor beherakada handia izan da. Niretzat denbora-pasa da, eta nahi dudana idatzi ahal dudan bitartean jarraituko dut.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!