Boluntarioak behar dira janari sortak egiteko

Ataria 2015eko ekainaren 1a

Hiru hilez behin egiten du Zizurkilgo Udalak, Aiztondo gizarte zerbitzuen bidez, oinarrizko beharrak dituzten zizurkildarrentzako elikagai banaketa.

Guztira Zizurkilgo 70 familia inguruk eskuratzen dute janari sorta. Horretarako, ezinbestekoa da boluntarioek  sortak prestatzen egiten duten lana, eta hurrengo banaketa egiteko ere Zizurkilgo Udalak herritarren laguntza eskatu du.

Zizurkilen elikagai bankua martxan jarri zenetik egiten den laugarren banaketa izango da hau. Ostiral arratsaldez Karidadeko Bentan jarri dute hitzordua. Arratsaldeko 15:00etatik 19:30era, hiru txandatan banatuko da eginbeharrekoa. Txanda hauek antolatzeko, ekainaren 3an, asteazkenez, arratsaldeko 18:00etan bilera labur bat egingo da Atxulondo kultur etxean. Parte hartu nahi duenak bertara azaldu beharko du, edo bestela, 943 69 39 30 telefono zenbakira ere deitu dezake.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!